Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Urteko pertsonak

Arg.: Juan Martin Elexpuru

Juan Martin Elexpuru

Filologian doktorea

Iruña-Veleiako euskarazko idazkunen inguruan zalaparta dexente sortu zen iaz. Adituen batzordeak garbi esan zuen ostraketako idatziak faltsuak direla. Bada, 2009an, kontu hori argitu gabe dagoela diotenen eta argitzeko eskatzen dutenen ahotsa oso sendo entzun da. Horien artean nabarmendu da Juan Martin Elexpuru, idazlea eta filologian doktorea. Ostrakak banan- bana aztertu ditu hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, eta benetakoak direla dio Elexpuruk.

Arg.: Juan Antonio Urbeltz

Juan Antonio Urbeltz

Folklore ikertzailea

Iruindarrak hamarkadak daramatza euskal dantza tradizionalaren alorrean ikerkuntzari zein sorkuntzari emana. Lan ildo bi horiek uztartuz ondu zuen, doinu batetik abiatuta, gaur egun aski ezaguna den Jaurrietako dantza, Marian Arregirekin lankidetzan. 2009an 40 urte bete ziren sormen lan hori burutu zutela, eta urteurrena ospatzeko, Axuri-beltza ikusgarria prestatu zuen Urbeltzek. Abenduan aurkeztu zuen, Donostiako Argia bere betiko taldearen eskutik. Aspaldiko dantzak nahiz berriki sortutakoak sartu zituzten errepertorioan.

Arg.: Fermin Muguruza

Fermin Muguruza

Musikaria eta zinemagilea

Palestinatik mundu osora: hala zabaldu da Fermin Muguruzak Javier Corcuerarekin batera egin duen Checkpoint rock dokumentala. 2009an estreinatu zuten eta nazioarteko hainbat zinema jaialdi ezagutu ditu. Gaiak ematen du hizketarako, salaketarako bezainbeste: Palestinako musikarien egoera azaldu du filmean, bere gordintasun osoan. Gainera, Al Jazeera katearentzat herrialde arabiarretako musikari buruzko dokumental batzuk egingo dituela iragarri zuen urte amaieran.

Arg.: Andres Urrutia

Andres Urrutia

Euskaltzainburua

Ondarroako notarioa 1997az geroztik da euskaltzaina. 2004ko abenduan euskaltzainburu aukeratu zuten, eta batean eta bestean entzun ahal izan zen: “bazterrak astinduko ditu”. Euskaltzaindiaren gidaritza hartu duenetik hamabi euskaltzain berri izendatu dituzte (euskaltzain helduenak euskaltzain ohorezko bilakatuz). Aurpegi berriak, beraz. 90 urte bete ditu erakundeak eta Urrutiak baliatu du 2009. urtea Euskaltzaindiaren jomugak lau haizetara zabaltzeko. Argia astekariko orrietan garbi esan zuen: Internet eta egitasmo bidezko funtzionamendua dira helmuga. Alegia, erakundeak egindakoa errazago gizarteratzeko, ekoizpena sarean jarri eta lana, profesionalizazioaren bidez, azkarrago egin.

Arg.: Maialen Lujanbio

Maialen Lujanbio

Bertsolaria

Euskal Herriko Bertsolarien txapela jantzi zuen, eta lehengo amonen “gobadaz” gogoratu. 2001eko Txapelketaz geroztik, plazaz plaza erakutsia zuen bere bidea egindako bertsolaria zela, bere “nia”ren ahalik espektro zabalena eramana zuela bertsokerara. 2009ko BECeko finalean ez zuen aukerarik galdu: bertsozaleen memorian geratuko diren aleak bota zituen, ideia korapilatsuenak xinple adierazten dituen hizkera propioan, eta publikoa hurrengo hitzaren zain zintzilik jartzen duen kantakerarekin. Euskal Herriko Txapelketa irabazi duen lehen emakumea zela nabarmendu zuen Joxe Agirrek bertsotan, txapela jantzi zionean. Inoizko publiko zabalenaren aurrean gailendu zen emakume ahotsa, 15.000 entzuleren aurrean.

Arg.: Idazlea

Patri Urkizu

Idazlea

Lan titanikoa: horrela besterik ezin da definitu Patri Urkizuk 2009ko martxoan kaleratu zuen liburua. Ia 600 orrialde ditu Urkizuk osatu duen Euskal teatroaren historiak, eta gure antzerkiaren ibilbidean sakon murgiltzeko tresna paregabea da. Hasierako antzezlanetatik gaur eguneraino egindako bidea azaldu du, ilustraziotik, erromantizismotik eta abangoardietatik pasaz. Euskal antzerkiaren memoria gordetzeko egitasmo publikorik ez dagoenez, horrelako lanek funtzio garrantzitsua betetzen dute.

Arg.: Iratxe Esnaola

Iratxe Esnaola

PuntuEus elkarteko kidea

Iazko urtarrilean aurkeztu zen .eus domeinua eskuratzea helburu duen elkartea. Euskara eta euskal kultura Interneten ikusgarri bilakatzeko dihardu lanean, kataluniarren moduko egitasmoak –.cat domeinua sortu dute– ardatz hartuta. PuntuEus elkarteko kide Iratxe Esnaolak azaldu zigun moduan, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua lortzeko ezinbestekoa da erabiltzaileen babesa izatea. Hala, elkartea atxikimenduak biltzen ari da Internet bidez, www.puntueus.org webgunean.

Arg.: Iñaki Camino

Iñaki Camino

EHUko hizkuntzalariak urte asko daramatza, zarata handirik atera gabe, dialektoak ikertzen. Irañeta eta Arakil, Nafarroa Beherea, Goñerri, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari... aztertu dituen euskalki eta hizkerak dira, batzuk aipatzearren. 2009an, lan mardula osatu du: Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi. Dialektologiaren alderdi teoriko eta metodologikoak landu ditu, adibidez lagunduta. Eremu dialektalak nola sortu, zein motatakoak diren eta dialektoa zer den aztertu du, besteak beste.

Arg.: Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia

Alain M. Urrutia

Marrazkilaria

Urteko argitalpenen artean sorpresa ederrenetariko bat izan da Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak elkarlanean osatu duten Ihes ederra nobela grafikoa (Alberdania). Gutxi lantzen da genero hori euskaraz –ia ezer ez–, eta, hasteko, ausartu izana eskertu behar zaie bi sortzaileoi. Ezohiko generoa izateaz gain, ordea, kontatu duten istorioa ere ez da batere arrunta: ukronia bat osatu dute Etxartek eta Urrutiak. 1813an Frantziak Euskal Herriko Hegoaldea bereganatu izan balu gaur egun nola biziko ginatekeen irudikatu dute: euskaraz berba egiten duten gendarmeak, talde armatu espainolistak, eskuin muturretik hurbil dabiltzan euskal politikariak... Eta, hori gutxi balitz, Joanes Apaolaza eta Olga Perlsen arteko harremanaren bidez, gaur egungo bikote heterosexualen gorabeherez mintzatu dira. Liburuak badu engaiamendu politikotik, badu ironiatik eta maila askotako irakurketak eskaintzen ditu, orrialdeen bazterretan txertatuta dauden erreferentzia bibliografikoei esker. Zuri-beltzean egina, estetikoki berehala harrapatzen duen lana da.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan