"Bizirik jarraitu beharko lukeen jendea ari da hiltzen Greziako ospitaleetan"

  • Greziako osasun sistemaren hondamendia heldu da, eta mediku, erizain eta garbiketa produktuen falta da horren arrazoietako bat. El Diario egunkariak argitaratu ditu Michalis Giannakos Ospitale Publikoetako Langileen Federazioaren presidentearen hitzak. Azaldu duenez, diru murrizketak direla eta, 40 pazienteko talde bakoitzeko erizain bakarra dago, “eskuak garbitzeko denborarik ere ez daukate langileek, eta aurretik desinfektatu barik dauden oheetara eramaten dituzte gaixoak”.


2017ko urtarrilaren 04an - 11:24
"40 pazienteko talde bakoitzeko erizain bakarra dago" (Arg: Insurance Daily)

Greziako ospitaleak “arrisku-gune” bihurtu direla salatu dute hainbat mediku eta erizainek. Heriotza kopurua areagotu egin da, eta oso arriskutsuak diren infekzioak hedatu dira. Giannakosek azaldu duenez, “bizirik jarraitu beharko lukeen jendea ari da hiltzen”. Abenduan Zakynthoseko ospitalean izandako emakume baten kasua gogoratu du. Ebakuntza arrunt bat egin zioten hankan, eta hil egin zen. “Ez zen ebakuntza arriskutsu bat, bizirik egon beharko luke”.   

Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak adierazi duenez, Greziako ospitaleetan dauden gaixoen %10ak, hilgarriak diren infekzioak garatzeko arrisku handia dauka. Eta ehuneko hori handiagoa da erditze geletan eta zaintza intentsiboko unitateetan. Zakynthoseko ospitalean, esaterako, 150 ohe galdu dituzte azken horietan, osasun publikorako fondoetan izan diren murrizketengatik.

2009tik 5.000 milioi euroko murrizketak egin dituzte Greziako osasun publikoan

Osasunaren sektorean eragin handia izan du Greziako ekonomia krisiak. 2009tik, 25.000 langile baino gehiago kaleratu dituzte, eta 5.000 milioi euroko murrizketak egin dituzte osasun publikoan, ospitaleetan sendagai, izara, eskularru eta bestelako material barik gelditu diren arte.   

Ez da oinarrizko odol analisirik egiten, laborategietako gastuetan ere murrizketak izan direlako, diagnostikoak egiteko ekipo eta makina asko hondatuta daude, eta Greziako 2,5 milioi biztanle baino gehiago gelditu dira osasun estaldura barik. Horren aurrean, 2017an 8.000 mediku eta erizain baino gehiago kontratatuko dituela adierazi du Greziako Gobernuak.  

“Medikuntzako ikasleak hasi dira dagoeneko beste herrialdeetara joaten, Grezian ezin dituztelako garatu euren gaitasunak”

El Diario egunkariak, Yiannis Papadatos medikua ere elkarrizketatu du. Horren ustez, langileria falta da Greziako osasun sistemak duen arazorik handiena. “Orain arte mantendu bada, mediku eta erizain askok ordaintzen zaien lana baino gehiago egin dutelako, eta sektore pribatutik makinaria bidali dutelako izan da”.

Greziako Gobernuak mediku eta erizainak kontratatuko dituela adierazi duen arren, askoren ustez txarrena heltzear dago oraindik. Horietako bat da Michalis Samarakos medikua. Bere ustez, herrialdea mediku izateko ikasketak egin nahi dituen pertsona barik gelditzeko arriskuan dago. Medikuen exodoaz hitz egiten du, egun Grezian duten aukera faltaren ondorioz. “Ikasleak hasi dira dagoeneko beste herrialdeetara joaten, Grezian ezin dituztelako garatu euren gaitasunak”. Aldaketa handirik egon ezean, osasun sektorearen egoerak txarrera besterik ezin duela egin esan du Samarakosek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Eguneraketa berriak daude