Hitz gogorrak irakurri dizkiot bukatu den urte honetan Koldo Almandoz zuzendariari, euskal zinemaz: “Ikusten ez dena da talentu falta handia daukagula, eta ez garela kapaz urtean produkzio minimo eta serio bat egiteko, eta benetako munduan lehiatzeko”. Produkzio urri horretan, dena den, urtetik urtera geroz eta handiagoa da uzta, baita emaitza onak topatzeko aukera ere. Kontua da zein bideri heldu nahi diogun: kalitate oneko produktuak egin, ala komertzialtasuna bilatu, jendeak euskal zinema kontsumitu dezan. Hau da, 2009ko zinemagintza adibide hartuz, Ander pelikularen antzerakoak ala Sukalde kontuak bezalako lanak behar ditugu?
Roberto Castónen Ander filma (euskara eta gaztelania nahasten dituena) jaialdiz jaialdi ibili da urtarrilean estreinatu zutenetik eta sari ugari jaso ditu, tartean Berlinaleko Cicae garaikurra. Nazioartean, beraz, izan dute Euskal Herrian egiten den zinemaren berri. Kurioski ordea, Hego Euskal Herrian ezin izan da, salbuespenak salbuespen, aretoetan filma ikusi, Espainiako Estatuan ez duelako aurkitu estreinatuko duen banatzailerik. Banaketa politika halakoxea baita: banatzaile handiek Hollywoodeko Major-en menpe dauden pelikula paketeak adosten dituzte areto konbentzionalekin, eta euren aginduetara geratzen dira hauek, besterik eskaintzeko lekurik (eta intentziorik) gabe. Eta beste zer edo zer ematekotan, “komertzialenak” baino ez du aukerarik.
Hor sartuko genuke gure bigarren eredua: Aizpea Goenagaren Sukalde kontuak. Euskal Herri mailako (eta euskarazko kontsumitzaileen mailako) komertzialtasuna bilatu du filmak, bi zutabeko eskemari jarraiki: komedia arina (eta komediaren aurrekari franko ditugu euskal zinemagintzan) eta aktore-sukaldari ospetsuen parte-hartzea. Kritika txarrak izan arren, euskal publiko dezente erakartzea zen asmoa. Kontua da ez duela helburua bete, ez baita pelikula komertziala izan. Arriskua horixe du eredu honek: jendearengana iristen ez bada, historiara ere ez da pasako, kalitate faltan.
Nik badut inork pentsatu ez duen soluzioa: kalitate oneko zinema komertziala egitea, kritika eta publikoa batuz. Hara hor konponbide erraza. Egia esan, komertzial ez dakit baina Interneti esker geroz eta kontsumituago diren kalitate oso oneko film laburrak egiten abilak gara Euskal Herrian, eta aurten ere txalotzekoa izan da euskal laburren uzta. Bat gomendatzeagatik, sarean erraz aurkituko duzu dagoeneko hainbatetan saritu duten Jon Garañoren On the line zirraragarria.
Aipatzekoa baita ere Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zabaltegi sailean Jabi Elortegik aurkezturiko Zorion Perfektua, Anjel Lertxundiren eleberrian oinarritutako film txukuna. Baikorra da Zinemaldi honek (azken finean, etxean dugun zinema jaialdirik garrantzitsu eta entzutetsuenak, barrura nahiz kanpora begira) 2009an hartu duen erabakia: orain arte Euskal Zinemaren Eguna izenekoa zuen, hemengo ekoizpenek bere txokoa zutela ez ukatzeko, nahiz eta inork gutxik egin kasu. Orain, euskal ekoizpena jaialdian integratu dute, egunero emanaldiak eskainiz, denera bederatzi film. Irudi normalizatuagoa eman diote Euskal Herriko ekoizpenari, baina kontua da ea normalizatua dagoen bertako zinemagintza, oro har maila kaskarragoa erakutsi baitute lanek.
Industria izatetik urrun gaudela, alegia. Baina helburu horretan, akuilu moduan hartu beharko genituzke Koldo Almandozen hitz gordinak: “Denean onak garela uste dugu euskaldunok. Eta ez da egia. Gauza asko dugu ikasteko. Zinema industria bat sortu eta Queens auzoko biztanleen erdia gara. Iruditzen zaigu egin litekeela Basquewood bat. Ez gara batere autokritikoak”.
© 2009 ARGIA.com