Bihar Argentinako presidente berria hautatzeko hauteskundeak egingo dira. Cristina Fernández da faborito nagusia, lehenengo itzulian botoen %50a eskuratu ondoren. Kirchnertarrek Argentinaren eraldaketa bultzatu dute peronismoaren itzalean. Baina kontraesanik ez da falta.
Pasa den martxoaren 11n, 70.000 pertsonak leporaino bete zuten Buenos Airesko Huracan futbol zelaia. Hogeita hamazazpi urte lehenago, beste martxoaren 11 batean, Peronismoak hauteskundeetan izandako garaipena gogorarazi nahi zuten; hemezortzi urteko debekuaren ostean Cámpora presidentziara, Perón boterera lemapean egindako haiek, hain zuzen. Ekitaldiak, bestaldetik, Cámpora doktorearen udaberri ezkertiarraren eta Cristina Fernándezen egungo Gobernuaren arteko lotura nabarmendu nahi izan zuen. Francok babestuta egon zen militarrak sortutako peronismoa ezkertiartzat jotzea, edo ulertzea bera ere, zaila egiten zaigu Euskal Herrian. Edozelan ere, presidentziarako hauteskundeak gertu diren honetan, Cristina Fernández da irabazteko faborito nagusia, peronista direnen eta ez direnen artean. Sostengu handia dauka biztanleriarengan.
Caseros etorbidea, Huracanetik metro gutxira, jendez gainezka dago. Ideologia askotako jendeak eta banderak badira ere, liturgia peronista da nagusi: dunbalak eta abestitxoak ozen entzuten dira; auzoetako biztanleak ekarri dituzten mikrobusak kale hertzetan daude lerrotuta; montonero gerrillarien ikurrak, Néstor Kirchnerren, Peronen, Evitaren, aita Mujicaren eta Cristina Fernándezen irudiak nonahi daude, denak zuri-urdin kolorez tindatuta. 1970. hamarkadako imajinarioak eta gaurkoak bat egiten dute, antza.
1973ko ekainaren 20an Peron Madriletik bueltatu zenean, peronistek 13 hildako eta 365 zauritu eragin zituzten –armarik gabe guztiak, eta haietako batzuk montoneroak–; hori ulertzea ere zaila da. Ulergaitza da, baita ere, estatua saldu zuten Menem eta Duhalde presidenteak eta gehiengoaren konfiantza duen Cristina Fernández, hiruak peronistak izatea. Batzuentzat, Peronek berak jasotako estatu kolpeak eta hamazortzi urteko debekuak ekarritako subjektibotasun okerren emaitza da hau guztia. Bestaldetik, ezin dugu ahaztu hirutan presidente (1946-1952, 1952-55, 1973-77) izan zen Juan Domingo Peronek jakin izan zuela hasieratik langileak erakartzen: berak promulgatu zuen langileria babesteko legedi osoa, eta gerraosteko egoeraz baliatuz, mundu erdia hornituko zuen industriagintza eraiki zuen. Haren ondorioz jaiotako proletalgo berriak bat egin zuen Peronekin. Gutxi izan ziren ohiko sindikatu ezkertiarrekin geratu zirenak, artean oso ahulduta baitzeuden. Juan Domingo Peronen agintaldian langileek estatuaren ondasunen %48 jasotzen zuten. Ezkertiarrak bortizki jazarri zituen arren, argentinar askoren gogoan langileria babestu eta oligarkiari aurre egin zion pertsonaia handia da.
Kirchnertarren ekarria
2003an Néstor Kirchner (1950-2010) presidente izendatu zutenean, Eduardo Duhaldek eta neoliberalismoak aukeratutako ordezkoa baino ez zen askoren aburuz. Hala ere, azken bederatzi urteotan, asko izan dira Argentinako Gobernuan egindakoak: “55 urte ditut eta egungoa da ezagutu dudan gobernurik onena. Jaioberri bakoitzeko diru laguntza, homosexualen arteko ezkontzak, militar genozidak auziperatzea, oligarkiak hedabideen gainean duen monopolioa apurtzeko legea, nire ustez, lorpen handiak dira; aspaldidanik espero genituenak”, dio Marcelo Maddio psikologoak. “Brianen bizitza dirudi, ea erromatarrek zer egin duten galdetzen dutenean: peronista izan ala ez izan, onartu behar dugu Kirchnetarren gobernuek sortutako aldaketak direla hauek guztiak”.
Behin Gobernura helduta, bere aginteari zilegitasuna eta eraginkortasuna emateko asmoz, Kirchnerrek ezkertiar asko deitu zituen berarekin lan egitera –peronistak eta ez peronistak–, haietako zenbait 1970eko hamarkadan onduak. Maiatzeko Plazako Amen presidente Hebe de Bonafinik berak esan zuen beren semeetako batek Plaza zeharkatu zuela Presidentearen aulkian jesartzeko. “Egungo Gobernua heldu zenean, duela zortzi urte, proiektu ezberdintzat jo genuen. Pentsatu genuen gure eskuetan hartu behar genuela. Inoiz egon ez den jarrera zabalik dagoela nabari dugu. Giza eskubideetan eta beste arlo askotan ere”, adierazten digu Hebek de Bonafinik. Ez dira gutxi, oraindik ere, jarrera berri honek txundituta laga dituztenak: “Denok dakigu teoria zelakoa den, zertarako borrokatu zuten gure gurasoek”, dio La Platako Hijos taldeko sortzaile eta kazetari Lucía Garciak. “Vasco, hau da dagoena; eta ez dago beste ezer hau baino. Gaur egun, alderdi ezkertiarrek defendatzen dutenari ezin zaio eutsi. Amek bat egiten dute Gobernuarekin eta bere aldeko kanpaina egingo dute”.
Alderdi Peronistaren (PJ) presidentzia bereganatu ez ezik, kirchnertarrek jakin izan dute beren proiekturako oso ehun zabala josten: jatorri eta garai ezberdinetako militanteak bat datoz Cristina Fernándezekin. “Historikoki, Argentinan, ezkerra antiperonista existitu izan da, Alderdi Komunista, kasu. Baina masa-mugimenduetatik at geratu da beti. Orain, haietako batzuk Gobernura hurbildu dira betikoa ez gertatzeko, jokoz kanpo ez geratzeko”, dio Nestor Apdelgani kooperatibistak. Ildo beretik, azalpen gehiago ematen dizkigu Fernando Krichmar zinegileak: “Peronismoa da Argentina gobernatzeko gai den mugimendu bakarra. Beraienak dira sindikatuak; beraiek dira masekiko benetako lotura duten bakarrak. Gainera, peronismoa dirua garatzen duen politika da; hau da, atxikimenduak eta babeskeria sortzen duen politika da”. Baina, zelan da posible aurrerakoia izan nahi duen Gobernuak Menem presidente ohiaren sostengua jasotzea? Zelan egon daitezke itsasontzi berean orain dela hamar urte eskas Argentina porroteraino eroan zutenekin? “Peronismoaz hitz egiterakoan badira idatzita ez dauden legeak, mugimendua konprenitzeko ezinbestekoak direnak: ezin dira oinak lorontzitik –hots, alderditik– atera, eta borrokalditik galtzaile irtendakoak ez du ezer esaterik”. Hala ere, Gobernuak duen oposiziorik zorrotzena peronismoa bera da: Eduardo Duhalde presidente ohiak eta barnealdeko jauntxoek gidatzen dute Peronismo Federal izenekoa; muturreko eskuma liberala ordezkatzen dute. Nestor Apdelganiren ustetan, “alde biek elkar behar dute; egon behar du ezkertiarrarena egiten duena, baita eskuma islatzen duena ere. Hori bai, eskuma, Duhalde, Gobernuan egotekotan, kalean tiroka egongo ginateke”.
La Nueva Unión obreroek beraiek porrotetik berreskuratutako inprimategia da. Huracan kantxatik oso gertu dago. Atetik, matea eskuan, Hector El flacok peronistek osatutako jende-zutabeei begiratzen die: “Guri dagokigunez, esan behar dugu gauzak ondo egin dituztela. Gurea bezalako egoerak legeztatzeko legea promulgatu ez ezik, enpresak guk geuk kudeatu ditzagun aparteko maileguak eta ikastaroak ere ematen dizkigute. Inportantea izan da oso hedabideen legea. Monopolioa desagertu den heinean, kazetari askori maskara erori zaie. Ezin dute, lehen bezala, gezurretan segitu”.
Silvia Boo Quilmes udalerriko Solano auzoan bizi da. Buenos Aires hiriburutik 30 kilometrora dago Solano eta behin Argentina osoa asaldatu zuen mugimendu piketeroaren epizentroetako bat da. “Egia da lehen baino hobe gaudela. Kontuan izan behar dugu, hala ere, egungo kontsumoa maileguek eta diru laguntza publikoek bultzatu dutela. Asko da Gobernuak auzoetan sartu duen dirua. Ez dakigu, beraz, egungoak noiz arte iraungo duen. Badirudi kirchnetarren Gobernuari estu lotua dela. Segitzen dugu betiko sistema edukitzen –dio Book–. Eta, ohitura den lez, gizartea militarizatu dute, baita beren kontrakoa den edozein protesta gaiztotu eta kriminalizatu ere”.
Menem presidente zela, Estatuko petrolio konpainia (YPF) pribatizatzeko ezinbesteko laguntza eman zuen Santa Cruz probintziako gobernadorea zen Néstor Kirchner. Hamabost urte geroago, jendetza izugarriak eman zion agurra elizkizunetan. Egun, Che Guevara bezala, berea bada gazteak oldartzen dituen argazkia. “Egia bakarra, errealitatea da”, esaten zuen Peronek.
Carrefour, CAF, Crédit Agricole, BlackRock... Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak enpresa sare handi bat egin du Israel burutzen ari den Gazako genozidioaren konplize, eta horien arduradunak eta goi karguak ikertzeko eskatu du.
Asteartean eginiko bozketan, enpresako zuzendaritzak eginiko proposamenari uko egin eta grebari eustea erabaki dute Iruñeko garraio publikoko autobus gidariek. Iruñerriko Mankomunitateak sanferminetan %70ko gutxieneko zerbitzuak eskaintzea proposatu du.
Adimen Artifizialaz egindako bideoak sareratu dituzte, Mengolini difamatzen dutenak. “Gorrotoa bultzatzea, indarkeria kolektiboa eta bortxazko mehatxuak” izan direla salatu du kazetariak, eta zigor bideari ekingo diola.
17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.
AEBetako presidenteak adierazi du orain Hamasen erantzunaren zain daudela: "Ez badute onartzen, egoerak okerrera egingo du". 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar itzultzea, eta beste hamabosten gorpuak ere... [+]
Apirilean gertatu zen, Etxarri II gaztetxearen desalojoan, eta tiroaren ondorioz barrabila galdu zuen Iker Aranak. Aranak berak emandako materialetik identifikatu dute ertzaina.
Pasa den astean kontabilitatea egiteko software libreko programa instalatu nuen ordenagailuan. Ez dakit lurralde guztietan berdin izango den, baina Bizkaian jarduera ekonomiko bat garatzen dugunok Batuz atarian egin behar ditugu fakturak. Batuz ataria ondo dago, baina... [+]
Kooperatiben mugimenduak euskal nortasunaren sakoneko afektu bat esnatzen du gehienetan. Kontzeptuarekiko gertutasun, harrotasun, lurraldetasun bat. Eta bizirik dabil, kooperatibek gaurkotasun handia irabazi dutelako, ez da iraganeko historiako ekimen euskaldun bat... [+]
Zezenketaren kontrakoa naiz, baina debekua heltzen den bitartean, jarraituko dut zezen-plazetan gozatzen”. Lagun baten iruzkin zinikoa gogorarazi dit Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiaren azken polemikak.
Izan ere, Koldo ustelkeria kasuaren testuinguruan... [+]
Urtebete baino gehiago eman dute hausnarketa prozesuan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera, eta agerraldi bateratua egin dute ateratako ondorioak plazaratzeko. Familiak eta erakunde publikoak ere interpelatu dituzte.
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Elkar, 2024
------------------------------------------------------------------
Helduentzat bigarren liburua du Karmele Mitxelenak. Lehenengoa ipuin liburua izan zen, eta honetan ere nabari zaio ipuingile eskua; izan ere,... [+]
Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak dei egin die herritar guztiei ostiralean, uztailak 4, proiektuaren aurka mobilizatzera.