500 euro baino gutxiago eta 40 lan ordu baino gehiago


2005eko martxoaren 13an
Martxoaren 8a dela-eta, emakumeen mundu martxa egin da eta, bertan, euskal emakume batzuk ere izan dira Euskal Herria ordezkatuz. Emakume langilearen eguna dela eta, Euskal Herri osoan ere hainbat ekitaldi eta manifestazio egin dira emakumeen eskubideak defendatzeko.

Emakumearen mundu zabalean, esparru batetik bestera eta emakumearen jatorriaren arabera, desberdina da diskriminazioa. Zalantzarik gabe, sektore kaltetuenetan lan egiten duten emakumeek eta sorterria utzi eta lan eta janari bila alde egin behar izan duten emakume etorkinek jasaten dute diskriminaziorik handiena. Horregatik, erreportaje honetan, etxeko emakume langileek Euskal Herrian bizi duten diskriminazioa jorratuko dugu, gaur egun munduko hainbat herrialdetako emakume asko ari baitira lanean sektore horretan.

Gai honen inguruan, beste hainbatetan bezala, euskal herrialde bakoitzeko oso datu gutxi dauzkagu, eta Euskal Herri osoari dagokionez, askoz ere gutxiago. Horrenbestez, Etxe Langileen Elkartea-Asociación de Trabajadoras de Hogar (ELE-ATH) Bizkaiko elkarteak orain dela hiru hilabete emandako datuetan oinarritu behar izan dugu artikulu hau. Sortu berria den Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategia ere etorkizunean erabilgarria izan daiteke hutsune estatistiko hori betetzeko.

Lan baldintzak hobetuko dituen legea

Koadroan zehaztu dugu nolakoa den etxeko langileen lan eskubideen egoera. Lehen aipatutako elkarte bizkaitarrak egin duen ikerketako gauzarik adierazgarriena da etxeko langileen %77k astean 40 ordutik gorako lanaldiak dituela, %15ek astean 60 ordutik gorakoak, eta horiek guztiek oso soldata txikia daukatela. %42 ez zen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (SMI) kobratzera ere iritsi »txostena egin zenean, 2004an, SMI 490,80 eurokoa zen». Gaur egun, 2005ean, urteroko gehikuntza aplikatuta, 512,90 eurokoa da SMI. Bestalde, etxeko langile gehienak ez daude Gizarte Segurantzan sartuta. Etxeko langileen egoera oso larria da, baina oraindik larriagoa da etxeko langile atzerritarren egoera. Egunetik egunera gehiago dira gure auzotar askoren etxeetan lanean ikusten ditugun langile kolonbiarrak, ekuadortarrak, boliviarrak, filipinarrak, errumaniarrak, arabiarrak, eta abar. Langileak hartzen dituztenak etorkinetaz baliatzen dira soldata gutxiagoren truk lan gehiago egin dezaten.

Testuinguru horretan, "lan baldintza duinak onartu eta etxeko lana beste edozein lan bezala tratatuko duen" legeria eskatzen du ELE-ATHk euskal sindikatu guztien sostenguarekin. Beraz, legeriak etxeko langileen lan eskubideak jaso ditzala eta langile horien egoera Gizarte Segurantzan erregula dadila eskatzen dute. Etxeko lanaren kontratua erregulatzea eskatzen dute, eta kontratu hori Gasteizko Legebiltzarrari bidaliko diote, handik Espainiako Gobernuari presioa egiteko, "Europako Batasuneko beste legeekin bat datorren" eta "jasaten dugun diskriminazioarekin bukatuko duen" lege berri bat ezar dezan.

Gutxieneko errebindikazioak

Zehatzago esanda, hauxe da legeria berrian sartzeko eskatzen dutena: astean 40 orduko lanaldia gehienez ere; egin beharreko lanen araberako soldata, 40 orduko lanaldiarentzat gutxienez SMIren %120koa izango dena; langile internoen kasuan, jatordu eta ostatuarengatik soldatan deskontuak egitea debekatzea; astean egun eta erdiko atsedena -24 ordu jarraian eta, segidan edo banatuta, beste lanaldi erdi bat-; eta, sektore guztietan bezala, kaleratzearen kalte ordaina.

Espainiako eta Frantziako lan eskubideak parez pare
Euskal Herriko nahiz Espainiar Estatuko etxeko langileen lan eskubideak Frantzia edo Italiakoenak baino kaskarragoak dira. Ikus ditzagun, labur-labur, Frantziako Estatuarekiko desberdintasun nagusiak eta Euskal Herriko etxeko langileen eskaerak.

Kontratuak. Espainiako Estatuan ez da derrigorrezkoa eta egitekotan, ez dago edukiarentzako araudirik. Frantziako Estatuan derrigorrezkoa da eta lanaldia zehaztu behar du. ELE-ATH Bizkaiko elkarteak kontratua derrigorrezkoa izatea eta besteak beste lanaldia zehaztea eskatzen du.

Antzinatasuna. Espainiako Estatuan hirurtekoak %3koak dira, %15era iritsi arte. Frantziako Estatuan, berriz, lehenengo hirurtekoa %3koa da, eta urtean %1eko gehikuntza egiten da, %10era iritsi arte. ELE-ATHk %5eko hirurtekoak eskatzen ditu, %25era iritsi arte.

Hileko soldata. Espainiako Estatuan 490,80 euroko hamahiru ordainsari izaten dira. Frantziako Estatuan, berriz, kategoriaren araberako hamabi ordainsari: 1.322,14 eurotik 1.392 eurora bitartekoak. Gaueko lanari »gehienez ere hamabi ordukoa izaten da», benetako lanordu bakoitzak balio duenaren 1/6 eransten zaio. ELE-ATHk gutxieneko soldatako bi aparteko ordainsari eta lanen araberako beste hamabi hileko eskatzen ditu: 588,96, 613,50 edo 638,40 eurokoak. Gaueko lana, lo egitea barne »gaueko 21:00etatik goizeko 8:00etara», hilean 674,85 eurorekin ordaintzea ere eskatzen du.

Asteko lanaldia. Espainiako Estatuan 40 benetako eta presentziazko ordukoa da asteko lanaldia. Muga bakarra lanaldi batetik besterako denbora »8 ordu langile internoentzat eta 10 ordu kanpoko langileentzat» eta asteko 36 orduko atsedena dira. Atsedenerako denbora hori zatitu egin daiteke: 24 ordu jarraian egin behar dira eta gainontzeko denbora bi aldeek adostu behar dute. Frantziako Estatuan 40 ordu egin behar dira benetako lanaren eta presentziazko denboraren artean. Asteko atsedena 36 ordukoa da, eta denbora hori banatu egin daiteke: 24 ordu eta beste lanaldi erdi bat. Bestalde, ezin da bost gau baino gehiago segidan lan egin. Euskal elkarteak 40 orduko lanaldia eskatzen du. Lanaldia eguneko 11 ordura arte luza daiteke, lanean gaua pasa behar izanez gero, baina 240 minutuko benetako lanetik pasatu gabe. Bost gau baino gehiago segidan lan ezin egin izatea ere eskatzen du. Eta astean 24 ordu eta beste egun erdiko atsedena ere bai: egun erdia ohiko lanaldi osoaren %50 izango litzateke.
Beste desberdintasun batzuk ere badaude Espainiako eta Frantziako Estatuen artean presentzia orduei, aparteko orduei eta langilea hartzen duenak lan kontratua amaitzeagatik ordaindu beharreko kalte ordainari dagokienez. Arlo horiek ere hobetzea eskatzen du elkarte euskaldunak.


Eguneraketa berriak daude