Protesta eta tentsioa, biak goraka

  • Greba ez da orokorra izan Nafarroan, martxokoan bezala. Orduan sindikatu guztiek deitutakoa zen eta, oraingoan, euskal gehiengo sindikalak eta sindikatu txikiago batzuek deitu dute. Hedabideek eta sindikatuek aipatu dute, oro har, beste batzuetan ere eman den fenomenoa: Nafarroako Iparraldean greba ia orokorra izan da, Iruñerrian garrantzitsua eta txikiagoa erditik hegoaldera.


2012ko irailaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
IruƱeko manifestazio burua Sarasate pasealekura iritsi den unean.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Baina hori ezaguna izaten da, eta sindikatuek, hala ere, greba orokorra deitzen dute, Mitxel Lakuntza ELAko buruzagiak manifestazioaren bukaeran aipatu duen eran, “gainera datorkigunarekin gu ezin gaitezkeelako zain egon, beste batzuk bezala”, UGT eta CCOOri erreferentzia eginez eta entzuleen txistu soinu ozena piztuz.

Goizeko manifestazioa izan da ekitaldirik garrantzitsuena eta sindikatuen arabera, 15.000 bat jende bildu da. Ez dakit hori ote zen, baina milaka pertsona asko bai. Hala ere, martxoko greba orokorrean baino gutxiago esango nuke. Neurgailua: oraingoan zein aurrekoan, manifestazio burua  Sarasateko Foruen monumentura iritsi eta orduan oraindik milaka batzuk zeuden atera gabe Gazteluko Plazatik eta gaur 500-1000 bat lagun geratuko ziren atera gabe.

Goizean goizetik, beste batzuetan baino tentsio handiagoa egon da kaleetan. Alde Zaharrean eta Bigarren Zabalgunean behintzat poliziak nonahi ziren barreiatuak furgonetekin eta piketeekin. Goizean zehar, karga bat baino gehiago izan da eta horietako batean polizia nazionalak Sabino Cuadra Amaiurko diputatua ere jo dute borraz. Piketeak ere ohi bezala ibili dira, zabalik ziren dendei eransgailuak jarriz nagusiki, baina talderen batek erakusleiho bateko kristalak behintzat hautsi dituzte Pozo Blanco kalean. Piketeen eragina nabaria zen –denda asko atea itxita, baina argia piztuta barruan…–, baina erabat itxitakoak ere asko ziren Iruñeko erdialdean, batez ere Alde Zaharrean.

Eta, azkenean, Sarasate Pasealekuan lehertu da tentsioa Mikel Alzuart (EHNE) eta Mitxel Lakuntzak (ELA) hitz egin ondoren, LABeko Igor Arroyoren txandan. Parlamentuaren aurrean izan dira lehen lasterketak eta 10 bat minutuan Foruen monumentura ere iritsi dira, batez ere alboko kaleetatik poliziak zetozen poliziak eta manifestarien artean sortutako enfrentamenduengatik. Zauritu batzuk ere izan dira, horietako bat gazte batek belarri inguruan jasotako gomazko pilotakadaz.

Ez, ez da orokorra izan, baina azken bost greba orokorrak kalean jarraitu dituenak argi ikusiko du mobilizazioak goraka doazela eta egoera gogortzen ari dela, bizitzaren egunerokoan gero eta gehiagorentzat gogortzen ari den moduan. Gero eta gehiagok pentsatzen du Nafarroan aldaketa garaiak bizi daitezkeela datozen urteetan, LABeko Igor Arroyok ere nabarmen azpimarratu du hori gaurko manifestazioko hitzaldian (ARGIAko gaurko Storifyan ikus dezakezue bideoa). Eta bai, batek daki gauzatuko den ala ez, baina aldaketa usaina bada.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude