Arsene Wenger: «Athleticen filosofiak euskaldunak amets handietatik urruntzen ditu»

  • Alsaziako herrixka batean bazen La Croix d'or izeneko ostatua. Ostatua, jatetxeaz gain, herriko futbol taldearen egoitza ere bazen. Igandeko hamaikakoa ostegunerako afitxatzen zen ostatuko horman, eta etxeko mutiko txikia, txupetea ahoan, hamaikako hura osatzeko herritarren artean izaten ziren eztabaida sutsuak entzuten egoten zen. Ai herritar inozenteak, azkar asko isilduko ziratekeen, eta bat etorri, jakin izan balute, mutiko txiki hura Arsene Wenger zela.

2005eko urriaren 09an
Ostatuko semea zara zu, kasta berezikoa. Zer ikusi eta ikasten du haur batek ostatuan, heldu artean?

Jatetxea haurrarentzat egon litekeen formatzaile psikologikorik onena da. Jendeak bata besteagatik hizketan pasatzen du eguna, eta zu, haurra, saiatzen zara ulertzen zergatik esaten duen hark beste hura ergel hutsa dela, edo gezurtia dela. Herrixka batean familia guztiek ezagutzen dute elkar, denek dituzte aurreiritziak besteekiko, eta horren arabera aritzen dira hizketan. Haurrak horiek denak entzuten ditu, eta horregatik diot herrixka bateko ostatua baino unibertsitate hoberik ez dagoela.

Gaztea zinela, igarle batek, zure zeinu astrologikoak irakurri eta "honek ez du inoiz dirurik irabaziko" esan omen zuen. Igarle oso ona ez zen izango...

Ez zen beharbada igarle txarra, ikusi zuelako ez nintzela diruaz bereziki interesatua, oroz gainetik nire baitan bizi zen pasio horrek erakartzen ninduela, eta gertatu da, nire pasio horrek diru asko mugitzen duela, eta beraz etekina atera diodala. Dirua irabaztearena bizitzan gertatu zaidan istripu bat izan da, zorioneko istripua hala ere, ez diot inoiz sosari txisturik bota.

Hanketan distira berezia duten futbolari gaztetxoen artean ere, ez dio inork sosari txisturik botatzen, ikasketei bai askok...

Ni aspalditik saiatzen naiz gazteak animatzen ikasketak segi ditzaten. Futboleko formazio zentroetan dauden ikasketa emaitzak nahiko beldurgarriak dira, %98ko eskola porrota dago, kopuru suizidarioa. Alta, futbolean goi mailako karrera egiteko inteligentea izan behar da. Eta ikasketak segitzeak ez zaitu agian inteligenteagoa bihurtzen, baina espiritua zabaltzen dizu.
Eskolara joan gabeko gazte batzuk eskutan eduki izan ditut, eta maiz galdetu diot nire buruari: "Mutiko hori zergatik ez da iristen kontzentratzera?" Erantzun bakarra aurkitu dut: mutiko horrek eskolak oso gazterik eskaintzen duen kontzentrazioaren formaziorako etapa huts egina zuen.

Eskolan haurrei garrantzitsuena parte hartzea dela erakusten zaie. Ados al zaude?

Ez dut uste heziketa ona denik, haurrek ere irabazi egin nahi izaten baitute. Nik esango nuke haurrarentzat garrantzitsuena ausartzea dela, ez parte hartze hutsa. Bizitzako satisfazio guztiak zerbait lortu nahian gure ahalen bururaino joan garenaren sentsaziotik datoz. Gure azken mugaraino iritsi bagara beti onartuko dugu emaitza. Beraz garrantzitsuena parte hartzea dela esanez ez dut uste haurrak ongi hezten ari garenik. Zorionik eta plazerik handienak, soil-soilik, aplikazio psikologiko erabatekotik datoz.

Beren lanean asko aplikatuagatik ohikoa da entrenatzaileak taldeetatik botatzea. Ez dira aski errespetatzen?

Niretzat entrenatzaile batek hiru mailatan eragiten du. Lehenik gizakiarengan, hots jokalariarengan, bere karrera pertsonalean. Bigarrenik emaitzen lorpenean, eta hirugarrenik klubari ematen dion inpaktuan, zein balore ematen dizkion. Klub batek balore positiboak zabaltzen dituenean gazteengan erakarpen indar bat sortzen baitu. Benetako entrenatzaileak hiru esparru horietan eragin behar du. Gaur egun, askotan, taldearen berehalako emaitzen lorpenean duen eragina baino ez du hartzen kontuan.

Talde berri batera iristen zarenean, aldagela berri batera, sartu, eta zer esaten diezu jokalariei?


Oso diskurtso positiboa edukitzen saiatzen naiz, pentsatzen dudalako bizitzan zabalduen dagoen gaitza norberegan konfiantza falta izatea dela. Horregatik saiatzen naiz jokalariak konbentzitzen beraiek uste dutena baino hobeak direla. Bestalde nire filosofia talde jokoan oinarritzen da. Eta entrenamendu oro ahalegintzen naiz taldeko kirolak lor dezakeen edertasun magiko hori transmititzen. Batzuetan kirol profesionala taldeko kirolaren esentziaren aurka joaten da, indibidualismoa laguntzen du, eta nik mutilei deskubriarazi nahi izaten diet talde adierazpenak lor dezakeen edertasuna, eta haiei horrek sor diezaiekeen estasia.

Aspaldion arrakastaren uztarritik zabiltza, baina zuk ere biziko zenituen krisi momentuak...

Asko. Krisi garaian introspekzio lan handia egin behar da, distantzia pixka bat hartu, eta egoerari ongien doazkion erabakiak hartzen saiatu. Batzutan ez da aterabiderik egoten, baina pentsatzen dut entrenatzaile baten kalitatea krisi garaiak minimizatzea ere badela.

Emozio garaiak ere berdin?

Bai, jakina. Emozionala hitzez komunikatzen ez den zerbait da, eta hitzezkoa ez den diskurtsoa jokalari guztiek ulertzen dute. Egunero ikusten zaituzte, badakite zein egoeratan zauden, beraz oso garrantzitsua da goizero taldearengana joan baino lehen norbere baitan pentsatzea non gauden, olatu gainean ala zuloan.

Arsenalen talde teknikoa dozena bat lagunek osatzen duzue. Zelaian baino gehiago zarete zelai inguruan!

Bai, eta ez gara hainbeste. Talde teknikoaren baitan giro ona sortzea garrantzitsua da. Klub askotan daude arazoak talde teknikoaren barruko giro hori ez delako perfektua. Nik zortea dut, nire ingururako nahi ditudan gizonak hautatzeko askatasuna dudalako, eta uste dut denek badugula aski konfiantza gure iritzi ezberdinak arazorik gabe mahai gaineratzeko.

Jokalari onak fitxatzea bezain garrantzitsua al da talde teknikorako fitxaketa onak egitea?


Hori da garrantzitsuena. Jokalari onak hautatzen baldin badituzu baina talde tekniko txarra hormaren kontra zoaz zuzenean. Taldea eraikitzea etxea eraikitzea bezalakoa da, oinarriak sendoa izan behar du, eta talde teknikoa da oinarri hori.

Zientziaren aurrerapenei, elikadurari, psikologiari... adi al zaude?

Bai, gertutik segitzen ditut. Lehen askoz ere gertuagotik segitzen nituen, ez nuenean zuzenean parte hartzen fitxaketetan, kontratuen negoziaketetan eta horretan guztian. Baina saiatzen naiz orain ere informatua egoten. Dena den pentsatzen dut kirolak oraindik ere aurrerapen handiak egin behar dituela dopinaren aurka borrokatzeko. Nahiz eta jendeak besterik pentsatzen duen gure kirola dopin kasu askok zikindu dute. Eta dopina izugarri injustua da, pertsona baten sakrifizioak eta ametsak dopatutako norbaitek pitzatzea oso mingarria baita. Beraz gure lanbidean gogor borrokatu behar dugu dopinaren aurka. Horrek ez du kentzen, jakina, zientzia ahal bezain bat arakatu behar dela, espektakuluaren kalitatea era naturalean aberats dezakeen neurrian.

Beste kirol batzuk dopinak usteldu ditu. Futbolak ez du horren arriskurik?

Arrisku txikiagoa du, abildade kirola baita, eta oraindik behintzat ezin da xiringa baten bidez talentua gorputzera sartu. Hori asmatuko den egunean, akabo kirola.

Zergatik ez da, errugbian bezala, futbolean epailearen lana errazteko bideoa erabiltzen?

Ez garelako progresistak. Futboleko erakundeek ardura behar lukete justiziaren bidean aurrera egiteko, eta ez da onargarria mundu osoko begiek ikusten dituzten jokaldi injustuak ez zigortzea. Pentsatzen dut bideoa lehenbailehen sartu behar dela futbolera. Niretzat Maradonak eskuz gola sartu zuenean eta esan zuenean jainkoaren eskua zela, ez zen egia. Hura ez zen jainkoaren eskua, hura deabruaren eskua zen, injustiziaren eskua zelako.

Galdera erdi filosofikoa egingo dizut. Futbol modernoa 1863an Ingalaterran sortu zenetik urte asko joan dira. Gaurko munduan zein funtzio du futbolak?


Askotan pentsatzen dut horretan. Jendeak badu beharra eguneroko errutina den kaiolatik tarteka ateratzeko, eta kirol profesionalaren arduretako bat da jendea dibertitzea, eguneroko kezketatik ateratzea. Gure helburua betetzen da, partidan zehar, ikuslea normalean bizi ez den zorion mundura eramaten dugunean; edertasunaren mundura, artearen mundura, emozioaren mundura. Futbola horretarako da.

Arazoa da ihesbidea egunerokotasun bihurtu dela, eta orain, jendea futbolaren lainotik mundu errealera itzuli ezinik dabilela...

Bai, egia da. Futbola fanatismo bihurtzea, edo ez izatea eguneroko bizitzarekiko kontraste bat, ez da ona. Bizitzako arazo gehiegiz paso egin liteke, eta badira beste alor garrantzitsu batzuk ere bizitzan. Baina nire kasua ezberdina da, futbola nire lanbidea baita. Nire lana jendeak egin duen inbertsio baten truke ahal bezain espektakulurik ederrena eskaintzea da, hala egingo ditut zoriontsu, beraz nire kezka futbola izan behar da. Baina zelaira datorren jendearen lana ez da futbola.

Goizero esnatzen al zara futbolarekin pentsatuz?

Bai. Futbolarekin pentsatuz lo hartzen dut, eta amets ere futbolarekin egiten dut.

Telebista, publizitatea, dirua eta dirua... nora doa futbola?


Futbolak hainbeste jarraitzaile dituen bitarte bere inguruko diruak gora egingo du. Gaur egun Frantzian Canal+-ek 600 milioi euro ordaintzen ditu urtero futbolaren truke, orain dela hiru urte baino hiru aldiz gehiago. Diruaren eragina gero eta handiagoa izango da, eta pentsatzen dut futbolaren amerikanizaziora iritsiko garela.

Europako talderik onenek osatutako liga begi onez ikusiko zenuke?

Bai, uste dut espektakulua hobetzearen norabidean doala.

Hamar urteren buruan ikusiko al da?

Bai, zergatik ez. Lehenago ere bai agian.

Talde txikiek zein etorkizun dute?

Talde txikiek ezingo diete handiei aurre egin. Baina jarraitzaile gehien dituzten taldeak aberatsenak izango diren bitarte horixe da justizia. 100.000 lagun dituen klub batek normala da 20.000 dituenak baino diru gehiago edukitzea, jende gehiago erakartzen duelako. Beraz ezin da esan: "20.000 ikusle dituen taldea 100.000 dituena bezain handi bihurtuko dugu". Ez da posible. Aldiz, handitasun hori askoz ere irrazionalagoa bihurtzen da dopin finantzarioa artifiziala denean, alegia, dirua ez datorrenean klubaren potentzial errealetik.

Chelsea duzu buruan, Abramovitch diruduna, futboletik ez datorren dirua...

Beste alorretatik sartzen den dirua da, futbolaren errekurtso naturaletatik ez datorrena. Iruditzen zait horrek arazoak eragiten dizkiola kirol lehiari. Baina nola baden jendea hainbesteko dirutza pilatzen duena finantzen munduan, munduaren internazionalizazioan, eta pentsatzen duena futboleko klub bat eraikitzea polita litekeela, horrelakoak gertatzen dira.

Zu Arsenaleko manager orokorra zara. Zure lana ez da entrenatzaile izate hutsa, enpresaz ere arduratu behar zara...

Bai, arduratu eta orekatu. Niretzat managerrik onena, dituen baliabideekin, duen baino diru gehiago xahutu gabe, emaitzarik onenak ateratzen dituena da. Zoritxarrez gaur egun ez da angelu horretatik begiratuta ebaluatzen. Sailkapenari bakarrik begiratzen zaio, onena lehena bukatu duena da.

Talderik handienak multinazional bihurtu zarete. Enpresek ekoizpen guneak bezala, zuek harrobiak deslokalizatzen ari zarete, lan hanka merkeagoa eta hobea dagoelako han. Ez al dizu kontzientzia arazorik sortzen?

Ni ez naiz harrobiaren deslokalizazioaren oso aldekoa, baina egia da gaur egun talentuaren ehiza zabaldu dela mundu osora. Futbol ikuspegitik begiratuta uste dut ona dela, baina sanoa al da? Ona al da hamabost urterekin guatemalar bat Londresera etortzea entrenatzera? Ez dakit, baina norabide horretan goaz. Eta UEFAk bozkatu duen lege berriak ere jokalari gazteengan egiten den presio ekonomikoa laguntzen du.

Zuk deitzen diezu pertsonalki fitxatu nahi dituzunei?

Bai, azken momentuan bai. Gurasoekin ere elkartzen naiz, pentsatzen baitut ardura bat hartzen dudala haiekiko.

Bilboko Athleticen filosofia ezagutuko duzu; ez du harrobia deslokalizatzeko ideiarik, euskaldunekin baino ez baitu jokatzen. Zer da, anakronikoa edo progresista?

Nire garaian Estrasburgon ere alsaziarrekin bakarrik jokatzen genuen. Aldi berean filosofia sinpatikoa eta mugatua dela uste dut. Mugatua, euskaldunak amets handietatik urruntzen dituelako. Euskal futbolak jokalari on asko eman ditu, eta pentsa liteke Athleticen sei-zazpi euskaldun distiratsu izango direla. Horiei atzerritik etorritako gatz eskukada bat erantsiko baliete talde handi bat osatuko lukete. Beraz, zergatik mugatu helburu idealista soiletara?

Zuk suediarrak, bolikostarrak, frantziarrak, kamerundarrak, kataluniarrak... jatorri guztietako jokalariak dituzu, multikultura. Nola kudeatzen da hori?

Bakoitzaren jatorri kulturalak ezberdinak izanik ere, klubaren barruan nortasun kultural bateratua sortzea da gakoa. Jokalaria, bere jatorriari uko egin gabe, horrekin identifikatuko da. Egia esan izugarri lan aberasgarria da niretzat, oso pertsona ezberdinak ditudalako parez pare. Batzuk askoz gehiago bizi dute oraina, beste batzuk etorkizuna, batzuk besteek baino hobeto erreakzionatzen dute porrot baten aurrean, kulturaren arabera erreflexuak ere ezberdinak dira...

Hain dira pertsonak ezberdinak?


Bai, alde izugarria dago Errusian hezia izan den mutiko baten eta Hegoafrikan hezia izan den baten artean. Eta bereziki kuriosoa da lekuko klimak kultura bakoitzarengan zenbaterainoko eragina duen. Europa Iparraldeko pertsona bat, Ljunberg suediarra adibidez, askoz gehiago bizi da etorkizunaren antizipazioan Afrikatik datorren bat baino. Europa iparraldean ez baduzu udan aurreikusten negua nola pasa, agian ez duzu pasa ere egingo. Horrek etorkizunarekiko antizipazio mentalitatea garatu du, bizirauteko gero datorrena aurreikusi behar da beti. Afrikarra, aldiz, askoz gehiago bizi da orainean, askoz zoriontsuagoa da orain eta hemen, irria errazago zabaltzen zaio, harremanetarako beroagoa da, gutxiago kezkatzen du biharkoak, eta horrek askoz ere kreatiboagoa bihurtzen du. Beraz badira jokorako abantaila kultural batzuk norbere jatorriari lotuak.

Praktika erlijiosoak ere badira taldearen baitan?

Bai, badira ostiraletan moskeara joaten diren pertsonak, badira budistak, badira katolikoak, badira juduak, erlijio guztiak elkartzen dira. Eta tolerantzia maximo batekin jokatzen dugu, gure klubaren politika beti izan da kultura eta erlijio guztiak errespetatzea.

Erlijioak ez al dizkizu elikadura bateratu baterako arazoak sortzen?

Elikadurarako gu ere moldatzen gara. Norbaitek erlijio agindu batzuk baldin baditu besteok jaten duguna jatea debekatzen diona, moldatzen gara. Ramadanarekin, berriz, saiatzen naiz jokalariak konbentzitzen ohar daitezen ramadana zorrotz betetzea beraien errendimendurako kaltegarria dela. Eta pentsatzen dut beraien erlijioak uzten diela jaten lanbideak hala eskatzen duenean.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Arsenalen aldagelan?

Hamar bai. Nik bospasei ulertzen ditut, beraz alde horretatik badut abantaila txiki bat.

Futbolean arrazismo asko al dago oraindik?

Ez. Alderantziz, kirola aktibitate bakanetakoa da non pertsona bere errendimenduaren arabera baloratzen den. Izan beltza, zuria, edo horia, ona bazara taldean jokatuko duzu, begiratu bestela jokatzen duten beltzen kopuruari. Beraz, ezin da esan futbolean barne arrazismorik dagoenik. Kanpoko arrazismoa bai, badago, gizarteak bizi duen arrazismoaren isla dena.

Badira barne arazoak ere tarteka. Luis Aragonés Espainiako hautatzaileak Thierry Henry frantsesa oso gordin hartu zuen ahotan beltza zelako.

Distantzia pixka batekin berriz ere irakurri ditut bere adierazpenak eta pertsonalki tamalgarriak iruditzen zaizkit. Nik uste zigorra merezi zuela. Jokalari batzuekin hitz egin dut, eta askok esan didate Luis Aragonés ez dela arrazista, baina ez baldin bada arrazista barkamena eska zezakeen gutxienez, esandakoa oso baitzen larria.

Luis Aragonés aipatu dugunez gatozen selekzioen gaira. Zer irudituko litzaizuke Kataluniak, edo Euskal Herriak lehiaketa ofizialetan jokatzea?

Ez dut deus horren aurka. Azken batean ez dago arrazoirik Kataluniak ez dezan lehiaketetan jokatu, eta Esloveniak bai, edo Bosniak bai, edo Liechtensteinek bai. Futbol arazoak baino gehiago dira batasun nazionalarekiko sortzen dituen problemak. Beraz, politikoek konpondu beharko lukete hori guztia, futbol aldetik begiratuta ez dut inolako arazorik ikusten.

Hain zuzen ere, futbola izan ez balitz politikarako bokazioa omen zenuen zuk. "Politiko izan nahi dut", ez da gazte askori entzuten zaien kontua...

Politikari paso egitea modan dago mundu honetan. Bada, niri interesatzen zait. Bizitzaren hobekuntzan eragin zuzena duen alorra da, beraz zergatik ez interesatu? Hor jokatzen dira partidarik garrantzitsuenak.

Adibidez zuk hizkuntza gutxituen aldeko Eurokarta izenpetu zenuen. Hizkuntza gutxituek ofizialak izan beharko lukete Frantzian?


Bai, ofizialak izan beharko lukete. Eskualde bateko kultura sustatzeko biderik errazena hori da.

Baina delako mundu globalizatu honetan hizkuntza txikiak galbidera doaz...

Mundu modernoa konplexua da. Aldi berean aurrerantz bultzatzen gaitu, eta aldi berean norbere kulturari eutsi nahi diogu. Tarteka, gizartea atzera begira jartzen da, jendea bere kultura galtzera daraman mundu baterantz prezipitatua sentitzen delako. Nik uste dut bi sokei euts geniezaiekeela. Gaur egun Alsazian heziak izan gaitezke, bertako musika maitatu, eta baita Txinara joateko eta txinatarrekin hitz egiteko irrika sentitu ere. Gainera biak egiteko zortea dugu. Beraz, mundu guztiko diskoteketan kantu berdina entzutearen aurka ez nago, baina musika amerikarrak gainez egiterik ez dut nahi, taberna euskaldun batera joan eta musika euskalduna entzun nahi dut.

Eta futbolarentzat globalizazioa ona al da?


Beti sentitu izan dut ona bezala. Begira, Liberian gazte bat egon liteke Formula 1eko pilotu izatea amesten duena. Bada ez dauka inongo aukerarik, ezin du. Eta zein eskubideren izenean debekatzen diogu gazte liberiarrari Formula 1eko pilotu izatea? Adibide hori futbolera ekarriz, zergatik ezingo luke izugarrizko abildadea duen mutiko afrikar batek futboleko klubik handienetan jokatu? Futbolak jarrerarik onena eta talenturik gehien dutenak ordaindu behar ditu.

Bai, baina Samuel Etoo kamerundarra Bartzelonara joateak, denborarekin, Kamerunen futbolak indarra har dezan eragozten du, eta agian Kameruneko ligak indarra balu...

Hor dago bere herriko selekzioa. Eta selekzioen futbola ere ez pentsa oso justua denik, klub handien futbola baino askoz ere injustuagoa da selekzioena. Gaur egun zein aukera du Esloveniak munduko txapeldun izateko? Batere ez. Nola izango du bada aukerarik bi milioi biztanle baldin baditu eta Brasilek 200 milioi? Alta, biek lehiaketa berdinean jokatzen dute.

Brasil, Argentina, Boli Kosta, Nigeria... miserian bizi diren haur askoren jostailu bakarra baloia da. Zertan lagunduko die futbolak?
 
Futbola emanzipazio sozialerako faktore handi bat da. Behar bada gaur egun existitzen den faktorerik errazena. Zailena ere bai, arrakasta lortzen dutenen portzentajeari begiratzen badiogu, baina errazena da edonork lor dezakeelako. Zergatik demokratizatu da futbola? Trapu zahar bat hartu eta edozein kale kantoitan jolastu zintezkeelako zure lagunekin.
Max Hild eta Guillou
"Max Hildek eman zidan nire aukera. Berak atera ninduen nire herrixkatik, berak jokarazi zidan garai hartan CFAn, milaka kilometro egin nituen berekin. Eta bidean jende asko ezagutu dut nire filosofia konpartitzen duena, horietako bat da Jean Marc Guillou, asko markatu nauena. Bizitza osoan zehar lagun izan gara, eta oraindik ere hala gara".
Thailandiako akademia baten aita bitxia
"Niretzat garrantzitsua da munduko edozein gizakiri bere ametsak gauzatzeko baliabideak ematea. Marraztea amesten badu marrazkirako baliabideak beharko ditu, futbola bada, futbolerakoak. Thailandian haurrek futbolean jokatzeko gogoa baldin badute zoragarria iruditzen zait guk aukera hori eskaintzea".
Bertsoa
Doinua: Goiz eder batek ninduen

Arreta ba omen duzu
politikako gaietan,
partidu garrantzitsuak
jokatzen baitira bertan.
Baina jokatu daitekeela
uste al duzu benetan,
ez denborarik ez epailerik
ez dagoen zelaietan?

Aitor Mendiluze
Londreseko atentatuak
"Ezin ulertuak jo du jendea, errugabeak hil direlako. Askotan galdetu izan diot nire buruari zein puntutaraino dugun eskubidea gure iritziak besteen gainetik jartzeko, eta iritziagatik beste bat hiltzeko. Ez dut oraindik justifikaziorik aurkitu eta ez dut uste badenik".
Sara eta Euskal Herria
Euskal Herria ezagutzen du Arsene Wengerrek. Sarako Paterne familia oso laguna du, eta askotan izana da Saran. Euskal Herriko futbola ere begiko du, eta bereziki begiz joa du bat, Xabi Alonso, "zoritxarrez askotan jokatzen du gure aurka".
Nortasun agiria
Arsene Wenger 1949ko urriaren 22an jaio zen Estrasburgon, Frantzian. Estrabusgorko unibertsitatean ekonomia ikasi zuen arren, futbolari profesionala izan zen AS Mutzigen, Mulhousen eta Estrasburgon. Jean Marc Guillouren ondoan hasi zen entrenatzaile lanak egiten Cannesen 1983an, eta handik Nancyra pasa zen. 1987an Monakoko taldea hartu zuen eta lehen urtean Frantziako Liga irabazi zuen. Kopaz ere jabetu zen 1991n. 1994tik 1997ra Grampus Eight talde japoniarra zuzendu zuen, eta 1996an Enperadorearen kopa eta Japoniako superkopa irabazi zituen. Handik Londresera aldatu zen gero, eta ordutik Arsenaleko manager orokorra da. Arsenalekin hiru liga (1998, 2002, 2004) eta lau FA Cup Winners kopa irabazi ditu (1998, 2002, 2003, 2005). Urteko entrenatzaile onena izendatu dute bost aldiz, eta gaur egun munduko entrenatzailerik onenetakoa da, onena ez bada. Frantziak ohorezko lejioa emana dio. Ezkondua da eta Londresen bizi da.
Ustelkeria futbolean
"Ustelkeria kasu bat bakarra egotea ere ez al da drama bat? Ez dut pentsatzen asko daudenik, baina bai asko egon izan direla. Ingalaterran ez, baina nire garaian Frantzian ezagutu nuen arazo hori. Eta korrupzioz jositako kirol batek ez du sinesgarritasunik eta oinarririk lasai jokatu ahal izateko. Erruki gabe zigortu behar da holako jendea".

Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


Belaunez belaun, egunez egun

Lizar Begoñak eleberri honen aurretik bi poema liburu argitaratu ditu: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) eta Geopardo japoniarrak (Susa, 2022). Hirugarren liburuan ere badira zenbait irudi poetiko trama harilkatzen laguntzen dutenak: hodeiak eta basamortua, metafora gakoak... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Eguneraketa berriak daude