Aurtengo gertakari literarioei begiratu (helduen literaturari erreparatu), eta agerpen errepikakor batek eman dit arreta: askotxo izan dira bigarren liburua argitaratu duten euskal idazleak. Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Xabi Borda, Hedoi Etxarte, Irati Jimenez, Beñat Sarasola. Lehen argitalpenetik bigarren argitalpenera, idazle hauetariko gehienek bere posizio hartze hori sendotu dute, sortzaile ez ezik, eragile modura ere aritu izan direlako. Zenbaitzuek Irakurle Klubetan parte hartu dute, gidari zein hizlari; edo Sautrela saioan parte hartu dute irakurgaiak proposatuz; edo zutabegintzan aritu dira; edo baita kritikagintzan ere… Bitartekari eta eragile aritu dira. Bigarren argitalpen horrek, beraz, eragiletzaren bitartez eskuraturiko posizio hartze hori sendotu du.
Egon badago, beraz, literaturaren agertokian posizioa hartzeko antzeko bideak hartu dituen idazle-talde bat. Jakina, nork bere diskurtsoa garatu du eta proposamen estetiko propio eta pertsonalak osatu dituzte. Baina, gehienek premia bera sumatu dute: idazketaren esparru hertsitik kanpo mugitzeko premia.
Eragiletza horren adibide dira urte honetan zehar antolatu diren hainbat literatura ekimen: Eako poesia egunak, Mikelazulok antolaturiko Eztena teatro egunak (eta bestelako kultur ekimenak), Literaturia, Bilbo eta Donostiako poesia egunak, Maiatzen solasaldiak, 111 akademiak antolaturiko mahai-inguruak… Horietariko batzuk ekimen berriak izan dira, eta beste asko sendotuz eta indartuz doazen ekimenak dira, literaturari espazio sozial berriak zabaltzeko antolatuak.
Jendarteratzeko behar horrek gero eta premiazkoagoa dirudi, ugaritu egin direlako liburuen gaineko errezitaldiak edota ikuskizunak. Ibilbide luzeko idazle zenbait ere ikusi ditugu aurten agertoki gainean: Xabier Lete eta Amaia Lasa, esaterako.
Badirudi eszenaratze horiek eta kultur joera berriek eragin dutela literatur sorkuntzan, eta besteak beste, genero hibridoen agerpena indartu dutela: Hedoi Etxarteren eta Alain M. Urrutiaren irudi-nobela, Info 7n zein Euskadi Irratian eginiko irrati-nobelak, errezitaldiek testugintzan izan duten eragina, eta abar.
Egoera hori izanda, literaturaren eszenaratze horrek bi galdera sortu dizkit:
Bitartekari ez den sortzailearen lanak, eragile modura lan egiten ez duen idazlearen lanak oztopoak izango al ditu bide egiteko?
Literaturaren antzezpen, interpretazio eta performance horiek eragina izango al dute literaturaren harreran? Alegia, galduko al da testu idatzira zuzenean eta bitartekaritzarik gabe heltzeko gaitasuna?
Diziplinartekotasun hori osagarri eta lagungarri izan dadila, eta ez oztopo. Hori dut desio.
© 2009 ARGIA.com