"Tractatus Poetico-Criminologicus"

  • Saio poetiko-kriminologiko labur honen bitartez, kulturaren arazo zaurgarri eta itxi gabe bat, euskal literaturan isla berezia izan duena, aintzat hartu eta argitzeko bidea eskaini nahi izan dut. Alegia, poesiaren heriotzaren gai maiztuari giltza eman. Nork hil du? Cui prodest? Non datza delituaren gorputza?


2012ko otsailaren 10an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Saio poetiko-kriminologikoa idatzi du Angel Errok ARGIAren urtekarian.

Egitekoa aurrera eramateko formari dagokionez, Ludwig Wittgensteinek 1921ean argitaratutako Tractatus Logico-Philosophicus ezagunak utzitako puntutik abiatzea erabaki badut, hau da, hainbeste zeresan eman duen isiltzerako dei horretatik (Wovon man nicht sprechen kann, darüber muss man schweigen: Hitz egin ezin daitekeenaz hobe da isiltzea), lan honek definizioz poesia hiltzat eta gainditutzat ematen duen postpoesia delako mugimenduan izan duen eraginagatik izan da eta, bestalde, apaltasun handienaz uste dudalako filosofo vienarrak ikerketa erdizka utzi zuela. Azkenik, inspiratzailea deritzot Tractatusek darabilen mintzamolde aforistiko, zehatz eta amorratuari.

Hemen idatzi ditudanek ez daukate berritasun asmo berezirik. Hortaz, ez ditut beti nire iturriak aipatuko; Wittgensteinek berak dioenez, ez baitu axola nik pentsatutakoa nik baino lehenago beste norbaitek pentsatu badu.

Burlatan, 2011ko abenduan.

7. Hitz egin ezin daitekeenaz hobe da isiltzea.

7.1 Beste batek hor utziko zuen ikerketa. Ausart gaitezen gu haratago.

7.2 Zer dago isiltze horren atzean? Poesia maiz lotu izan da isiltasunarekin, isilaz egina edo isilera bideratua egonik. Isiltasunetik haratagokoa omen da poesiaren eremua.

7.21 Edozeinek ulertzeko moduko hitz jokoa erabiliz, poesia hitziltasuna litzateke.

7.22 Espainian horixe aldarrikatzen duen mugimendu poetiko indartsua badago, isiltasunaren poesiaren alde egiten duena, esperientziaren poesia delakoaren etsai ezin adiskidetuzkoa. Isiltasuna, testuinguru horretan, hitzaren purutasunarekin lotuko litzateke. Badenaren gune esentzialera, esanezinaren mugara hurbiltzea galarazten duen bitarteko oztopo oro eranztean letzake.

7.221 Korronte horren euskal baliokidea bilatzea estrategia okerra dela argi ikusten dudan arren, horrek ez du saihesten gure artean ematen den Pentsamenduaren Poesia delakoarekin eta haren aldeko aktibistekin (Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko) lot dezadan.

7.2211 Urtero atera ohi duten manifestu batean honela zioten behin: “Poesia zerbait bada, pentsamendu musikatua behar du izan, barne isiltasunetik abiatzen den gogoeta, giza izatea jomuga eta infiniturantz helmuga duen oihu etiko bezain estetikoa”.

7.223 Euskal poesiaren beste sentsibilitateren batek, beharbada nagusiak, praktikatzen

duen poesia moldea, guztiz antipodetan egonda ere, darabiltzan elementu saturatzaileengatik (abintestato, ez bainaiz ausartzen kriptikoa deitzera) eta irakurlearen ulermenarekiko zailtasunengatik isiltasunaren aldaera sotiltzat har genezake, edo hots zuritzat, zeinaren itxaropen matematikoa zero baita une guztietarako.

7.3 Isiltasunak bere arauak baditu. Guztietan ezagunena eta printzipalena isiltasunaren legea edo omertà delakoa da, zeinak krimen baten aurrean, denik eta nabarmen edo agerikoena izanik ere, txintik ez ateratzea, benetako erantzulea babestea eta ikertzailea nahastea baitakartza.

7.31 Baina metodologikoki, Poesia-Kriminologiaren arrazoibideari jarraikiz, nago puntu ilunen bat argi genezakeela.

8. Poesia hilda dago.

8.01 Topikoak bultzatzen gaitu Theodor W. Adornoren dictum eten gabe errepikatua berritzera, kein Gedicht nach Auschwitz (Auschwitzen ondoren poesia gehiagorik ez), gas kameran hildakotzat eman baitzen, XX. mende erdialdean.

Paul Celanek erantzun edo egiten dio, poema batean dioelarik: Niemand zeugt für den Zeugen. Hau da, inork ez du lekukoaren tokian (edo lekukoaren alde) lekukotasuna ematen.

Utz dezagun hemen puntu hau, balantza aspalditik makurtu baita bigarrenaren alde.

8.1 Poesiaren hiltokia Euskal Herria da.

8.11 Euskal Herria edo, zehatzago, Euskal Letren Errepublika. Honek, literatura nazionalei buruz zein jarrera hartzen dugun, generamake hildakoa Poesia (bere osotasunean) edo Euskal Poesia ote den argitu behar izatera.

8.112 Ez da kontu hutsala, hiltzearen kausa indarkeriazkoa izan dela ebatziko balitz, jurisdikzio gatazka bat sortuko bailitzateke.

8.12 Mundu osoan makaltasun seinaleak eman baditu ere, gutxi dira heriotzaz mintzatzera ausartu direnak, eta inor ez da iritsi euskaldunak baino urrunago. Tadeusz Róewicz-ek (Radomsku, Polonia, 1921), esate batera, Poesia hilda dagoela baino ez du baietsi, Poezja jest martwa.

8.13 Heriotza naturala gabe, erailketa izan dela egiaztatzen eta salatzen lehenak eta bizkorrenak euskal poetak izan dira.

9. Euskal poetak, berez, susmagarriak dira.

9.01 “Euskaldunarena susmoak pizten dituen identitatea baita” (Joseba Sarrionandiak Marie Darrieussecq-i emandako elkarrizketa batean, moldaturik Les Inrockuptibles aldizkari paperezkoan argitaratu eta, moldatu gabe, ZuZeu aldizkari digitalean 2011ko ekainaren 8an agertu bezala).

9.1 Poesiaren hilketarako, hiru euskal susmagarri argi ditugu. Poesia bera alde batera, dramaren pertsonaiak honakoak dira eszenan agertze hurrenkeran: Joseba Sarrionandia, Beñat Sarasola eta Jon Benito. Bakoitzaren aurkako aztarnak, zirkunstantziak, alibiak eta abar aletuko ditut.

9.11 Joseba Sarrionandiak ondoko poema idatzi zuen: “Poesia hilda dago baina ez dut nik hil./ Ene hatz mamien markak aurkituko dituzue igual/ gorpuaren gainean,/ ni badaezpadan inguratu naiz, hilotza/ oraidatan zegoen. »Batzuetan ene oinetara etortzen zen jolastera./ Nik ez nuen poeta izan nahi./ Nork esan dizue ikusi ninduela? Ni hemendik/ paseatzen nenbilen./ Ez dakit nork hil duen, hurreratu naizenean/ jendez inguratuta zegoen, hila./ Poeta omen direnetako poeta batek itoko zuen akaso (…)”.

9.111 Poesia zenari bizitza itzultzeko ahaleginen hatz markak eta bestelako aztarnak zuritu balitu ere, lehenagotiko tratu intimo eta konfiantzazkoa bazutela argi gelditzen da. Bitxia da nola, ezerezetik, beste poeta txarragoren bati egozten dion hilketa. Aitortzen duena baino gehiago dakiela aditzera ematen du. Guztiarekin ere, auzipetu honen hitzak sinesten ditugu, a) errugabetasun printzipioari men eginda, b) egiantzaz desenkusatzen delako eta c) urbi et orbe ziurtatu berri dutelako ez duela auzirik zabalik Justizia Poetikoarekin.

9.112 Azken puntu honi dagokionez, hauts asko harrotu dute 2011ko azken egunetan, euskarazko saiakera arloko Euskadi Sariaren epaimahaiak Moroak gara behelaino artean? obra saritzen zuela jakinarazi zuenetik sari emanaldiaren eguna iritsi bitartean, Eusko Jaurlaritzak sariaren alde ekonomikoa atxikiko zuelako iragarpenak eta hura bezalako beste mugimendu baldarrek, zeinek ez baitu gehiegi lagundu euskal literatur sisteman prestigio emaile nagusia liratekeen sari hauek prestigiatzen.

9.1121 Euskadi Sariak ez du poesiarako atal berezi bat. Poesia lanak sarituak gerta daitezke (euskarazko) literatura atalean, ia inoiz gertatzen ez den zerbait, inor gutxiri iruditzen baitzaio poema batzuk idaztea (lorategi bat edo, honetara jarriak, hil koroa bat atontzetik hurbilena) narratibako lan bat (zer esanik ez, eleberri mardul bat baldin bada) burutzea bezain mereziduna denik.

9.11211 Halere, Saiakerak, literatur genero iritsi berria izanik ere, atal berezia du.

9.11212 Halere, Haur eta Gazte Literaturak Euskadi Sarietan atal berezi bat du, nahiz eta iritsi berria izan, nahiz eta didaktikaren azpigenero bat den eta nahiz eta hor egoteko motibo nagusiak sasikoak izan, liburugintzan duen pisu ekonomikoan oinarrituak. 16

9.1122 Aurreko bi puntuengatik: nik ere Utikan Euskadi Sariak! egin gura dut aldarri.

9.12 Beñat Sarasolak ondoko poema idatzi zuen:

“Poesia hilda dago eta ni izan naiz, sarjentu jauna./ Ni nintzen kale bazterrean prest zegoena,/ 11:16 a.m, april 17./ Ez ezazuela gizontto hau kondenatu,/ bere hatz markak topatuko zenituzten akaso,/ baina ikusazu, sarjentu jauna,/ gizon honek zibismoan sinesten du oraindik./ Ez ezazuela komisaldegira eraman, benetan/ eraman nazazue ni, ni izan naiz./ Poesia akabatzea hain erraza balitz bezala!/ Labankada bat eman nion urdailean lehendabizi/ eta han utzi nuen lurrean odolusten./ Gurutze Gorrikoek salbatu zuten/ azken generazioko aparatu batzuei esker./ Geroago, laranja batzuk erosten ari zela/ bost tiro eman nizkion bizkarraldean./ Sarjentu jauna, ez dakit/ ulertzeko gai izango zaren/ baina poesia akabatzea ez da/ zuk uste bezain gauza sinplea./ Ene eskuez ito behar izan dut,/ zuek ailegatu arte egon naiz lepoa estutzen./ Seguru hilda dagoela ezta?/ Hartu al diozue pultsua?/ Benetan, ez dakit nondik atera den morroi hau./ Ez, ez ezazuela gorpua periodikoz estali;/ etor daitezela kazetariak, tv-kamerak, fotografoak,/ eta orkestra ttipi bat ere bai, topatzen baduzue./ Esan poesia hilda dagoela,/ esan ni izan naizela”.

9.121 Auzipetu honek bere burua kulpadun erakutsi nahi du, behar du, baina haren jardunaz ez fidatzeko motiboak aurkitzen ditugu errudun ikus dezaten erakusten duen gehiegizko teman. Nire ezagueratik kanpo, diagnostiko bat aurreratu nahi gabe ere, menturatuko nintzateke narzizismo eskizoide bat edo tanato-mitoklastia bat aipatzera.

9.122 Beldur da aurreko belaunaldikoak krimenaren fama eta ospea eramanen ote duen eta lehiatzen da bere burua salatzera, kontuari ahalik eta hauspo mediatiko handiena emanez.

9.123 Gaizkile baino estalgilearen profilean sartuko nuke.

9.1231 Poema honetako poeta autoinkulpatuak, alderantzizko psikologia erabiliz, Sarrionandia “gizontto”-arengan erreparatzera bulkatzen bagaitu ere, lehenago errugabetu dugu Sarri.

9.1232 Hurbilagoko norbait estali nahian dabil, norbait gaztexeagoa, are bere belaunaldikoa, akaso konplize bat.

9.13 Jon Benitok ondokoa idatzi du Aingurak Denboretan poemaren azken bi lerroetan:

“Poesia ez nuen nik hil,/ hark zauritu ninduen larriki”.

9.131 Jon Benitok ere poesia hiltzat ematen du, norbaitek hildakotzat, bere burua zuritzen badu ere, zaurien erakustaldiaren bitartez. Gero itzuliko gara aipu labur honetara, Bulkada liburukoa, 2010ko azken txanpan azokaratu eta aurten zeresan franko eman duena.

9.1311 Bederatzi urteko isilaldi osteko lana da Bulkada, egileak azpimarratu duenez, lehenagoko idazlea (Jon Benito 1.0) hil eta gero bururatua: “Liburu bat argitaratzera noa orain, nintzen idazlea hil eta denbora batera”. Libururako pentsatua zuen izenburua Ekaitza eta bulkada zen, baina azkenik “ekaitza” atertu zuen, erromantikoegia zelakoan.

9.13112 Egiatan hala zen, Goethek gidatutako gazte mugimendu literarioa halaxe deitzen baitzen, Sturm und Drang, Ekaitza eta Bulkada. Datu hau guztiz alferrikakoa da, alemanez idazteko erotikari, erudizio hutsalari edo serendipityri neure burua kontsakratzeko desiragatik ez bada.

9.1312 Azaroaren 15ean Berria egunkariak Madrilgo agentzietako oharretatik jasotzen zuenez, “Jon Benitoren Bulkada poema liburua (Susa, 2010) finalista izan da Poesia Gazteko Miguel Hernandez Sari Nazionalean. (…) Espainiako sari nazionaletan ez da normalean finalista izendapen ofizialik egiten, baina kasu honetan salbuespena egin, eta Bulkada finalista izendatzea erabaki du epaimahaiak, egileen gaztetasuna eta bi obren kalitatea aintzat hartuta”.

Berria-k, orobat, dio lerrook idazten ditudan hau epaimahaian egon zela. Euskaltzaindiaren izenean.

9.13121 Espainiako sari nazional hori Euskal Poesiak eskuratu izan balu (Jon Benitoren bidez), zer ekarriko lioke, zer ekarriko liguke?

Literatur sistemetan erakunde saritzaileek berebiziko garrantzia izan ohi dute betetzen duten rol kanonizatzaileagatik. Euskal Sistema Literarioan (ESL), hein handi batean, kanona kanpotik prestigiatu digute, ez da sistema barruan erabakia, nahiz eta ESL dohatuago dagoen eta irizpide gehiago ditu barrukoa epaitzeko, barruko interesei beha. Honen frogabide dira narratibako hiru euskaldun sarinazionaldun (Atxaga, Elorriaga eta Uribe), ESLren gailurrera igoaraziak, Espainiako Sistema Literarioan lekutxoa aitortu zaienez gero.

Aitzitik, poesiaren arloan, Euskadi Sarietan, hau da, barne prestigiatzailea izan litekeen literatur erakundean, ikusi dugunez, poesiak ez du sail berezirik eta Sari Nazionalen eremuan orain arte euskarazko poetarik ez da iritsi helmugako xingola apurtzera. Horrek, ziur aski, sariduna kokaleku kanoniko batera azkar bai azkar eramanen luke, euskal literaturak erreferentziazko poetarik ez duen momentu batean eraman ere. Izan ere, Lete, Lekuona, Gandiaga hil dira eta poesiaren promesa gazteagoak narratibara lerratu dira, ESLren beste jarleku batzuk, itzal handiagokoak, betetzeagatik (Uribe) edo goi-eleberrigilearen plazarako oposizioak prestatzen egoteagatik.

Sede vacante egoeran, inoiz baino gehiago euskal poeta antonomasiazko bat behar dugu.

9.13122 Epaimahai horretan ikusitakoek lur eta zur utzi naute. Gouncourt sarian erabiltzen omen den botazio sistema bera praktikan jartzen ari ginela, aurreko puntuko eztabaidak nire baitan haragitzen zen bitartean, konstatazio batek sumindu ninduen gehien. Uste osoa dut Gaztelaniazko Erret Akademiaren ordezkari entzutetsuak ez zuela finalistetako liburu bakar bat ere irakurri. Frogarik ez dut. Baina begietara begiratu eta nabaritu nion, eta berak sumatu zuen nabaritu niola, eta orduz geroztik ez zuen burua jaso, txintik atera gabe bozka eta bozka.

9.13123 Aurreko bi puntuengatik: nik ere Utikan Sari Nazionalak! egin gura dut aldarri.

9.1313 Bulkadarekin lehiatzen zen liburuetako bat, borrokan gutxien iraun zuenetarikoa, oso esanguratsuki, Luna Miguelen Poetry is not dead poema liburua zen, zeinaren izenburuak Tractatus honen zeregina gezurtatzen duela bailirudike. Hortaz, poesia hilda ez dagoelako adierazpen hori liburuaren hizkuntz eremuari dagokiola ondorioztatu behar dugu, hots, espainolari, edo izenburua formulatuta dagoen hizkuntzakoari, eremu anglosaxoiari.

9.132 Jon Benito ere errugabetu behar dugu Poesia hil izanaren kargutik. Ez euskal poesiaren sistema literarioa iraultzeko puntuan egon delako, baizik eta a) errugabe deklaratzen duelako bere burua, “Poesia ez nuen nik hil” dioenean, eta b), ondoren aitortzen duenez, Poesiarekiko liskarretik ez zelako oso onik atera. Izan ere, poetaren hitzetan, “hark zauritu ninduen larriki”.

9.1321 Poesiak, Jon Benitoren aurka, bere buruaren defentsa bidezkoa argudia lezake, poetak metafora eta bestelako tropoekiko axolagabekeria, mesprezua ez esatearren, erakutsi baitu jendaurrean, Poesiak maiteen dituenetakoak direla aintzat hartu gabe, ondokoak bezalako adierazpenetan: «Hitzak berez adieraz zezala metaforarik behar izan gabe», «Nire buruarentzat akuilu txiki bat izango zen baldintza jarri nuen idazterako orduan. Liburu osoan ez zen bezala bakar bat agertuko. Hitz horrek ezin zuen agertu».

9.2 Behin karguak, frogak eta lekukotasunak aztertuta, hiru susmagarriok susmo orotatik salbuetsiak gelditzen dira.

9.2.1 Hala ere, hor darrai, arnasgabe, Poesiaren hilotzak.

9.3 Beste nonbait bilatu behar dugu Poesiaren heriotzaren kulpantea.

9.31 Bederatzigarren puntu hau itzulinguru bihurgunetsu bezain alferrikakoa izan da

–esan daitekeen guztia argi esan daiteke, diosku filosofoak–. Atera gaitezen hartatik

eta eman dezagun esan gabetzat.

10. Poesiari kalte egin diotenak beste nonbait bilatu beharko ditugu. Noraezean nabil, itsuan. Bila dezadan erantzuna nire baitan.

10.01 Poesiaren gaurko eremua (jakina, norberaren) intimitatea da.

10.011 Niaren poesiatik kanpo ez dago deus. Poetak beti hartzen du subjektu agentearen tokia. Egitura nominatibo-akusatibo batekoa.

10.0111 Ergatibotasuna eta poesiak ezarri duen rolen banaketa ez datoz bat.

10.0112 Poeta, maitale vs maitatu dikotomian, beti da maitalea, maitasunaren objektua adierazten duena.

10.0113 Poesiak (orainaldian) ez du pasibotasunaren adierazpena onartzen. Ezin du bizitzako ezein fenomenotan parte hartzerik espresatu; horixe idazten eserita dagoen unetik beretik bere burua gezurtatzen ari baita.

10.0114 Tradizioak, hori saihesteko, hainbat kirol emanaldirekin edo Oscar zeremoniarekin egiten den bezala, bizitakoaren eta adierazitakoaren arteko denbora tarte edo décalage txiki bat ezarri du, eta, ondorioz, baita bizitakoaren eta idatzitakoaren arteko tarte sentimental txiki bat ere, emaitzaren kalitatea kontrolatzearen aldera.

10.1 Niaren gogo espansionistak tarte hori txikiagotu du gradu mikroskopikoraino.

10.11 Poesiaren eremutik beretik atera eta beste eremu batzuetara ere hedatu da, poesiaren gaineko metahizkuntzara, (hots, kritikagintzara, oso kontu arriskutsua, haren gaineko kontrol osoa gal dezakegulako) eta sare sozialetara. Poesiaren akabera, inplosioagatik ala eztandagatik, barne kolapsoagatik ala muga gabeko hedaduragatik, Big Crunch ala Big Rip, Ainara Maya ala Luistxo Fernandez.

Orain, bi mutur hauei, hurrenez hurren, lotuko gatzaizkie.

11. Ezin da poesia lanik kritikatu.

11.1 Alde batetik, prentsan kritikari lana bere gain hartzen duena poeta izaten da (ez omen dago poesia irakurtzen duen ez-poetarik). Hortaz, bere estetika, bere poetika, inposatzen du.

Ez dago (eleberrigintzan, berriz, sinesgarriagoa da) ongi-egina-baina-ez-nau-konbentzitzen motatako poemarik, zeren eta poema perfektu batek adostasun (edo desadostasun) erabatekoa baino ezin baitu eragin, hain da ezin banatuzkoa haren forma eta edukia (egilearen sen estetikoaren arabera ederki –edo, zentzurik hertsienean, ezin hobeki– ematen duen hitz segida batek nolabaiteko halabehar etiko bat sortzen du, hau da, ezin luke bestela eman). Holako erabaki multzoak osatzen duen estetika jakin bat epaitzeak haren partaide izatera ala ez izatera behartzen zaitu, edozein lan kritiko baliogabetuz.

11.11 Ezintasun honi ezikusia egiteko poesia kritikariek garatu dituzten estrategia ezberdinez jarduteko tokia ez da hau. Miresten ditut. Objektibotasuna simulatzeko ahaleginak benetan merituzkoak dira. Irtenbiderik zintzoena, aldi bakoitzean norberaren kartak mahai gainean jartzea da. Halere, kale itsu bat da.

11.2 Hala uste nuen Ainara Maya, Gara egunkariko literatur kritikariaren lana ezagutu nuen arte.

11.21 Kritikatutako lana, gehienbat beste poeta batzuena izaten dena, aitzakiatzat hartuta, material berri bat, genero ezberdinen arteko nahasketa nagusiki lirikoa, sortu du, zeinean genero memorialistikoa, poesia, autofikzioa txirikordatzen diren, delako obraren gaineko argumentaziozko tanta batzuekin.

11.3 Notario batenean dokumentu bat depositatu dut zeinean azterketa estatistiko-estilistikoa egiten baitut Mayak Aritz Gorrotxategiren Hariaz beste poema liburuari 2011-10-29ean egin zion kritika Filosofo-har(r)iei segika zorionbidean izenekoaren gainean. Hona emaitzak baino ez ditut ekarriko, zenbateko berrikuntza dakarren ohartarazteko.

11.31 Nik ateratako zenbakiak hauexek dira: % 1,27. Kritikatik zenbat den kritikatutako liburuaren baloraziotzat edo deskripzioa. % 11,62. Zenbat den kritikariaren material autobiografiko edo autofikzionala, kritikatutako liburuarekin batere lotura gabea.

% 21,90. Zenbat den literaturarekin harremana edo aitzakia gutxi gorabehera literarioa.

% 65,17. Zenbat den oldar lirikoa (kritikatutako lanak beti kutsatzen du haren gaineko diskurtsoa, idazlan hotz eta zorrotzaren gaineko iruzkinak joera izango du ezaugarri horien oihartzunen bat, baina kritika onargarria egiteko, oso portzentaje txikian; hemen argi dago gaindosia hilgarria dela).

12. Sare sozialen garaian bizi gara. Sare sozialismo gorrienean.

12.1 Euskal Herrian haren profeta Luistxo Fernandez da, bere burua basque web agitator definitzen duena, iraultza teknologikoaren euskal aitzindaria, zortzi probintzietako aberriaren heroi nazional etorkizunekoa, bide berria ireki eta irekitzen diguna. Beharbada handizkatzen ari naiz.

12.11 Halere ezin dut e-uskeraren azkenaldiko lorpen batzuez aditu haren itzala ikusi gabe. Esaterako, Argiak ekainaren 14ean zabaltzen zuen notiziak zioena: “Bikoiztu egin dira Interneten euskaraz dabiltzan erabiltzaileak hamar urtean. (…) [Euskara] erabiltzaile konpurua %22koa da, kalekoa baino (%15) handiagoa. Halaber, Interneten euskaraz nabigatzen dutenak duela hamar urte baino bi bider gehiago dira: 200.000”.

12.111 Kopuru eta datu horiek ederki ematen dute beste euskal eskualde bat osatzeko adina. Izan ere, Euskal Herriko zortzigarren probintziaren izendapena jendartean zabaldu da, Anjel Lertxundik 2005ean plazaratu zuenetik. Xenpelar parafraseatzen zuen berak: Gu gara zortzi probintzi.

12.112 Euskal Herriko jantokietako Zazpiak bat edo Laurak bat zurezkoen tokian Zortziak bat dioen holograma batek etorkizuna argiztatuko digu.

12.1121 Zortziak bat edo, bestela, Zortziak byte.

12.2 Luistxo Fernandezek idazle jendea sarera bildu nahi du, gau eta egun.

12.21 Urriaren 9an Berrian egin zioten elkarrizketa batean honakoak esaten zituen, besteak beste: “Euskal intelligentsiak badu erantzukizun bat eta mugitu beharko luke”, “Zergatik ez dago Xabier Montoia bat twitterren?”, “Twitterren denak egon beharko luketela iruditzen zait”, “Badira euskal idazle batzuk Facebooken egunero idatzi eta idatzi ari direnak, baina ez dakit zertan ari diren. Twiterren edo blog batean idazten ariko balira askoz hobea litzateke”.

12.3 Eta, bidenabar, poesiaz zer? Esaik.

13. Ez dok…

-- Irakurri artikulua PDF formatuan.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude