Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondakinen Aholku Batzordea abiaraziko du urtarrilean

  • Atzo osteguna, abenduak 15, Usurbilen hitzaldia eman zuen Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak, Usurbil Zero Zabor taldeak deiturik. Aste honetan Gipuzkoan hondakinen inguruan Diputazioan eta Partzuergoan emandako mugimenduez daukan interpretazioa berretsi eta horien xehetasunak eskaintzeaz gain, aurrera begirako zenbait urrats ere iragarri zituen.


2011ko abenduaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58
Juan Karlos Alduntzin

Alduntzinek azaldu zuen instituzio ezberdinen ahalmenak bateratu beharra dagoena. Alde batetik, Batzar Nagusiek daukate hondakinen kudeaketa planifikatzeko eskuduntza. Baina beste aldetik, udalek eta hauen ordezkari gisa mankomunitateek eta azkenean Partzuergoak daukate hondakin horiek berak kudeatzeko ahalmena. Ezin dute elkarren kontra aritu. "Nola egin dezakete planifikazioa Batzar Nagusiek –galdetu zuen Alduntzinek– udalekin eta mankomunitateekin kontatu gabe, edo hauen kontra, gero hondakinak hauek kudeatu behar badituzte eta planifikatutakoak eragindako dirutzak berauek pagatu behar baldin badituzte?". Horregatik, eztabaida bere eremu naturalean kokatu beharra defenditu zuen: hondakinez hitz egin behar dela, hondakinak ahalik eta modu eraginkorrenean bildu eta kudeatzeaz. Alde horretatik salatu zuen azken urteetan planifikazioa ez zela egin hondakinei begira, aurrez erabakitako egitura zehatz bat –errauste planta alegia– eraikitzea justifikatzeari begira baizik.

Ondo planifikatzeko orain arte Gipuzkoako hondakinez informazio urriegia duela azaldu zuen, eta hori bildu eta sistematizatzea izango dela lehenbiziko lana. Egunotan aipatu diren neurriak ere berretsi zituen: biltzen diren hondakinen gaineko tarifen aldaketak, bildutako organikoarentzako bonifikazioak, Lapatxeko zabortegian egoera tamalgarrian dagoen konpost planta hustu eta berriro txukun lanerako prestatzea horretarako orain arte pilatutako organikoa Nafarroako bi plantatara eta Atez Ateko bilketa egiten duten herrietakoa Itsasuko (Lapurdi) Loreki plantara eramatea, eta abar. Aurreko agintariek bankuekin eta enpresekin hartutako konpromisoak bestelako plangintzari begira negoziatzen hasi direla ere esan zuen, eta horretarako ere erabiliko dutela Partzuergoak sei hilabeterako erabaki duen etenaldia. "Baina atzerapena edo moratoria –esan zuen Alduntzinek– berez hori besterik ez da, arazoak atzeratzea eta denbora bat hartzea gauzak beste modu hobe batean eztabaidatu eta antolatzeko".

Alduntzinek esan zuenez, atzo arte 42 alkate baino gehiagok adierazia zioten beren udaletarako hondakinen bestelako kudeaketa bat nahi dutela, Zero Zabor egitasmoen barruan. Hain zuzen Zero Zabor izan zen diputatuak etorkizuneko plangintzarako ezarri zuen markoa, bere esanetan horrek bermatu ditzakeelako hondakinetan doazkigun lehengaien berrerabiltze eta birziklatzea, Europak hondakinei ezarritako hierarkia errespetatzea. Helburuak, bere ustez, izan behar du ahalik eta hondakin gehien era berezituan biltzea eta horien berrerabilera ahalik eta gertuen kudeatzea. Gaurkoz berrerabili ezin daitekeen azken hondarraren biltegientzako "errefusategi" hitz berria erabili zuen Alduntzinek, orain artean Zero Zabor mugimenduko kide batzuei baizik entzun ez zitzaiena. Behin eta berriro eskertu zien egindako lana Zero Zabor taldeetako jendeei eta oro har Atez Ateko bilketa egiten duten herrietako biztanleei, bereziki Usurbilgoei.

Albiste berri eta esklusibo bat eskaini zien hitzaldian Alduntzinek Usurbilera gerturatuei: datorren urtarrila bukatu baino lehen Hondakinen Aholku Batzordea sortuko da Gipuzkoan, gai guztiok sakonki aztertzeko eragile ezberdinetako ordezkariz osatua. Horrekin, Batzar Nagusietako Ingurumen batzordearen eztabaidekin eta herriz herri sustatzen ikusi nahi dituenekin, Alduntzin seguru omen dago hautu politikoak eta aurreiritziak alde batera utzirik Gipuzkoako gizartea kapaz izango dela kontsentsu zabala lortzeko. "Azken finean –deklaratu zuen– ez dut uste inork defendituko duenik gauzak gaizki egitea ondo egin daitezkenean".


Eguneraketa berriak daude