Akusazioak ukatu eta torturak salatu dituzte Hernaniko gazte auziperatuek

  • Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketa atzo hasi zen eta gaur bukatu dira akusatuen deklarazioak. Guztiei Segi erakundeko kide izatea eta kale borrokako ekintzatan parte hartzea egozten die fiskalak. Txaber Zabaletak, Jon Ezeizak, Antton Zabalak, Ekaitz Telleriak, Iñigo Alzelaik, Aitzol Arrietak, Mikel Garciak, Ekhi Oñatek, Egoitz Balerdik eta Asier Olanok banan-banan ukatu egin dute fiskalaren akusazioa; haren galderei erantzuteari uko egin diote guztiek eta euren abokatuenak soilik erantzun dituzte. Zazpik polizien eskuetan tratu txarrak pairatu zituztela salatu dute.


2012ko irailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Hernaniko gazte auziperatuak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean.

Txaber Zabaleta izan zen deklaratzen lehenengoa atzo. Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean hainbatetan egon dela azaldu zuen, musika talde bateko kidea izan delako eta entseguak han egiten zituztelako. Horrez gain, bere lehengusu Manex Castroren aldeko manifestazio batean egon zela onartu zuen –2009ko martxoaren hasieran atxilotu zuten Castro eta geroztik kartzelan dago–, baina leporatzen dizkioten istiluak gertatu zirenean bere senideekin taberna batera zerbait hartzera joan zela azaldu zuen.  

Jon Ezeizak hartu zuen txanda jarraian. Atxilotu zuten unean poliziek negoziazio bat eskaini ziotela azaldu zuen: onartzen bazuen, libre utziko zutela agindu zioten. Gero poliziaren eskuetan tratu txarrak jasan zituen, atzo azaldu zuenez, eta deklarazioak sinatzera behartu zuten: “Deklarazioaren entsegua askotan egin genuen eta beraiek nahi zutena esaten ez banuen jo egiten ninduten”.

Antton Zabalaren etxea berritzen ari ziren atxiloketaren unean eta bera Zizurkilen bizi den bere amonaren etxean zegoen. Gertatu zenaren berri izan bezain pronto abokatuarekin kontaktuan jarri zela esan zuen atzo; hark aholkatuta, epailearen esku jarri zen. Apirilaren 16an pasa zen Garzon epailearen aurretik eta aske geratu zen fidantzarik eta baldintzarik gabe. Eliteko kirolaria dela azaldu zuen eta ez duela politikarekin zerikusirik inoiz izan.

Ekaitz Telleriak ere ez zuten martxoaren 31ko goizaldean atxilotu, hedabideetan izan zuen gertatutakoaren berri eta, epaiketan esplikatu duenez, inongo momentutan ez zuen ihes egiteko asmorik izan. Apirilean aurkeztu zen epailearen aurrera eta kartzelara bidali zuten. Ekintzetan parte hartu ez zuela frogatzeko, azaldu zuen garai hartan Hernaniko Txilibita tabernako zerbitzaria izan zela.

Atzo hitza hartzen azkena Iñigo Alzelai izan zen. Akusatutako gainontzeko gazteek bezala, berak ere salaketa guztiak ukatu eta torturak salatu zituen. Atxiloketaren uneak oso gogorrak izan zirela azaldu zuen: “Ama oso triste eta urduri zegoen eta niri kosta egiten zitzaidan berari begiratzea ere”. Mehatxuak eta jipoiak etxetik atera bezain laster hasi zirela esan zuen. “Beheko ezpainetik tira egin zidan polizia batek, eta ostikoak eta zaplaztekoak maiz jasotzen nituen”. Garzon epaileari jasandako tratua salatu zion.

Gaur Aitzol Arrietaren deklarazioarekin zabaldu da saioa. “Biluztera behartu nindutenean galdu nuen burua” azaldu du Arrietak. Bost egunetako inkomunikazioan zaplaztekoak eta ostikoak askotan jaso zituela salatu du. Auzi medikuari jasotzen ari zen tratuaren berri eman zion eta deklarazioa behartuta sinatu zuen. Gero, Garzon epailearen aurrean, ez zuen berretsi aurretik emandako deklarazioa. “Tratu txarrak ez nituen salatu Garzon epailearen aurrean, oso urduri nengoen eta buruan nuen bakarra zen, aurretik eginiko deklarazioak ukatzen nituela esatea”. Hernanin 2008ko urriaren 25eko istiluetan pare hartu izana leporatzen diote gainontzeko akusatuei bezala, baina Arrietak ez zuela parte hartu azaldu du, saskibaloiko partidu ofizial batean zegoela eta itzultzean etxera joan zela zuzenean.

Mikel Garciak ere ukatu egin du Segi erakundeko kide eta buru izatea, eta kale borrokako ekintzatan parte hartu izana. Berak ere torturak salatu ditu: “Poltsa jarri zidaten buruan, eta konortea galdu nuenez ospitalera eraman ninduten”. Une horretatik aurrera tratua pittin bat lasaitu zela azaldu du. 40 minutu inguruko galdeketak egiten zizkioten, epaiketan kontatu duenez.

Ekhi Oñatek azaldu duenez, polizia bere etxera sartu bezain laster gogor egin zioten. “Lurrera botatzeko oihu egin zidaten”. Etxeko portalean begiak estali zizkiotela esan du eta horrela egon zela Donostiako komisaldegira heldu zen arte. Hara iristean, komun batean sartu zuten: “Une batean garbitzaile batek atea ireki zuen eta beldur aurpegiarekin itxi zuen berehala”. Ezin izan dio malkoei eutsi kontatzen hasi denean bere ama epileptikoa dela eta poliziek esan ziotela bere erruz ospitalera eraman behar izan zutela. Auzi medikuari ez zion tratuaren berri eman, konfiantzazkoari bai, baita Garzon epaileari ere.

Egoitz Balerdik azaldu du polizia-autoan sartu bezain laster eskuburdinak estutu, burua makurtu eta estali egin ziotela. Komisaldegian aurpegian dituen orbanei argazki asko atera zizkiela jakinarazi du, eta bere hitz egiteko eragatik iseka egiten ziotela poliziek, gutxietsi egiten zutela. Madrilera bidaia oso gogorra izan zen gaur adierazi duenez: “Iritsi bezain laster ziegan sartu ninduten eta lurrean etzan nintzen; ez zegoen oherik; ezin izan nuen deskantsatu, ordura arte esan zidaten guztia buruan nuelako eta esan behar nuen horretan pentsatzen ari nintzelako”. Salatu du poliziek behartzen zutela beraiek nahi zuena deklaratzera, eta deklarazio horiek edozein ordutan zirela. 00:28etan deklaratu zuen behin, eta ordu horretan egitearen arrazoirik ez zioten eman. Oso urduri zegoenez eta ez deklaratzeko aukera zuela esan ziotenez, ez zuen Garzon epailearen aurrean deklaratu.

Asier Olano izan da deklaratzen azkena. "Hainbat ekintza idatzita zeuden zerrenda bat ekarri zidaten eta horien artean nahi nuena aukeratzeko esan zidaten". Madrilera bidean bere etxean beste erregistro bat egingo zutela esan zioten, eta agindua eman zuen polizia batek telefonoz, baina berak ez zuen sinetsi. Handik minutu gutxira beste polizia batek dei bat jaso zuen eta “deitu anbulantzia bati azkar!”, esan zuen. Azaldu zioten bere amak antsietate atakea izan zuela eta ospitalera eraman beharko zutela bere erruz. Lur jota geratu zen eta deklarazioa prestatzen hasi ziren. "Kamerarik ikusten nuen ala ez galdetu zidan batek, eta ezetz esatean, berak Garzonen protokoloari kasurik egiten ez ziola esan zidan". Ez zuen epailearen aurrean deklaratu urduri zegoelako, nekatuta, indarrik gabe eta beldurra sentitzen zuelako.

Epaiketak bihar goizeko 11:00etatik aurrera jarraituko du, Espainiako poliziaren deklarazioekin.


Azkenak
Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-02 | ARGIA
Rafahren bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Eguneraketa berriak daude