Emakumeek partxe antisorgailu berria dute merkatuan


2004ko otsailaren 29an

Janssen-cilag konpainia farmazeutikoak berrikuntza handi samarra iragarri du: merkatuan dago jadanik aurreneko partxe edo txaplata antisorgailua, astean behin bakarrik aplikatzeko modukoa. Botikak ebaluatzeko Europako Agentziak (EMEA izenekoak) onartutako botika honen izena Evra da, eta larruazalean jartzen da, beste edozein partxe bezala. Sendagai berri horren lehengai edo printzipio aktiboak ez dira berriak, bertan konbinatzen diren progestagenoa eta estrogenoa beste botika batzuetan ere aurkitzen baitira. Zertan dago, beraz, berrikuntza? Lehengai horiek pixkanaka xurgatzen dira epidermisean zehar, eta ondoren zirkulaziora pasatzen dira.
Farmazietara bi aurkezpen iritsi dira: hiru partxez eta bederatzi partxez osatuak, ziklo bat eta hiru ziklo osatzeko hurrenez hurren. Partxe horietako bakoitza zazpi egunez eraman behar da, azalean, eta ondoren beste batekin ordeztu, asteko egun berean, hiru asteko zikloa bete arte. Laugarren astea, partxerik gabekoa edo atsedenekoa da. Eta txaplataren segurtasuna garantizatua dago, baita uraren azpian ere, bere arduradunek azaltzen dutenez. Eta Evra botikak %99ko eraginkortasuna omen du haurdunaldiaren prebentzioan.
AEBetan eta Europan egindako ikerketa ugarik erakutsi bezala, partxe horien efektu sekundarioak pilula edo ahotiko antisorgailuen oso antzekoak izan dira. Abantailen artean, berriz, bat oso nabarmena da: astean behin bakarrik aplikatzekoa denez, ahazteko aukera gutxiago dutela erabiltzaileek, beste metodo antikontzeptibo batzuekin konparatuz gero (egunero, edo aldioro erabili beharrekoak).
Partxe antikontzeptibo hauek beste herrialde askotan komertzializatuak daude honezkero: AEBetan, Belgikan, Britainia Handian, Finlandian, Austrian, Holandan edo Alemanian, esate baterako.


ASTEKARIA
2004ko otsailaren 29a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude