Ihesi: Aralar, azken elurren arrastoan


2005eko apirilaren 24an

Aralar mendiz inguraturiko lurralde zabal eta garaia da. Nafarroa eta Gipuzkoa artean banatua dago eta Gipuzkoako zatia Natur Parke izendatu zuten 1994an. Natur Parkeak 10.956 hektareako azalera du. Goi- mendiko larre hauek, usadio zaharren gordeleku dira eta itzelezko balore paisajistikoa dute.

Aralarren bi landaredi mota nagusi daude. Batetik, goi-mendiko larreak, betidanik artzaintzarekin lotuak izan direnak eta Aralar ezaguna egin dutenak. Gure artean gutxi izango dira Aralarko gaztaren berririk ez dutenik. Ardi latxa eta larre hau dira Idiazabalgo izendapenaren oinarri. Larre berezi hauetan bazkatutakoak ematen dio ardi latxari gazta goxoa egiteko beharrezkoa den esnea. Bestetik, aste honetako txangoan ikusi eta sentituko ditugun pagadi ederrak. Baso zabal hauetan murgiltzean, gorosti eta sastrakek urrutiko bistak oztopatuko dizkigute. Horrela, bertara dugunak are eta garrantzi handiagoa hartzen du. Txikia, handi eta gertu nabariko dugu. Harago zer ote? Auskalo! Milaka izaki mitologiko Mari, Basajaun...

Lizarrustiko parketxea

Gipuzkoako hego-ekialdean, Ataun eta Arbizu lotzen dituen errepidean, hasiko dugu aste honetako txangoa. Lizarrustiko parketxean. Bertakoek, Aralarrerako sarrera eginez, goxo hartzen dute edonolako bidaiaria, interesduna zein pasarakoa. Garai batean muga lanak egiten zituen eraikuntza da aterpetxe hau. Aterpetxearen atzealdean dugu abiapuntua. Panelean agertzen den mapa ikusi ondoren, bertako bideari ekingo diogu.

Haurrentzako parkea igaro eta helduagoentzat atondutako parkea dugu, arrokan gora lau hankan ibili nahi duenarentzat ere badira hemen, kare-harritan bide motz batzuk. Berehala basoan murgilduko gara. Pagadi malkartsu eta nolabaiteko arriskua duen gune bakarrean. Errekastoek higaturiko malkarrean ere gizakiak aurrera egin du, besterik ez bada ere, bidea txikituz. Bertako zuhaitzei lapurturiko zura ateratzeko eraikitakoak dira pasabide eta tunel hauek. Honela, harkaitzean bidea ebaki eta zulatu zutelako aurrera egin dezakegu erramu eta txilar artean.

Aurrerago errekarekin bat egingo dugu. Errekako ur hotzak bizitza geldiarazten duela dirudi, baina adi begiratuz gero intsektu eta molusku txikiak ikus ditzakegu, fresko-fresko. Erreka alboan dagoen bordaren ezkerraldetik jarraituko dugu bidea, berriro ere basoan murgilduz. Hemen izango da beti aipatzen den okil beltza. Hegazti bakandu honek bere ahaide okilen moduan enbor barruetan egiten du habia, moko zorrotz eta gogorrarekin zulatuz. Gorputza luma beltzez estalia du eta gandorra gorri-gorri darabil. Maldan gora bidea jarraitu eta halako batean Lareoko presara iritsiko gara. Uretako animalia eta landareekin topo egingo dugu lertxunak, sahatsak... Lareoko urak inguratzen dituen bidea erabiliz patxadazko ibilaldia jarraitu dezakegu. Horretarako presa eta egurrezko zubi berezia igaro beharko ditugu. Uren ezkerretik jarraituz gero, borda eta ataka batera iritsiko gara bertan patxadazko belardia dugu lasai egoteko. Atseden hartu ondoren, presa igaro eta urertzetik inguruko basoak ikusiz jarraituko dugu. Agian zapelatz listorjaleren bat ikus genezake. Beste harrapakariak baino buru txikiagoa duen honek buztanean bi marra beltz ditu. Izenak dioen bezala liztorrak hegan harrapatu eta jan egiten ditu. Hegazti, ugaztun txiki eta igelak ere gustuko ditu. Lareoko urak inguratu aurretik zurezko zubi berezi bat igaroko dugu eta berehala presaren gainetik igotzerakoan jarraitu dugun bidearekin bat egiteko. Itzulerako bidea erraz aurkituko dugu baina haurrekin baldin bagoaz, ez behintzat ahaztu pausorik zailenak amaieran daudela.

Elurra, kristalezko pitxia
Hodeiak ur ttanttaz edo izotz kristaltxoz eginak daude. Prezipitazio hauek datoz bertatik: Euria, txingorra zein elurra, izotz partikula moduan, kondentsazio gune baten inguruan sortzen dira. Kondentsazio gunea itsasoko gatza, hauts partikula, kea, polena, material bolkanikoa edo gero eta gehiago industriak eratutako poluzio partikulak izaten dira. Partikula huen inguruan izotz kristalak eraikitzen dira. Baldintza egokietan kristal hauek batu eta handitzen doaz pisua irabaziz eta erortzen hasiz.

Erortzen ari direla beste kristalekin talka egin eta batuz, handitzen jarraitzen dute. Bidean aurkitzen dituzten baldintzen araberako kristal egitura hartzen dute. Gehienak bidean berotu eta urtu egiten dira euri bilakatuz edo kristal moduan jarraituz lurrera iritsi arte. Wilson A. Bentley (1865-1931) autodidaktak 40 negutan 5.000 elur malutei argazkia atera zien eta guztiak desberdinak zirela ondorioztatu zuen. Kristal eder hauek gehienetan simetria hexagonala dute, sei adarreko kristalak alegia, nahiz eta, hiru edo hamabi puntako kristalak ere ohikoak diren.

Baina lurra ukitzean ez da elurraren bizitza amaitzen. Berriro ere metereologiaren baldintzapean, elurra ur bilakatu edo elur malutek metamorfosia jasango dute. Kristal hauek oso hauskorrak dira. Adarkadura konplexuko molekulek bolumen oso handia dute, duten masa txikiarekin alderatuz. Dentsitate baxu hau emendatzeko joerak forma esferikoa hartzera bultzatzen ditu, kristal egituraren simetria deseginez. Elurretik izotzerako aldaketa airez beteriko poroak gutxitzetik dator eta dentsitatea handitzetik. Prozesuan kapilaritatez erakarritako urak izoztuz eta gainean dagoen elurraren presioak eragiten duen konpaktazioz jarraitzen du.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude