ARGIAko zuzendaria
Urtekari hau itxi beharreko egunetan Egunkaria auziko bost auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionalaren aulkietan eserita jarraitzen zuten oraindik. Euskal kultura eta izaeraren aurkako mespretxu keinu zitala izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. Haren zuzendaritzako kideak ETAko kide izatearen akusaziopean epaituak ikustea mespretxu haren segida da. Euskal gizartearen gehiengoak elkartasun sendoa erakutsi die auzipetuei; euskal Herrian gaur egun ezerk gutxik lortzen du halako elkartasun mailarik. Eta hara hor, gizarte hori ordezkatzen duen gobernua mutu. Ramon Etxezarreta sailburuordearen zalantza eta zeharkako salaketak nekez estal dezake Lopez lehendakariaren isiltasuna.
Nafarroan zaharrak berri, baina areagotuta, UPNren Gobernuak xentimorik gabe utzi ditu euskarazko komunikabideak, Xabier Azanzak urte osoan zehar dirulaguntza helduko zela agindu ondoren. Kontraesankorra da agintari nabarristen legeekin, baita elkar-bizitza eta begiruneaz diotenarekiko ere, baina ez egunerokoan egiten dutenarekiko. Diru kontutan handikerietara hain ohituak gauzkaten foru agintarien eskutik, krisiaren aitzakia-aipamenak mespretxuaren tamaina areagotu besterik ez du egiten. Euskarabideako zuzendaria ataka larrian dago, baina edo ez da ohartzen, ez du ohartu nahi edo ohartzen da eta onartzen du. Hirurak larriak. Galdera ezinbestekoa da berriz ere: non dago pragmatismoaren muga?
Inoizko euskarazko kultur produkziorik sendoena bizi dugu eta, aldi berean, munduko kultur hegemonikoen magalean urtzeko inoizko mehatxu sendoenaren arriskuan. Urtekari honetako bi kronika sendoetako batean, Itxaro Bordak garbi agertzen du oraindik ere –eta bereziki Iparraldetik begiratuta– bizi dugun kultur kolonialismoa eta “hizkuntza gutxietsien” sormen ahalmena aldarrikatzen du tinkotasunez. Iñigo Aranbarrik idatzi du beste kronika eta euskal kulturan ezbaian diren gai ugariri heldu dio adarretatik, zuzen eta itzulinguruka jardun barik: Urdaibaiko Guggenheim proiektua, gure kaleetako artea eta arkitektura, Euskadi Sariak edota e-booka, besteak beste.
Telebistaren itzalaldi analogikoaren ondoren, mundu digitalak bere lasterketa gera ezinean jarraitzen du han-hemenka, besteak beste liburuen esparruan eta Elkarrek eta Alberdaniak jadanik aurkeztu dituzte euren liburu digitalerako proiektuak. Alde horretatik interesgarria da Aranbarrik Urtekari honetako bere artikuluan azpimarratzen duena: “Galdera ezinbestekoa da, baina: nola liteke 10 edo 12 euro kobratzea ordenagailura ekartzen den liburuko, transakzioan ez badago ez inprenta gasturik, ez biltegi eta kamioirik, ez denda eta ez dendaririk? Irabaziak, non daude, zein larretan?”. Norbaitek zalantzarik badu ere, denborak kimatuko du erantzuna.
Krisi urteak izan dira bizi izan ditugun azken biak eta datorrena ere molde berekoa izango bide da. Datozenak, hobeto esanda, krisia gaindituta ere langabezi kopuru handiak eta gastu publikoaren defizit handiek sakonki baldintzatuko baitute kultur garapena. Hobe iragarpenean erratzea, baina orain artekoak krisi lorratza marrazten jarraitzeko itxura guztia du. Eta hor ikusi beharko dugu Patxi Lopez lehendakariaren gobernuak egoerari nola erantzuten dion. Bere lehenbiziko aurrekontuak dira eta ezin uka euskal kultur alorrean kezkaz bizi dela egoera berria. Aurreiritziak ezustean gainditzeko aukera bikaina du PSE-EEren gobernuak.
Gure etxe barrura begira, 2009a urte oparoa izan zen Argian, bere 90. urteurrenaren ospatzeak euskarazko komunikazio esparruan bere lekua izaten jarraitzen duela gogorarazteko balio izan digu, eta berau garrantzitsua dela gainera. Harpidedunen multzo zabal eta fidel horretan dugun altxorraz jabetu ahal izan gara beste behin ere. Eta batez ere, kultur enpresa proiektu horizontalen eraikuntzan, lana eta gozamena uztartu daitezkeela beste behin ere egiaztatzeko; areago, biak uztartzea ezinbesteko erronka dela etorkizuneko edozelako euskarazko proiekturentzat. Ez dago utopia handirik egunerokoan gure utopia txikiak eraiki barik. Horretan jarraituko dugu.
© 2009 ARGIA.com