Joan den mendeko euskal curriculum jeltzale eta katolikoa


2004ko uztailaren 18an
Gauza jakina da Francoren diktadurak »ehun urte lehenago, eta Bidasoaz bestaldean, Iraultza Frantsesaren oinordekoek bezala» guztiz debekatu zuela euskara Hego Euskal Herriko eskoletan. Francok ez zuen ezer berririk asmatu ordea, Gerra Zibilaren aurreko egoera ere parekoa baitzen Espainiako Estatuan: irakaskuntzak gaztelaniaz izan behar zuen derrigorrez. Zelangura, mende hasiera hartako lege-betearazleak ez bide ziren geroagokoak bezain zorrotzak izan, eta hala, abertzaleak »ez eurak bakarrik» gauza izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan »Nafarroan bakanen bat ere bai» nolabaiteko euskal eskola sortzeko.

Euskarazko lehen eskola haiek une berezi samarrean agertu ziren. Paulí Dávila EHUko irakasle eta euskarazko testu-liburuetan adituak dioenez, "XX. mende hasieran, Kuba galtzeaz geroztik, espainiar nazionalismoa ahul zegoen. Arrazaren kalitatea ezbaian zegoen; ‘Espainia gaizki dabil’, ‘Espainia galbidean da’ eta jite bertsuko ideietan oinarritutako autokritikak eskola »gaztelaniazkoa noski» indartu nahi izatea ekarri zuen ondorio, besteak beste. Estatuak hiritar eskolatuak nahi zituen, bere burua indartze aldera". "Testuinguru hartan", jarraitu du, "Euskal Herriko zein Kataluniako abertzaleak hezkuntza-sistema espai- niarrari kritika egiten hasi zitzaizkion, eta hemen, Sabino Arana izan zen kritika horren buru".

Mugimendu hark lehen euskarazko eskolak sortzea eragin zuen. Gutxi, artean. Jakina, eskola haietako umeek euskarazko testu-liburuak behar zituzten, eta horretara jarri ziren zenbait. Sabino Aranak berak, esaterako, euskal gramatika bat idatzi zuen, eta aleren bat gehiago izan zen mendearen lehen hamarkada bietan, baina testu-liburugintzak urte batzuk geroago hartu zuen benetako indarra, Eusko Ikaskuntzaren eskutik. 20ko hamarkadatik aurrera Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek herri txikietan sortutako eskoletan erabiltzeko ekoitzi ziren liburuok, batez ere.

Paulí Dávilaren esanetan, euskarazko liburu haiek ez ziren ume askorengana iristen. Kontuan izan behar da Araban, ia Nafarroa osoan eta Iparraldean usainik ere ez zietela hartu, erdarak baitziren jaun eta jabe hezkuntzan. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, egoera zertxobait hobea izanagatik ere, gaztelaniazko eskola zen nagusi. Batez ere hiri handietan, baina baita herri txikiagoetan ere. "Ez dugu ahaztu behar guraso gehienek nahiago zutela euren seme-alabek erdaraz ikastea, hura baitzen ospea zeukan hizkuntza", ohartarazi du Dávilak. Bestetik, ezin dugu garai hura gaurko irizpideen arabera aztertu. Jende asko analfabetoa zen, eta eskola derrigorrezkoa izan arren, derrigortasun hori ez zen gaur bezain erabatekoa. "Normaltzat hartzen zen umeak, baratzean jardun behar zutenean, eskolara ez joatea".

Ideologia barra-barra

Eusko Ikaskuntzak testu-liburuak sustatzeko lehiaketak antolatu zituen. "Haien kezketako bat euskal curriculuma sortzea zen", diosku Dávilak, "eta hala, irakurtzeko liburuxkak, euskara ikasteko gramatikak, Euskal Herriko historiari eta geografiari buruzko liburuak eta antzekoak argitaratzen hasi ziren. Aberriarekin harremana zeukatenak".

20ko eta 30eko hamarkadetan Umearen laguna, Martin Txilibitu, Txomiñ-Ikasle… agertu ziren. Liburu haietako asko eta asko Ixaka López Mendizabalek Tolosan zeukan inprimategian egin ziren. López Mendizabalek testu-liburugintzan eduki zuen garrantziaren berri eman digu Paulí Dávilak: "Bilbon argitaletxeren bat egon zen, baina esan daiteke euskal testu-liburuen industria López Mendizabalekin hasi eta bukatzen zela ia". Horrek, besteak beste, liburuak idazteko erabiltzen zen hizkeran eragin zuen. 20ko hamarkadaren aurretik, eta Sabino Aranaren eraginez, bizkaiera izan zen nagusi. López Mendizabal liburuak argitaratzen hasteaz (eta kasu askotan, idazteaz) batera, ordea, gipuzkera gailenduz joan zen. Zelangura, liburu asko euskalki bietan egiten ziren. Argitaraldi desberdinetan, hori bai.

Ideologia »abertzalea, edo jeltzalea zehatzago esanda» bete-betean ageri zen liburu haietan. 1932an plazaratutako Lutelesti »hots, geografia» izeneko batean, esaterako, Euskal Herria maitatu beharra zegoela esaten zen, bihotz baten itxura daukalako. Liburu hartan, geografiaz ziharduten gainerakoetan bezala, zazpi herrialdek osatutako Euskal Herria ikus zitekeen. "Euskal sena azpimarratzen zuten", azaldu du Paulí Dávilak, "txapelaz eta bertoko jantziz jantzitako mutilak, baserriko bizimodua… halako gauzak agertzen ziren irudietan". Garaiko abertzaleengan nagusi zen pentsamoldeari jarraiki, erlijio katolikoak ere berebiziko garrantzia zeukan liburuotan: "Xabiertxo ireki eta lehen ikasgaia Jaungoikoa da". Xabiertxo, izan zen, hain justu, liburu haietan guztietan arrakastatsuena, 60 eta 70eko hamarkadetako ikastoletan erabili izanak adierazten duen legez.

Garai hartako euskarazko testu-liburuak sei eta hamabi urte bitarteko umeentzat eginda zeuden »hortik aurrerakoentzat euskarazko eskolarik ere ez zegoen», eta azpimarratzeko moduko kalitatea zuten. "Ondo marraztuta zeuden, irudi argiekin, eta oso itxura modernoa zeukaten, koadernaketa dotorea eta guzti". Irudi gehienen egilea Jon Zabalo "Txiki" izan zen. Liburuak, bestalde, txikiak ziren »15x20 zentimetrokoak», eta orrialde kopuruari dagokionez urriak.

Zientziari buruz ezer gutxi
Euskarazko lehen testu-liburuek gramatika, geografia eta historia lantzen zuten, batik bat. Bazen, hala ere, bestelakorik: matematika, fisika, kimikaà Gehiegirik ez. Apur horien artean, aritmetika irakasteko helburua zeukaten gehienek. Aitzindaria 1913ko Ume koxkorentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmetika izan zen, eta haren ereduari jarraitu zion 1920ko Lenengo ikasle malarako Euskal-Zenbakiztiak. Aritmetikatik landa, zientziaren alorreko uzta zeharo eskasa izan zen euskarazko testu-liburuen baratzean: Daneurtiztia (1933), geometriari buruzkoa, Pisia (1935), Kimia (1936), eta gutxi gehiago. Sailkagaitzagoa da, berriz, Julene Azpeitia errepublika garaiko pedagogo ezagunak idatzitako Osasuna, Merketza eta Janaritza, hiru arlo horien gaineko aholkuak ematen zituen liburua.
 
Espainiako Gerra Zibila hasi arte iraun zuen euskal testu-liburugintzaren lehen aldi hark, zabalkundean murritz baina izenburutan oparo. Paulí Dávilak azpimarratzen duenez, "mugimendu hark gero sortu zenerako hazia erein zuen. Ezin uka eskola espainiarra nagusi zela garai hartan, baina kezka agertu zuten apur haien lana ondorengoen eredu izan zen. Izan ere, ideia garrantzitsu bat utzi zuten: Euskal Herria beste modu batez eraiki zitekeela".

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude