ARGIA-REN APUSTU BERRIA: EUSKAL PRENTSA ON-LINE

  • maiatz osoan zehar berrikuntza garrantzitsuak azalduko dira Interneteko bere gunean. Ekainaren hasieran martxan egongo da Sareko ARGIA, komunikabide digital berria.
1999ko maiatzaren 09a
Interneten edukiak (eta batik bat euskarazkoak) bilatzen dituenak, maiatzean zehar ARGIAren webgunean eduki berriak aurkituko ditu, astez aste gehitzen joango direnak, Sareko ARGIA izeneko komunikazio eta zerbitzu elektroniko gune berria osatu arte.
Gaur Komunikazio Biziagoa S.A.L.ek paperean plazaratzen dituen produktuen edukietan oinarrituko da komunikabide berri hau, normala denez. Baina bertsio elektronikoa baizik ez duten atalak ere izango ditu hemendik aurrera. 1997ko abenduan aurkeztu zen

www.argia.eus
guneak horrela bizi propio eta autonomoa hartu du gaurdanik.
Hasteko, ARGIA astekariaren eduki guztiak daude jadanik bere Internet gunean. Aurkezpen orrian astekariaren gainean klik egin eta hurrengo orrian, paperezko astekaritik azpimarratu nahi izan den gai nagusia eta beste lau gai hautatu azaltzen dira, argazkiz hornituak.
Pantailaren ezkerreko zutabean berriz, aldizkari osorako sarrera dago. Lehenengo, nahi den asteko data edo zenbakia aukeratu behar da: dagoenekoz 1.713.a ere (joan den astekoa) eskuragai dago eta aurrerantzeko guztiak ere artxiboan erraz aurkituko dira.
Eta nahi den artikulua aurkitzeko bi eratako bilaketak ditu eskueran bisitariak: artikuluen generoen araberakoa (elkarrizketak, erreportajeak, iritziak, laburrak...) eta gaiaren araberakoa (argitalpenak, ekonomia, politika, nazioartea eta abar).
Bide batetik edo bestetik sartu, artikulu guztiak izenburuarekin eta sinadurarekin identifikatuak dira. Horietan klik egin eta testuez gain artikulu bakoitzeko argazki bat ere hor duzu. Artikulu nagusiei beraiekin loturiko atal txikiagoak atxikitzen zaizkie. Eta ondorioz, banan bana paperezko aldizkarian ageri diren atal guzti-guztiak harian aurkituko ditu ARGIAren webgunean sartu denak.
Artikulua irakurri eta edonolako iritzi edo iradokizunik egin nahi izanez gero, bakoitzaren amaieran dauka bisitariak ARGIAko erredakziora bidaltzeko aukera erraza.
Ametzagaiña I+Gk garatu duen «Kapsula» teknologiaren gainean antolatu da paperezko astekariaren edukiak Interneten argitaratzeko prozesua. Azken hiru urteotan ARGIA beste bost enpresarekin batera («Euskaldunon Egunkaria», Ametzagaiña, Klaudio Harluxet Fundazioa, HABE eta Adur Informatika Zerbitzuak) aritu da «Kapsula 2000» proiektuan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren Intek programaren barruan. Eta lan horren guztiaren fruituetako bat da estreinatu berri dugun ARGIA On-line hau.


EUSKAL KULTURAREN HARIA.

Internet bidez ARGIAk eskainiko duen hurrengo zerbitzuak Euskal Kulturaren Haria izena darama. Gaur egun astekariko erredakzioak euskal kulturari buruz prentsa idatzian (egunkarietan batik bat baina baita beste agerkarietan ere, aldizkari espezialduak, herri aldizkariak eta beste) plazaratzen duten guztia biltzen du. Horren fruituetako bat izan ohi da Urtekariaren zati nagusia. Orain ARGIAk eguneroko bilketa hori euskaltzaleei eskaini nahi die, astearen bost egunetan, hasieran.
Bi modutara egingo du. Alde batetik, posta elektroniko bidez, dohainik bidaliko zaie (testu soil moduan, edonorentzako eskuragarriago izan dadin) horren harpidedun izatea onartuko duten guztiei. Beste aldetik, www.argia.eus gunean ere ikusteko moduan egongo da: bai egun bakoitzak euskal kulturaren inguruan sortu duena eta bai aurreko egunetan bildu diren albiste eta adierazpenak.
Eguneroko bilketan, albisteak, iritziak eta adierazpenak jasotzen dira. Oso labur, hori bai: titulua eta hiruzpalau lerrotako laburpena izango du berri bakoitzak. Albiste, iritzi edo adierazpen horiek bildu dituen komunikabideak horiek Interneten ipiniak baditu, zuzenean orri horretara iristeko modua eskainiko du Euskal Kulturaren Haria zerbitzuak.


AGENDA "EUSKAL KULTURAREN AURKIBIDEA" IZANGO DA.

Interneten ibiltzen diren euskaldunek badakite ARGIAren Urtekariaren Agenda azken urteotan sarean ere ikusgai dagoela. Maiatzetik aurrera, berritu eta osaturik azaltzeaz gain, gaztelania, frantses eta ingelesez ere kontsultatu ahal izango da. Izena ere aldatu zaio. Urtekaria sortu zenetik zerbitzu atal horri eman zaion «Agenda» deitura beste zerbitzu batzuetarako ere erabiltzen du prentsak, eta hortik «Aurkibidea» definizio berria hartzea.
Zerbitzu berri honen bitartez euskal kulturako instituzio, profesional, talde eta denetariko agenteen oihartzuna zabalagotu nahi da mundu osoan zehar, gero eta komunikatuago dagoen planeta honetako edozein herritarrentzako horiek eskuragarriago bihurtuz.
Zerbitzu gehiago ere izango du maiatzetik aurrera ARGIAren Internet guneak. Bilbao Bizkaia Kutxarekin azken xehetasunak lotu nahi dira liburu eta CD formatoan hain arrakastatsua izan den Gotzon Garateren «Atsotitzak» datu basea sarean eskaintzeko: euskarazko atsotitzak eta beren baliokideak gaztelania, ingeles eta latinez. Egokitzapen lan bati esker, hizkuntza ezberdinetan diren atsotitzak eta horien baliokideak bilatzeko modu erraz eta erakargarria izango du Interneteko bisitari euskaldunak.
Itzulpen zerbitzu bat ere eskainiko du guneak, Donostiako Eskura enpresaren bidez. Berrikuntza eta zerbitzu gehiago, udatik aurrera joango dira egia bihurtzen. Orain arteko gainerako informazio eskaintza eta zerbitzuak (Sagardoa Euskal Herrian, asteko eskaintzak, Denda, eta beste) mantentzeaz gain berritu egingo dira ondoko hilabeteetan.
Guztiek osatzen dute Sareko ARGIA komunikabide berria, hala nola, Komunikazio Biziagoa enpresak paperean argitaratzen dituen eduki eta zerbitzuek eta euskarri elektronikoan sortu diren berriek. Aita Kaputxinoek «Zeruko Argia» sortu (1919) eta 80 urtera, eta Donostiako zenbait euskaltzalek «Argia» astekaria plazaratu (1921) zutenetik 78ra, Euskal Herriak euskarazko komunikabide elektronikoa ezagutuko du.


TEKNOLOGIA BERRIEN APUSTUA.

Azpiegituretan eta teknologian inbertitzea aspaldiko apustua da ARGIA astekari honen aldetik. Ahalegin horretan Euskal Herriko Astekariaren ondora bildu den hainbat instituzio eta elkarteren laguntza beharrezkoa izan da jauzi honetarako, eta baita Antza inprimategia, Adur Informatika eta orohar Ametzagaiña Taldeko profesionalena ere.
Interneten 1997tik («Ametza» zerbitzaria martxan jarri zenetik) emandako urratsak handiak izan dira eta zenbait pertsonalitatek publikoki ere aitortu izan du bere garrantzia.
Duela gutxi, Eusko Ikaskuntzak plazaratzen duen «Euskonews & Media» astekari elektroniko elebidunean, honela idatzi du Javier Diaz Noci Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzietako irakasle den eta euskal prentsaren historia idatzi berria duenak:
«

Interneten, dudarik gabe, ARGIAri dagokio iniziatibarik interesgarriena. Agian beraiek dira berritzaileenak, eta ez euskarazko kazetaritzan bakarrik, baizik eta baita orokorrean nahiko tristea den Interneteko euskal kazetaritzaren panoraman ere. 1997 bukaeran ARGIAk webgune anbizioso baten lehen urratsak erakutsi zituen, aldizkari inprimatuaren asteroko edizioa sartzea aurreikusten zuena, eta 1963tik aurrera (35 urtez goiti) plazaratutako elkarrizketa guztien bilaketa interaktiboa eskaintzen zuena. Oro har, ohiko edizioari balio erantsia ematen zion, indar handiagoko beste komunikabide batzuek ulertzen jakin ez dutena edo ulertu nahi izan ez dutena. Biblioteka (eta kasu honetan hemeroteka) birtualen sorrera aldera Internet mailan joera gero eta handiagoa dago, eta kazetaritzak horren gidaritzan ipini beharko du, informazioaren merkatu agresiboan atzera geratu nahi ez badu
».
Euskarak eta euskal kulturak urrats asko eta handiak dauzkate eman beharrak teknologia berrien alorrean ere, eta Interneten zehazkiago esanda. Internetek ez du gaur dirurik ematen euskal kulturak duena bezalako dimentsioetako ahaleginetan, baina inbertsio estrategikotzat ikusi eta jorratu beharra dago. Horretan ari da ARGIA, eta fruitu erakargarri batzuk maiatz honetan zehar ari da erakusten jadanik

Paperaren xarmarik ez du baina...

Astekari hau Interneten bidetik abiatu zenetik, bertako lankideek informazio iturri izan dute nagusiki sarea, komunikazio tresnatzat elektroposta erabiliz. Orain produktuak burutzean inprimategiaz eta paperaz gain sarean hartuko duen forma ere kontuan eduki beharra dago.
Inprimategira doanarekin batera abiatzen da amaraunean sartzeko prozesua ere. Erredaktoreak artikuluaren elementu bakoitza kode baten bitartez identifikatzen du (argazki oinak, testu nagusiak eta abar) gero makinak uler dezan. Eta «Kapsula»ren txanda dator. «Kapsula» Adur informatika enpresak sortutako programa da, dokumentu baseen kudeaketarako softwarea. «Kapsula» softwareak automatikoki (astekariko produkzio arduradunak begiratuko du prozesua ezustekorik gerta ez dadin) kodifikatutako elementu guztiak hartu eta identifikatu egiten ditu: hau izenburua izango da, beste hau argazki oina... artikuluetako elementu guztiak.
Indexazio prozesuaren bidez, artikuluaren elementuak gero pantailan izango duten itxura lortzeko sailkatzen dira, generoka eta gaika. Eta azken urratsa pantailaratzea da. «Kapsula»k artikuluko testu nagusia bilatzen du eta horri dagozkion osagarrien bila hasiko da, pantailan elementu guztiak batera agertzeko.


AUTOMATIKOA ETA AZKARRA. ARGIA.

Astekaria bere dokumentu basea osatzen doa astero eta etorkizunean beste dokumentu base motak sortzeko aukera ematen du; esate baterako, hitz bakar bat sartu eta bilaketak egiteko aukera.
Beste elementu garrantzitsua astero aldizkaria harian jartzea kostatzen dena da. Erredaktoreek eta produkzio arduradunak denbora gutxi erabili behar dute prozesu honetan, aurretik egin den programazio lanari esker, ia osorik automatikoa delako.
Internetez ARGIAren On-line bertsiora hurbiltzen denak ere abantailak topatuko dizkio. Informazio edukiak espreski katalogatuta aurkitzen ditu, eta oso klik gutxitan iritsi daiteke nahi duen artikulura.
Alde horretatik, nori berea. Patxadaz irakurtzeko, astean zehar begiratzeko, argazki ederrez gozatzeko, mendira (edo edonora) eramateko... paperezko ARGIA


Azkenak
Hernanin militarrak daudela salatu dute

Santa Barbaran militarrak daudela salatu dute asteazken goizean Hernaniko hainbat biztanlek. Zabaldu den argazkian ikus daitekeenez, eskalada eremuan daude. Asteartean gasolindegian ikusi zituztela esan dute.


Herri mugimenduetako kideei zuzendutako Bor Bor (K) ikastaroan parte hartzeko epea zabalik

“Herri mugimenduen lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, eta gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko” helburuarekin jarri zuen Joxemi Zumalabe Fundazioak martxan Bor Bor (K), eta aurten hirugarren edizioa izango da.


Gasteizko polizia baten aurka bi urteko kartzela zigor eskaera AHTren kontrako ekintzaile bat zauritzeagatik

Bi urteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna eskatu du fiskaltzak Gasteizko udaltzain baten kontra 2015ean AHTren kontrako martxa batean manifestari bat kolpeka zauritzeagatik. Asteazken goizean da epaiketa, Hala Bedin irakur daitekeenez.


"Kontzertu klandestinoa" Durangoko Udalean, Fran Garate PPko zinegotziaren dimisioa eskatzeko

Fran Garate Durangoko Alderdi Popularreko zinegotzia martxoan atxilotu zuten, sexu-erasoak egotzita, baina udalean jarraitzen du. Mugimendu herritarrak hilabeteak daramatza bere kargua utz dezan exijitzen eta bi mozio aurkeztu dituzte. Udalak eskaerei muzin egin dienez, kantu bidez eskatzea erabaki dute. Kontzertu klandestinoa egin dute udaletxean eta osoko bilkura bertan behera utzi dute.


580.000 euro, iazkoaren bikoitza, komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko

Idatzizko komunikabideetan, irratietan eta Nafarroan zabaltzen diren online komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzetarako deia irekia ekainaren 12ra arte.


Lemoizko zentralaren lursailean memoria-parke bat sortzeko eskatu du Eguzkik

EAJk eta PPk Espainiako Estatuaren Aurrekontuak aurrera ateratzeko egin duten akordioan Lemoizko zentralaren etorkizunari buruzko puntu bat adostu dute. Dirudienez, "berehala" Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da. Lursaila lehengoratzea eta erabilera publikokoa izatea proposatu du Eguzki talde ekologistak. Erabakia ahalik eta adostasun zabalenarekin hartzeko eskatu du.


"Grebetan deskontatu diguten dirua eskolan inbertitu dezatela eskatzen dugu"

“Irakaskuntzan konbokatutako grebaren deialdia jarraitu dugun irakasleen izenean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, hiru egunetan gure soldatatik deskontatuko diguten dirua eskoletan inbertitzea".


2017-05-24 | Euskal Irratiak
"Ez dugu onartzen ere Etxarriko jauregia integrista batzuei saldua izatea"

Ekainaren 12 an Baionako auzitegian ikertuko dute Etxarriko jauregiaren salmenta. Etxarri kolektiboa eta Axuria kooperatibak dute afera auzitegirat eramaiten helburua salmentaren ezeztatzea dutelarik.


Bazen behin, bada gaur

Bazen behin auzo txiki bat, hiri txiki baten eta erreka lehor baten magalean bizi zena. Aspaldidanik, dirugileak izeneko talde batek agintzen zuen munduan.


Eguneraketa berriak daude