Buruntzaldea Zutikek udan asteroko martxari ekingo dio

  • 110 herritar bildu ziren uztailak 5ean, Hernanin egin zen asanbladan. Asteartetan jarri dute hitzordua: aste batean batzarra egingo dute eta hurrengoan ekintza. Asanblada egingo den herria txandakatu egingo da.


2016ko uztailaren 06an - 09:05

"Parte-hartze kopuruak ezustean harrapatu gintuen!" aitortu du deialdia uztailaren 4an, gaueko 22:30etan sare sozialen bidez egin zuenetako batek. Azken orduan eginik ere, Usurbil, Lasarte, Hernani, Urnieta, Andoain eta Astigarragako 110 kide bildu ziren uztailaren 5ean Tilosetan. Gehienak Hernanikoak, eta asanblada Buruntzaldeako herri batetik bestera mugitzeak lagundu dezake tokian tokiko parte-hartzeari ateak zabaltzen.

Landutako gaiak

Gipuzkoa Zutik orokorrak Donostian egindako azken asanbladetako informazioa azaldu zuen kide batek. Ondoren, herri bakoitzak azaldu zuen bere herriko festetan zer egin duen, zer atera den ondo eta zer ez... "Elkarri ideiak ematea da helburua" azaldu du kideak.

Azkenik, taldetan bildu ziren bi galderari erantzuteko: udan tentsioa nola mantendu, eta nola iritsi herritar gehiagorengana.

Udan asteroko dinamika

Udan tentsioa mantentzeko, astero biltzea adostu zuten: asteartero gorpuztuko da Buruntzaldea Zutik, aste batean asanblada egiteko eta hurrengoan ekintza bat egiteko. Bi astez behin bilduko den asanblada aldiro herri batean egingo da, eta herri horrek hartuko du berau prestatzeko ardura. Hurrengo hitzordua, uztailaren 19an Usurbilen izango da, 19:00etan.

Nola iritsi herritar gehiagorengana?

"Batez ere jende gaztea, 16-30 urte bitartekoa" batu zela iruditzen zaio testigantza eman digunari. Baina 40-50 urte bitarteko multzo bat ere bazegoela eta 50etik gorako dozena erdi kide ere bai. Lantaldetan bildu zirenean, erdaldunengana eta helduagoengana nola iritsi aztertu zuten.

Herri ezberdinetako kideen artean konplizitateak sortzen ari direla, eta ohiko koadrilaz kanpoko harremanak sortzen doazela baloratu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Buruntzaldea Zutik
2016-07-22 | Estitxu Eizagirre
Bi ekintza ari da lantzen uztailean egiteko Buruntzaldea Zutik

Bi astez behin asanblada, eta bi astez behin ekintza zuzen bat. Asteroko martxari eusten dio Buruntzaldea Zutikek.


Eguneraketa berriak daude