KOMUNIKATZAILEAK SARITU DITU ARGIAK HAMARGARRENEZ

  • Urtarrilaren 22an banatu ziren 1999ko ARGIA Sariak. Saritu eta gonbidatuen artean ehun bat lagun bildu ziren Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxean. 10. edizio honetan prentsa, irratia, publizitatea, telebista, Internet eta merezimenduzko bi sari banatu ziren.

1999ko urtarrilaren 31n
Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxeko atarian hasi ziren 1999ko ARGIA Sariak, hamargarrenez Euskal Herriko Astekariak komunikazioaren munduan dabiltzanei eskainitako sariak. Gonbidatuak eta sarituak apurka-apurka heldu ziren eta bazkal aurreko mokaduaren aitzakiz gonbidatuak berriketari ekin zioten. Behin mahaietan eserita, Pello Zubiria astekariko zuzendariaren agurrak bazkaltzera gonbidatu zituen bertakoak.

Postrearen orduak ARGIA Komunikazio Sariak banatzen hasteko garaia zela adierazi zuen. Sari banaketari hasiera eman aurretik ordea, 1998ko urteak emandako hainbat gertaera gogorarazi zuen Pello Zubiriak. Iaz zendu ziren Koldo San Julian eta Imanol Laspiur oroitu zituen. Lehenak, «ARGIA»rekin kolaborazio lanak egin zituen 80ko hamarkada hasieran, astekaria suntsitzear zegoenean. Bigarrena berriz, urte luzez izan zen «Zeruko Argia»ko kolaboratzailea.

Astekariari lotutako bi gizon hauetaz gain 1998ko urtean zehar une latzak iragandako komunikabideak ere gogora ekarri ziren. «Egin» egunkariak eta Egin irratiak jasandakoa berritzeaz gain, «Gara» egunkari berriari (ordezkariak bertan ziren) ongi etorria adierazi zitzaion. Bestalde, duela urte batzuk "Merezimenduzko ARGIA Saria" jaso zuen Euskalerria Irratiari aipamen berezia egin zitzaion; edozein logikaren kontra legeztatzea ukatzen zaion bidegabekeriagatik.

Nola ez, Komunikazio Biziagoa enpresa berriaren berri azalpentxo bat eman zuen Joxe Mari Irazusta ARGIAko lehendakariak eta osatu berri den «ARGIA»ren 1.700 alea (1963ko lehen aletik kontatuta) ospatzeko gonbitea luzatu zien gonbidatuei. Ondoren zazpi sarien banaketari ekin zitzaion. Ohikoa legez, dirurik ez, baina ARGIAko kideen eta bertaratutako gonbidatuen zoriona jaso zuten. Guztion txaloa eta Mendizabal eskultoreak burututako oroigarria eraman zituzten etxera.

Prentsa idatzia

«Ez zaigu ahaztu
Alberto Barandiaran kazetari nafarrak, erreportaje sorta bategatik eta liburu bategatik jaso du aurtengo prentsa idatziaren saria. Iruindarrak Historia ikasketak eginak baditu ere, kazetari lanean aritzen da egun. «Euskaldunon Egunkaria»n idazten du eta bertarako prestatu zuen saritutako erreportaje saila. Argentinako diktadura militarraren urteetako errepresioa eta honek harrapatutako euskal jatorrizko herritarren historia bildu zituen. 1997ko azaroan hasi zen plazaratzen testu hauek «Euskaldunon Egunkaria»n eta ondoren iritsi zen «Ez zaigu ahaztu» liburua. Nafar kazetariak hamar hilabete igaro zituen dokumentazioa biltzen eta gero Argentinara bidaiatu zuen, hogei egunez dokumentazio lana osatu eta estatua ezagutzeko asmoz. Barandiaranek prentsa idatziaren saria merezi izan du bai kontatzen duenagatik eta baita kontatzeko moduagatik ere.

Irratia

Hogeita bost urte
Bizkaia Irratiak jaso du irrati ataleko saria; jadanik hogeita bost urte igaro dira hasi zirenetik. 1973an, urriaren 11n aireratu zituen lehen hitzak. Ordutik Bizkaia Irratia gorpuzten joan da. Gaur egun dozena bat langile ari dira bai esatari, tekniko eta gainerako lanetan. Urtean zehar ordea, dozena hori hamalau-hamabost lagunetara igotzen da. Lantalde honek goizeko 6:45 etan hasi eta 11:00ak arte luzatzen den tartean programazio mardula luzatzen die Bizkaiko entzuleei. Aste osoan zehar ordutegi bera izaten dute eta 11:00etatik aurrera musikak lekua hartzen du. Euskarari dagokionez, bizkaiera literarioaren aldeko apustua egin dute irratiko esatariek, nahiz eta saioetan zehar parte hartzen duten askok eta askok euskara batua erabiltzen duten.

Publizitatea

Eguberri zoriontsuak kantatuz
Gabonak heldu aurretik, abenduaren hasiera aldera, gabon giroa berotzeari heldu zion Euskal Telebistak. Saio baten eta bestearen artean, atsedena hartu eta mokadu baten bila joan ordez, pantailari begira egon gara gutako asko. Gabon zoriontsuak opatzeko asmoz, "Eguberri Zoriontsuak" izeneko abestia konposatu zuen Joxean Goikoetxeak Euskal Telebistaren enkarguz. Letra berriz, Xabier Euzkitzek jarri zion. Zein baino zein Euskal Telebistako aurpegi ezagunak kantari agertu zaizkigu: Julio Ibarra, Maialen Iriarte, Ixiar Oreja, Yolanda Alzola eta Goenkaleko aktoreak beste askoren artean. Ikusle alferrenek ahapeka bada ere abesteko adina ikasi dute abestia eta arreta pixka bat gehiago jarri dutenek edo telebista gehixeago ikusi dutenek buruz ikasi dituzte Joxean Goikoetxeak musikatutako Euzkitzeren bertsoak.

Internet

"Kaixo" bilatzailea nabigatzeko
Internetaren munduak ate asko ireki dizkio jende ugariri. Batzuk jada zeharo murgilduta daude, beste batzuentzat zeharo ezezaguna da. Lantalde galantak, sormena eta dirua jarri dira komunikabide berri hau abian jartzeko. Aitor Lopez de Aberasturi gazteiztar gazteak nabigazioaren poderioz eta jakinminari esker berak sortutako bilatzailea antolatu du "Kaixo" izenekoa. Gaztelaniaz zein euskaraz bilaketak egiteko aukera ematen du. Bilaketa arruntaz gain, berak proposatutako gaikako bilaketa egin daiteke. Informatika, enpresa, hedabideak, turismoa, irakaskuntza, aisialdia, kirolak, euskara eta beste hainbat atal ditu kontsultatzeko moduan. Horretaz gain, txat-erako, lan bilaketarako aukerak eta loturak eskaintzen ditu. Euskal Herriko mapan klikatuz berriz, zenbait herritako helbide elektroniko interesgarrien berri ematen zaigu.

Telebista

Bertsozaleen gozamena
Urtetako ibilbidea egin du «Hitzetik Hortzera» bertsozaleentzako telebista saioak. Tirabiraz eta hutsunez betetako bidea, baina zorionez gaur egun astero bertsolariak ikusi eta beraien bertsoak entzun ditzakegu. Joxerra Gartziak aurkeztu zuen saioa lehenengo ekinaldian. Ondoren hasi ziren gorabeherak eta 1997ko udazkenean berriro «Hitzetik Hortzera» bere tenorera itzuli zen. Iñigo Aiestaranek hartu zuen saioa aurkezteko ardura eta zuzendari lanak Maite Odriozolak betetzen ditu. Asteroko ordu eta erdi inguruko programan bertso saioetako ahapaldi ederrenak eskaintzeaz gain bestelako aukerak ere eskaintzen ditu programak. Bertso giroko liburuak, aldizkariak, argitaratu direla, «Hitzetik Hortzera» hor da. Platoan bertan berriz, gehienetan Iñigo Aiestaran bakarrik aritzen da aurkezle lanetan, baina noizbehinka bisitaren bat edo beste izaten du, bertso liburu idazleren bat dela, azkenaldian gogor ari den bertsolariren bat dela... Esate baterako, Igor Elortza Bizkai-Arabako Txapelduna izan berri du Iñigo Aiestaranek bere platoan. Bestalde, bertso jarriei ere egiten diete tarteka leku.

Merezimenduzko saria

Astekari elektronikoaren txanda
Eusko Ikaskuntza erakundearen eskutik sortu zen «Euskonews&Media» aldizkari elektronikoa. Astekaria da aldizkari elektroniko hau eta dagoeneko 18. alera iritsi dira, lau hilabete eta erdi sortu zela beraz. Urte askotan lanean aritu eta Internetaren garai honetan euskarri elektronikoan aldizkaria sortzeak merezi izan du saria.
«Euskonews&Media»k atal ugari ditu. Elkarrizketa bat du ardatz nagusi eta horren ondotik datoz asteroko gaiak (alor desberdinak ukitzen dituztenak). Efemerideak, hemeroteka, erakusleihoa, irakurlearen txokoa eta kultur iritziak ere asteroko alean daude. Aldizkariaz gain irratiari ere egin diote lekutxoa. Radio Vitoria eta Herri Irratian egindako mahainguruak jasotzen dira, nahi denean entzuteko moduan. Irratsaio hauek gai ugari jorratzen dituzte, 18. alean adibidez, euskal literatura, musika, alfareria tradizionala eta ekonomiari buruzko mahainguru bana entzun ahal da.

Merezimenduzko saria

Komunikazio bide irekiz
Komunikazio munduko sarien artean aurten leku bat izan du Senideak erakundeak. Komunikabideen esparruarekin zuzeneko zerikusia ez badu ere, komunikazio lan zaila burutu du azken urteotan. Inkomunikazio garai zailetan aritu da lanean, luzatutako mezua inor gutxik entzuten zuenean. Euskaldunon artean itxaropena piztu den honetan lortu dute beren mezua Euskal Herri osoan zabaltzea. Duela zortzi urte sortu zen Senideak erakundea eta hamar bat langileren eta senide askoren laguntzaz 523 presoren alde ari dira lanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude