«Txirritari hamalau urterekin bota nion lehenengoz bertsoa»

  • Bertsolariari alferraren fama eman izan zaio, baina galde diezaiotela Pablori zer den bizikleta hartuta Nafarroako herri zokoetara joatea, bertsotara. Mitxelena lagun, zazpi egunetan bederatzi herritan kantatzera heldu zen, eta ahotsik gabe etxeratu, altabozik ez zen garaietan balkoitik balkoira egiten baitzen saioa.Arratsaldea Pablorekin pasata, bete ezin litekeen desio bat sortu zaigu: egun oso bat orduko Ernanin ematea. Tabernaro edonor bertsotan hasi, eta gauez sagardotegian sartuta orduak pasa Pablo eta Txirritaren ziriak entzunaz, oilarrak kukurrukuka hasi arte.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Txirritaren auzo berean jaiotakoa zara, eta bertsolarien etxean, gainera. Famili osoa aritu al da bertsotan?
Etxean denak aritzen ginen, anai guziak. Aitona ere, Joxe Migel Otxotorena, bertsolaria genuen, eta bere anaia itsua ere bai. Pedro Maria Otaño, Amerikatik bueltan, Hernaniko Karabel tabernara etortzen zen, eta gure aitona ere berarekin han aritzen zen bertsotan. Bertsoekin ez naiz gogoratzen baina despedidako batekin bai: "haurrak eta emaztia/Erreran dauzkat zai/beste egun batian/kantako degu lasai" esanda joan zen Pedro Maria Otaño.
Otañok gure aitonari eta Txirritari liburuak eman zizkion, berak idatzi zituenak Amerikan zelarik. Eta irakurtzen inork jakin ez! Gure amak zekien irakurtzen, monjetan pixka bat ikasten ibilia baitzen. Epele auzoko etxearen aurrean zuten arbola bat; ikaragarria zen arbola hura, harrigarritako bat! Hara bildu denak, eta gure ama defuntuari, neska koxkorra bera, hari kantarazten zizkioten Otañoren liburuko bertsoak.
Txirritak ere bere liburuan gure aitona aipatzen du, lehenengo plaza harekin egin zuen: "Joxe Migel ta Erramun hilak / ni ta Juan Mari biziak" esaten du bertsoak.

Lehen plaza gazterik egin zenuen. Baina mutil kozkorretan bota omen zenion Txirritari bertsoren bat...
Lehenengo plaza San Antoniotan egin nuen, Hernaniko Ereñotzu auzoan bertan, 17 urterekin. Jose Oiartzabal izeneko beste lagun batek eta biok, Txirrita eta Saibururekin kantatu genuen.
Baina lehendik Txirritari bertsoa bota nion, bai. Hiru Bidieta esaten dioten tabernan bertsotan aritzen zen Txirrita, eta han ari zen orduan Prantzesa esaten zioten batekin, oso ona zen Prantzesa bertsolari hura.
14 urte izango nituen, eta lehengusua eta biak eskaileretatik gora igo, eta, han ari ginen "bota bihar ziou», ta «bota bihar ziou". Eskaileretatik bota nion bertsoa eta alde korrika! "Nongoa zen ume hura?" galdetu omen zuen Txirritak. Handik berehalaxe hasi nintzen Txirritarekin, gure aitonaren laguna baitzen.

Zer moduz konpontzen zinen Txirritarekin?
Oso ondo. Diferentzi ederreko gizonak! Ni orduan 50 kilo ez nintzen izango, eta hura, berriz, ehun eta berrogeita gehiago! 159 kilo pisatzen zituen hil zenean. Buru galantarekin. Hori kalabaza! Baina, betea zeukan! Hura zelebrea zen. Hizketarako-eta pizkorra, e! Harek burutik failo gutxi zuen.

Gaztetan egun osoan bertsoa ibiltzen omen zenuen buruan.
Orduan hizketan baino bertsotan gustorago aritzen nintzen. Aisa etortzen bertsoa eta, neronek bai saio ikaragarriak, neure buruarekin! Bat bota, eta neronek botatakoari neronek erantzun; eta denboretan gainera, ordubete eta gehiago!
Anaia defuntuarekin ere bai. Aitak mendian janariak egitera, ebakitzera bidali eta, sega bizkarrean hartuta joanda, sagarraren ipurdian jartzen ginen. Aitak esaten zigun "joango nauk hemendik ordu erdi batera-edo, karroarekin bila!". Gu sagarraren azpian, bi anaiak bertsotan. Gero larri, janariak egiteko!

Tabernak omen ziren orduko plaza ugarienak.
Taberna guztietan orduan bertsotan egiten zen, Jesus, Maria eta Jose! Sagardotegietan ere bai, gauetan. Orduan txotxera sartzen zen, ez orain bezala! Oraingoak garesti daude, orduan merke izaten zen. Ni ezagutua nago Hernanin, 5 xentimotan, xox batean bi baso haundi sagardo ematen zena. Dirurik ez zen izaten, baina, ez orain adina behar ere! Gaur diru asko behar da, bizimodu alua darabilkigu. Hau ez da ona, honek gauza txarra ekarriko du! Sekulako diru pila hartzen duzu patrikan, baina, bat ere ez du balio!

Hernaniko Portu auzoan, Shangai tabernan egiten omen zenituzten bertso bilerak...
Jesus! Makina bat saio eginak gara hor! Elizara baino horra txintxoago joaten ginen. Uztapide, Zepai, Txapel... ere etorri izan ziren. On horiek bakarrik ez, orduan baserrietan bertsolari koskor asko zen, tabernan bilduta bertsotan egiten zuena.

Nolakoak ziren orduko bertso ibilerak?
Gaur bezala ez zegoen beste herrietara joateko konbinaziorik. Txirrita eta Olegario zena, oinez joan omen ziren behin Hernanitik Ezkurrara, kantatzera. Goizuetan bazkaldu, alpargata berriak erosi, eta gauerako Ezkurrara, afaltzera. Saioa eginda etxeraino nola etorriko ziren, ba! Bidaltzean etorri behar!
Gehiegi aritzen ginen gu. Uztapidek esan zidan: "Tontoak galantak izandu gaituk, motel. 30 duro kobratu beharrean 100 duro kobratu bagenitu, berdin berdin herriarentzako eta guretzako mesede ederra!». Ez etortzen burura orduan, ordea! Zugarramurdin behin 40 duro kobratu genituen, urruti zegoela-eta. Bizikletan joaten ginen haraino.
Balkoitik kantatzen genuen. Behin Mitxelena eta biak hitzik egiten ez genuela geratu eta etxera etorri ginen. 7 egunetan 9 herritan izandu ginen. Beste bi herritarako enkargua hartuak geunden. Baina, gastatu zen eztarria eta, bestela ere txarra-eta, orduan bat ere ez! Hitzik ezin egin! Hartu bizikleta Arizkunen iluntzean, eta benga, bizikletan triki-traka. Goizeko ordu bietan-edo Irunera ailegatu ginen. Artean tabernak irekiak zeuden. Sartu tabernan, zerbeza puska bat edan, diru kontuak egin eta etxera. Uztapideri kontatu genion batean, esan zigun: "Ni hamabi egunean hamabost herritan izandu nauk. Etxera joan ninduan hanka tartean isatsa sartuta joaten den zakurra baino umilago!"
Osasunarentzat ere gogorra da bertsolarien bizimodua. "Gaur gutxi edango diat bada!" esaten da, baina, nahi ez duzula ere, inguruko denak jan eta edanean ari direnez, halaxe bukatzen duzu beti.

Orduan bertsotan zurikeri gutxi ibiltzen zenuten.
Zirenak eta ez zirenak elkarri esaten! Kultura falta! Oraingoek ere esaten dizkitek, eh! Gaiak nola jartzen diren-eta, nola suertatzen den! Zer esaten genuen ez genekiela esaten genizkion elkarri. Ez mina egiteagatik, baina, esan egin behar zerbait-eta!

Emakume bertsolaririk ba al zen zuen garaian?
Baziren, bai. Aitonak-eta Oiartzungo festetan afaria egin zuten behin. Erreka omen zegoen etxetik iturria baino askoz bertago. Hango etxeko andre zaharrak esan omen zion: «Joxe Migel, baldekada bat ur ekarriko al zenuke?» «Ekarriko ez dut bada!». Joan da korrika, eta baldea errekan sartu, eta amuarrainak eta dena ekarri zizkion. Esan omen zion hango andreak: "Joxe Migel, iturritik ekarri al duzu?" eta "Nondik ekarriko nuen bada!", aitonak. "Koño, gure iturrian amuarrainak jaio al dira?"
Eta etxe hartan ba omen zen Oiartzungo neska bat, bertsotan oso ondo egiten zuena.

Mikrofonorik gabe, ahots sendoa beharko zen garai haietan bertsolari izateko...
Ni larri ibiltzen nintzen bozarekin. Urrutira joaten zen nire boza, baina mehea nuen. Leku itxian oso ondo kantatzen nuen. Uztapide zenak behin esan zidan: "Lazkao Txikik artea du, baina hire garaian ibili behar izan bazuen, ez zian asko kantatuko!". Bozgoragailuak salbatu zuen hura!

Xalbador ere ezagutu omen zenuen. Nolakoa zen?
Niretzat izanu den bertsolaririk onena. Hark berak uste zuena baino gehiago zekien! Bertsozale amorratu batek esan zidan: "Xalbador sortzailea da, beste inori bururatzen ez zaiona kantatzen du". Ez apaizari eta ez kristori ez zitzaion bururatzen hark botatzen zituen arrazoiak!
Behin Egileorri bota zion bertso bat, ederra. Egileorrek hala kantatu omen zuen: "Nik nahi nukena hemen jendia/gelditutzia kontentu/ondo esanak ondo entzun ta/gaizki esanak barkatu (tankera horretan zen)/frantzesek juan behar dute ta/hobeto degu bukatu". Eta Xalbadorrek erantzun: "Beira Egilegor utzi nahi zaitut/adbertentzian jarrita/euskalduna zan nik nuen ama/euskalduna nuen aita/bien artian sortu zuten hau/ere euskalduna baita/hemendik ez da joango frantzesik/handik ez da etorri ta". Hori bertsoa dek! Mamia! Uztapidek esaten zian: "Guk bertsoak kantatzenditugu, baina horrek zukua ateratzen ziok!".
Beste batean, justu-justu zutik egoten zekien haur batekin, ama bat mendira joan zen gaztainak biltzera. Halako zabalune batean utzi zuen, harri koskor batzuk-eta emanda, eta ama gaztainak biltzen jarri zen. Ondoan erreka txiki bat, erroila adinakoa ere ez, txorkatiletarainoko ura izango zuen! Hartarako adina balio umeak, bestetarako ez baina, eta jarri zutik eta tarraka-tarraka erroil horretaraino joan zen, eta muturka erori eta ito egin zen. Inguruko herri guztietakoa jendea bildu zen han, eta apaiza etorri zenean gurutzearekin, Xalbadorrek bota omen zian: "Errezatutzen hasi gaitezen/begiak jarrita gora/Jainko maitea izan zazu zuk/haur txiki hoien ardura/hemen ito dan aingerutxo hau/eraman zazu zerura/eta agortu mendien negar/dan erreka hontako ura". Poeta huan-eta! Denak harrituta, apaiza ere seko harrituta utzi omen zuen.

Oraingo bertsolaritza jarraitzen duzu?
Bai, denak ezagutzen ditut, eta Irazu asko gustatzen zait, aspaldidanik.

Orain bertsoak idazten aritzen omen zara.
Bi liburu argitaratuak ditut, eta beste liburu bat ateratzeko adina ere badut idatzia. Nik buruan beti bertsoa ibiltzen dut bueltaka. Bertsoari diodan maitasunagatik. Eskopeta, ehizeko txakurra eta bertsoa. Hiru horiek nire-nireak ditut

CURRICULUMA
- Jaio: 1912an jaio zen Hernaniko Ereñotzu auzoko «Telleria» baserrian.
- Bertsolaria
- Lana: Gaztetan artzain ibili zen aitonarekin, Adarra mendiko «Agerre» bordan. 14 urterekin baldosa fabrikan hasi zen lanean, eta gerora Astigarragan zapata denda jarri zuen.
- Bertsolagun: Izan zituen besteren artean Txirrita, Uztapide, Basarri, Mitxelena, Txapel, Zepai, Saiburu...
- Idatzitako liburuak: »Ia kantatuz bezela» (Auspoa saileko 190.zenb) eta «Gaziak eta gozoak» (Auspoa, 194).

BERTSOA

Doinua: Lagundurikan danoi
Zenaren ordezkari,
denaren testigu,
zure jardunak asko
erakutsi digu.
Mundua aldatu da,
hala irudi du,
baina gazteagoek
ederki dakigu
zure zordun izango
garela beti gu.

Aitor Mendiluze

BIZITZAREN PASARTEA
Nik hogeita zazpi urte arte ez nekien erretzen ere. Lekunberrira bertsotara joan eta, han hamasei laguneko koadrila, beste denak erretzen eta ni ez. Uztapidek esan zidan: "Motel, denak erretzen ari dituk eta hi bakarrik erre gabe, ez duk ederki ematen! Egingo diat zigarro txiki bat neronek, eta ez haiz mareatuko!" Ez mareatu. Hango festa bukatu zen, hurrengo egunean etxera etorri, eta estankora! Hasi banintzen, hasi nintzen! Egunero kuartenoi bat erretzen nuen.

EGINDAKO PLAZAK

Zein herritara joan zen bertso lanetan, zerrenda bat egina du Paulok:
Oiartzun (4 bider)
Irun (2)
Hondarribia (3)
Donostia (Igeldo, Gros, Alde Zaharra, Antiguo, Fronton Moderno, Astoria, Loiola, Martutene, Astigarraga, Ergobia, Intxaurrondo) (1)
Urnieta (1)
Errenteria (3)
Tolosa (2)
Usurbil (3)
Andoain (2)
Villabona (2)
Alkiza (1)
Amasa (1)
Sorabilla (1)
Belauntza (2)
Amezketa (1)
Zaldibia (1)
Legazpia (1)
Aztiria (1)
Urkizu (2)
Beasain (1)
Lezo (3)
Aia (2)
Zestoa (1)
Beizama (3)
Nuarbe (4)
Azkoitia (2)
Elgoibar (4)
Ondarru (3)
Lekeitio (1)
Marin
(Eskoriatza) (1)
Berriz (1)
Zugarramurdi (1)
Arizkun (4)
Amaiur (1)
Legasa (1)
Lekarotz (1)
Doneztebe (1)
Etxalar (1)
Zubieta (3)
Donamaria (2)
Ezkurra (2)
Lesaka (2)
Arano (4)
Goizueta (2)
Lekunberri (7)
Beruete (1)
Leitza (2)
Baraibar (3)
Betelu (2)
Alkoz (Baztan) (1)

BERE HITZETAN

"Txirrita izugarri bertsolari ona zan. Bi aldeta, zekien hark, mozketan eta laguntzen. Itzein ere bertsotan eiten zun eta haren inguruan jendea beti parrez eta algara batean egon oi zan. Boza ere halakoa, nik ezagutu dedan onena."
Bertsolari aldizkaria, 1991ko iraila
"Nik fabrikara aldegin eta aitona laster gaixotu eta il zan eta eriotzako momentuan deitu zidan eta elkarrekin artzai pasatutako bi urte oiek gogoratzen zitun."
Bertsolari aldizkaria, 1991ko iraila
"Soldaduska kunplitu eta lanean asiya nengoen gerra etorri zanean. Hernanin denak gorriyak zian eta gu ere gorriyekin jun ginan. Gu ez ginan ezer, ez gorriyak eta zuriyak, ezjakin batzuk besteik ez, politika zer zen ere ez zekien jendia... nunbait sartu ein biar eta antxe tokatu."
Bertsolari aldizkaria, 1991ko iraila
"Bilbo artu baino leen iru lagunek ies egitea erabaki genun. Bat bidean galdu zen, bigarrena arrapatu egin zuten eta ni zutik eoteko gauza ez nintzala iritsi nintzen etxea. Legazpitik sartu nintzan Gipuzkoan eta Tolosatik Uzturrera igo eta Amasatik barrena eldu nintzan etxea. Nun gordetzen ginan? Upela batean sartuta egiten nitun egunak eta aspertzen nintzanean mendia.
Norteko gerra bukatu zenean, gure amak gerra bukatu zala pentsatu zuen eta izkututik azaldu egin ginan. Frankistek harrapatu eta Teruelea eaman gintuzten, ostea gerra segitzeko."
Bertsolari aldizkaria, 1991ko iraila

PENTSAMENDUA BERTSOTAN
BASERRITAR BATI ENTZUNDA

Obe dala-ta sartu ginduzten
gu ere Europa Batuan,
itz eder asko baiñan egintzak
falta zaizkigun lekuan.
Larri dabillen nekazaria
Ez da jarriko altuan,
Denbora izango da testigu
zer ondorenak dituan.

Millaka asko munduan iltzen
Dira urtero goseak,
Armetan berriz gastatzen dira
Millaka milloi paseak.
Aundiak beti nai dana egin,
Or konpon bitez besteak,
Oiek ez ditu asko estutzen
Beartsuaren eskeak.


GURASO ZARRAK
Jaiotzez aulak eta makalak
guztiok izaten gera,
ta gurasoen laguntza bear
irtengo bada aurrera.
arrigarria degu benetan
geroko gure jarrera:
geiena maite bear deguna
uzten degu bazterrera.
ADARRA MENDIKO BORDARI

Mendi maitea, eman ziguzun
naiko gazta ta zeziña,
gaur eztaukazu besterik ezer:
piñua eta zikiña.
Ardien borda untzak tapatu,
jira guztian osiña,
Aitona, laister ilko ziñake
Berriz piztuko baziña.

ORAINDIK EZ DA BUKATU
Gure artean zer pasako zan
ikusten genduen aurrez,
okertu giñan betiko eta
zuzentzen ez dago errez.
Gu alkarrekin emen borroka,
Madrid’en etsaiak parrez,
ez ote gera ume biurtu
gizondu egin bearrez?
NERE BURUARI

Zartzea da sendatu
Ez liteken miña,
Orrek txikitutzen du
gizonik aundiña.
Orain naiko txuleta
Badaukagu baiña,
Alare ez naiz leno
Aza janda aiña.


(«Ia kantatuz bezela» eta «Gaziak eta gozoak» liburuetatik)

ARGAZKI ZAHARRA
Donostiako La Perlan: Eserita, ezkerretik hasita: Pepe Andoain, Pepito Iantzi, Felix Arantzabal, Mateo Andoain. Zutik, lehenengo ilaran, ezkerretik hasita: Pablo Zubiarrain, Mitxelena, Basarri, Uztapide, Garate txistularia. Atzean, ezkerretik hasita: Sorondo bertsolaria, Juanito Atxukarro eta Benantzio Rekalde


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude