Arg.: Eli Gorostegi
Espainian 2008ko azarotik 2009ko bukaera aldera ia 3000 lanpostu galdu ziren komunikabideetan eta horietatik gehienak prentsan. Krisiak gogor jarraitzen du kolpatzen sektorea eta ez da irtenbide argirik ikusten. Espainian 2008an publizitate salmenta %19,8 jaitsi zen egunkarietan eta 2009ko lehen sei hilabetean %33. Frantzian ere gisa berekoa da uholdea eta Nicolas Sarkozyk 2009an 600 milioi euroko diru-laguntzak bideratu zituen prentsari krisia laguntzen gainditzeko. Eusko Jaurlaritzak ia 4,5 milioi euro eman zuen euskarazko prentsarentzat (2008an 4 bat milioi) urteroko ohiko diru-laguntzetan.
Euskal prentsan egoeraren datu zehatzik ez dugu, baina pentsatzekoa da egoera estua dela. Askok miazkatuko ditu zauriak isilean, baina oraingoz ez da komunikabideen erorketa handirik izan. Geu Gasteiz aldizkariak itxi zituen ateak 2009ko bukaeran, baina bere azken urteetako egoera ere hil ala bizikoa izan da. Pentsatzekoa da Nafarroako zenbait herri aldizkariren egoera ere ataka larrian izango dela 2010ean, besteak beste Nafarroako Gobernuak 2009aren amaieran, eta krisia aitzakitzat hartuta, agindutako 245.000 euroko diru-laguntza bertan behera utzi zuelako.
Batek daki 2010ean zer gertatuko den, baina oraingoz krisiari hobeto eusteko azalpenetan honako klabeak garrantzitsuak dira: bat, euskarazko komunikazio enpresen helburu nagusia ez da dirua irabaztea eta horrek enpresak edo elkarteak bizirik mantentzen ditu; bi, krisiari eusten iaioak dira, estu bizitzera ohituak daude; hiru, profesionaltasunaz gain, militantzia ere garrantzitsua da langileen jardunean; euskarazko prentsaren irakurlea seguruenik fidelagoa da; eta ezin ahaztu, nola ez, nahikoak izan ez arren, diru-laguntza publiko zuzenak dituztela.
Baina inozoa litzateke pentsatzea irla bat garela, eta inguratzen gaituztenengandik hain desberdinak garela. Ez, euskal prentsan ere joera orokor horiek etxe barruan ditugu eta horiei nola erantzun asmatu ezinean gabiltza. Publizitatearen arazoa larria bada erdarazko prentsan, pentsa euskarazkoan, haien aldean gurean publizitate inbertsioa hain txikia denean. Ez dago daturik, baina eremu horretan herri aldizkariak dira gehien sufrituko dutenak, publizitatetik gehien bizi direnak haiek dira eta. Bestelako prentsan buruhausterik handiena informazioaren doakotasunak sortutakoa da, gaur egun paperean dagoen gehiena Interneten ere jartzen delako.
Informazioa eta askatasuna estuki lotuak doaz, informazioak askeago egiten du pertsona. Antza, prest gaude, basoerdiak, gimnasioak, bidaiak, autoak, antzerkia, kontzertuak, literatura… ordaintzeko, baina ez informazioa, hau, modu arinean irratiak eta telebistak ematen digutelako, eta modu sakonagoan sarean dugulako. Baina galdetu beharko diogu gure buruari ea nola sortzen den sarean edo doako egunkarietan doan ematen zaigun informazio hori. Espainiako komunikabideetan informazioa eta doakotasunaren kontraesanaren adibide esanguratsua izan genuen 2009an. Soitu.es komunikabide interesgarria zen eta informazioaren tratamenduaren ikuspegitik arrakastatsua, baina hori guztia izarren hautsa bilakatu zen nagusia zen BBVA bankuari proiektua jadanik interesgarria ez zela iruditu zitzaionean.
Sareak hautsi du kazetaria-informazioa bikote hori. Sarea hor dago, bere onura guztiekin, zalantza barik, eta beste inork ez duen potentzialitate itzel horrekin, baina informazioa ez da berez sortzen, bilatu, hautatu eta landu egin behar da eta horrek denbora eta dirua eskatzen du.
Sarea gero eta gehiago ari da jaten egunkarien lekua eta eta hauek, birkokatze bidean, aldizkariak bultzatzen dituzte –kolorea, azalaren kontzeptua, gehigarriak…–. Aspalditik datorren bultzada da, baina gero eta indartsuago ematen ari dena.
© 2009 ARGIA.com