Gorabeherak eta bi marmar

  • “Hi lasai motel, eser hadi nire ondoan eta nik esango diat zer idatzi behar duan”. Halatsu bota zidan Inesek, ohi duen patxadaz, oharturik urduritzen hasia nintzela bertsolaritzaz arrastorik eduki ez arren ARGIAkoei baietza eman nienetik, baietz, egingo nituela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kronikak.


2015eko azaroaren 23an - 07:23

Egiaz, urduri ez, izu-ikarak hezur-muinetaraino hartuta sartu nintzen atzo Zarauzko Aritzbatalden, eta, neurri batean, lasaitu ninduen Inesen erantzun arranditsuak, artean zalantzati, “seguru hik kontu hauetaz entenditzen dunala, ez?” galdetu nionean. “Hik begira ezak aurrera. Gero atzera. Gero ezkerrera eta gero eskuinera. Lau horma hauen artean ez zagok bertsolaritzaz nik adina dakien bihankakorik”. To. Eta hori, aretoan 1.200 lagun inguru zeudela kontuan hartuta –bozgorailuetatik Katamaloren diskoa ia osorik entzuten–. Inondik ere, garai onak dira errimarentzat. “Periferia hau? Peria-ren tankera gehiago hartzen zioat nik”, ostera ere, zorrotz, lagunak. Zalantzati konbultsibook asko estimatzen dugu inguruan kategorikoki mintzatzen den jendea edukitzea. Ideiak argitzen laguntzeaz gain, izugarri dibertigarriak izan ohi dira.

Zer moduzko saioa joan zen? Gorabeheratsu samarra, Inesen iritzi saioen artean bozgorailuetatik entzun ahal izan nuenaren arabera. Unai Gaztelumendi –kamiseta ezin dotoreagoa soinean– une txispatsuak eta behartu samarrago batzuk tartekatzen aritu zen saio osoan, eta, kartzelan, borobildu ezinik.  Ander Lizarralde, kantakera lagun, bizi eta fresko. Alaia Martinek ez zuen distirarik egin kartzelakora heldu arte, baina egokitasunak puntu dezente eman zizkion. Agin Laburu iruditu zitzaidan seietan gatzdunena, ideietan asmotsu eta ohi duen errimategi zorrotza erabiliz –txin-pun edota bua, bua, bua errimak modu errespetagarrian erabiltzea lortu zuen, pentsa–. Beñat Iguaranek izan zituen une oso on batzuk –zortziko txikian berak egin zuen saioko ofizio onena Labururekin batera–. Jon Martin, azkenik, ez zen bereziki inspiratuta aritu, kartzelan gora egin bazuen ere.

Bertsolarien doinuak baino gertuago sentitzen nituen Inesen hitz irmoak, ordea. Eta esan zizkidanen artean, bi marmar nagusi:

A marmarra: puntua jarrita erantzuteko ariketan, Inesi iruditu zitzaion bertsoaldien kalitatea zuzenki lotua egon zela puntuaren kalitatearekin. Alegia, normala zela bertsolari batzuk hain fin ez ibiltzea, puntua ere halakoxea jarri zietelako. Unai Gaztelumendiri aberastasuna jarri zioten hizpide, Alaia Martini erretiroa eta Jon Martini odola ematearen auzia. Gaiari buruzko topiko bat izan zen hiru kasuetan puntua. “Horri zer arraio kantatu behar diok? Nola sortuko duk zerbait kreatiboa hain justu kreatibitatearen antipodetan dagoen topiko puska batetik? Inork ez dik horrela hitz egiten, ezta igogailuko elkarrizketetan ere. Gai orokorrei buruzko esaldi eginak puntutzat jartzeari uzteko garaia diagu, erredio”. Ez nion kontrarik egin.

B marmarra: hala zioen kartzelako gaiak: Egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura gaur ez dago. Bertsoak entzun ahala, purrustaka hasi zen Ines. “Dena libre ala zer? Erdiak baino gehiagok gertuko baten heriotzari kantatu ziok, eta lasai gelditu dituk. Egin ariketa alderantziz: entzun kartzelako bertsoak gaia jakingo ez bahu bezala, eta entzundakoaren arabera saiatu gaia asmatzen. Bakarrarekin ere ez huke urrundik ere asmatuko”. Esan nion ez izateko patxikontra, gaia abiapuntu soila dela eta bakoitzak nahi duen norabidea emateak aberasten duela ariketa hori. Ez zion graziarik egin komentarioak. Gauza bat dela abiapuntu izatea, eta bestea gaiari kasurik ez egitea. “Egunero leku eta ordu berean jende oso gutxi ikusten duk. Leku eta ordu esaten dik gaiak, eta orduarena ahaztu egin ditek ia denek. Oso toki jakinetan ematen duk baldintza hori: autobus geltokietan, lantegiko erreleboan, okindegian... gaia berez baduk nahiko irekia, eta bertsolariek are gehiago irekitzen ditek. Lehen bertsoa gaian koadratu nolabait, eta hortik aurrera libre, nahi dutenaz kantatzeko. Horrek ez dik balio”.

Hurrengo saioan ere bere ondoan esertzeko baimena eman zidan.  

 

 

Alaia Martinek (504 puntu) irabazi du eta zuzenean sailkatu da finalerako. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Agin Laburu (496), Ander Lizarralde (455,5), Jon Martin (451), Beñat Iguaran (445) eta Unai Gaztelumendi (441).

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015
2016-01-17 | Kepa Matxain
Beñat Gaztelumendi Arandia
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"

Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna... [+]


2015-12-27
Ahots xumea nagusi

Beñat Gaztelumendi Arandiak jantzi zuen abenduaren 19an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela, zezen plaza bete jenderen aurrean. Alaia Martin Etxebestek langa oso goian jarri zuen saio osoan, eta Gaztelumendik bakarkako lanetan lortu zuen hegoak zabaldu eta oso tonu... [+]


2015-12-27 | Kepa Matxain
Larrialdi deietarako sermoiak

Desesperatuta, Inesen telefono zenbakia markatu nuen. 

– Aizan, behar haunat. 

Nire porrota onartzea zen hura, baina ez neukan beste irtenbiderik. Azken aukera nuen neure buruari frogatzeko gai nintzela nire irizpide hutsez kronika duin bat egiteko,... [+]


2015-12-21 | Kepa Matxain
Finalaren kronika
Larrialdi deietarako sermoiak

Beñat Gaztelumendik (1012 puntu) irabazi zuen txapela, Alaia Martinekin batera (993) buruz buru aritu ondoren. Segidan gelditu ziren Agin Laburu (614), Iñaki Apalategi (603,5), Unai Agirre (595,5), Oihana Iguaran (594), Jon Maia (586) eta Arkaitz Oiartzabal... [+]


2015-12-07 | Kepa Matxain
Eibarko finalerdia
Erabaki zuzenen errepublika

Jon Maia (500,5 puntu) eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" (481) sailkatu dira finalerako, Eibarko kanporaketako lehen biak. Horiez gain, beste sei lagun arituko dira Ilunben: Alaia Martin, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta... [+]


Eguneraketa berriak daude