Poesiak oso gitxi eboluzionau dau. Antonio Gamonedak esaten dauen legez, egungo espainiar poesiaren mailea ez da handiegia. Nire ustez, garatzeko bidean dagoan poesia da egungoa, oro har barrikuntza gitxi dakarrena, nahikoa lerrokatua eta lokarturik dagoana. Dana dala, poesia duina da, hor ez daukat dudarik. Baina beste sasoi batzuetako barrikuntza eta lirismo jarioa faltan botaten dodaz (...) Behin entzun neutsan bati poesia ikasgaia behar-beharrezkoa zala ikasgeletan eta niri zoramena, larregizkoa begitandu jatan hori. Muturretara joan barik, poesia arte adierazpena da eta norberaren barrutik ez bada sortzen interesik, hortik aurrera egin geinkezan ahalegin guztiak alperrekoak izan daitekez. Bizkaie, 09-06-16
Horixe da itzulpen guztien lana, idazleak berak hizkuntza horretan idatzi izan balu bezala idaztea. Itzultzailearen lana ere horretan datza, zenbat eta ezkutuagoan geratu, orduan eta lan hobea egin duzun seinale. Eta hori da itzultzailearen tragikomedia (...) Itzulitako testua errezeloarekin hartzen zen lehen, eta, tamalez, oraindik ere bai askotan; euskarazko itzulpen bat hartu eta irakurtzen hasi baino lehen, badakigu itzulpen baten aurrean gaudela. Seguru gaztelaniazko liburu bat hartzen dugunean ez dugula gauza bera pentsatzen. Testu bat hartutakoan itzulpena dela jakitea jarrera oso ona iruditzen zait baina, liburua eskuan, ezpainak okertu gabe izan beharko luke. (Beterriko Liburua, 2009ko ekaina, 42. zenbakia)
Konparazio oro gorrotagarria dela jakinda ere, utzidazue gorrotagarria izaten momentu batez. Imajinatu dezakegu marokoar, errumaniar edo ekuadortar jatorriko euskal idazlerik? Bai? Noizko? Hamar, hogei urteren buruan? Inmigranteen bigarren belaunaldira itxaron behar al dugu? Ume marokoar, errumaniar eta ekuadortar horiek beren eskolaratze prozesua euskaraz bukatuko duten momentuan al dago gakoa? Hori bakarrik? Berez erakarriko al ditu euskal literaturak idazle potentzial horiek? Modu ‘naturalean’ erabiliko al dute euskara beren literatur jardunean?. (Deia, 09-01-23)
Kritika txarra, tira... baina kritika txarra eta gainera errespeturik gabe denean, tonu itsusian... horrelakoak interneten izaten dira. Eta pentsatzen dut nirekiko: hemen lau urte eman ditut nik eta igoal ez dut asmatu, baina aizu, niri errespetuz esan gauzak! (...) Sari ostean, behintzat badakizu kritiko eta epaile batzuek uste dutela lan hori ona izan dela. Sari horrek bulartu egiten zaitu, hauspotu. Gero badaude zenbait kontraesan: batzuek, handik aurrera idazten duzun guztia ona dela esaten dute; beste batzuek, kontrakoa: idazle hau saritua denez, hemendik aurrera egurra emango diogu. (Diario Vasco, 09-10-26)
Arg.: Dani Blanco
Unai Elorriagak ‘errespetua’ eskatzen zien kritikoei bere azkeneko nobelarentzat, hura idazten lau urte igaro baititu. Igeltsero batek gure bainu-gela eta sukaldea konpontzen lau hilabete pasatu, obra amaitu eta txapuza dantesko bat egin badigu, berarekin haserretzeko eta haren familia guztiaz gogoratzeko eskubidea daukagu noski. Baina idazle batekin ezin halakorik gertatu, mesedez: idazleok izaki bereziak gara, Parnaso mendiko biztanle dohatsuak, Musek bedeinkatutakoak. Kontuz gero... Ez nago jarrera horrekin ados, ikuspuntu gremial batetik zinez tentagarria iruditzen zaidan arren. Igeltseroaren kasuan bezala, axola duena ez delako inbertitu dugun (edo ez dugun) denbora edo abilezia edo barne-gogo guztia, azkeneko emaitza baizik: hori besterik ez. (Berria, 09-11-16)
Helduentzako literaturan ilustrazioak bere tokia izan dezakeela sinetsiko balitz, jendeak garbi baleuka ilustrazioak helduentzat ere izan daitezkeela, ilustrazioek liburuak apaindu ez ezik osatu eta aberastu ere egin ditzaketela, lana askoz errazagoa izango litzateke (...) Heltzen hasten garenean, jende gehienak marrazteari uzten dio, irudimena erabiltzeari uzten dio; txikientzako zerbait balitz bezala hartzen da marraztea, eta ez dut uste hala denik. Beste adierazpen modu bat da, guztiz errespetagarria, baina txikitatik esaten dizute hamalau urterekin beste bide batzuk hartzen hasi behar duzula, marrazten jarraitzen baduzu ameslari bat zarela, despistatu bat…, konnotazio txar samarrak ditu. Heltzen hasten garenean heldu itxura eman nahi dugu, serio itxura, eta marrazkiak egitea ez da gauza serioa kontsideratzen; niretzat ikaragarri serioa da, baina ez da hala hartzen, eta horregatik jende askok alde batera uzten du. (Beterriko Liburua, 2009ko martxoa, 41. zenbakia)
G gurean denok izan nahi dugu idazle onena, idazle maitatuena eta idazle sarituena; uste dugu onenak garela, eta goi mailako literatura bat egin nahi dugu. Beharbada, entretenimenduzko literatura duin bat edo entretenimendua eta pentsamendua uztartzen dituen literatura bat ere ez legoke gaizki. Ez dut esan nahi dena oso erraz egin behar denik, lehen esan duguna, bi muturrak ere ez. Baina agian erdiko eremu horretan ere topatuko dugu irakurle multzo bat, bai kalitatea eta bai entretenimendua uztartzen dituen literatura batean. Unehonetan goi-mailako literaturari begira gaudela iruditzen zait, beste ezeri baino gehiago, eta entretenimendua gaizki ikusita dagoela gurean. Entretenitzen duen liburua mespretxatu egiten da. Orduan, beldurrez edo, inork ez du entretenimendua esaten, ez ez, denok goi literatura egiten ari gara. Baina hori gezurra da. (Beterriko Liburua, 2009ko urria, 43. zenbakia)
Liburu elektronikoen harira:
“Espero dut diskoetxeek egin zituzten akats berak ez errepikatzea [argitaletxeek]. 2001. urtean, sare bidezko musikaren aukera azaltzen hasi zenean, jende askok kanta bakarra erosi nahi zuen. Diskoetxeak tematu ziren, eta Lp osoak eskaintzen jarraitu zuten. Eta kontsumitzaileak matxinatu egin ziren. Saretik kantak hartzen hasi ziren, legez kanpo. Diskoetxeei kosta egin zitzaien hori guztia ulertzea baina, gaur egun, salmenten %25 sarearen bidez egiten dute. Argitaletxeen artean gauza bera gerta liteke. Ez badituzte liburuak sarean jartzen, jendea, akaso, hasiko da kopia legez kanpokoak hartzen. (...) Nik beti azpimarratzen du tamaina, sarean, berdina dela denentzat: pantaila baten neurria du. Egia da argitaletxe handiek baliabide gehiago dituztela pantailako orri hori dinamizatzeko, baina, hasieran behintzat, denak berdinak dira. Euskal editoreak ulertzen baldin baditu mundu digitalaren arauak, baliteke errentagarritasun handiagoa lortzea paperarekin baino”.
(Berria, 09-01-28)
Ez ditut Larssonen nobelak irakurri, baina ongi etorriak izan daitezela Larsson eta bestseller handi guztiak. Ni, idazle ezezaguna naizen aldetik, ez naiz bestseller handien aurka gorriak esaten dituzten horietakoa, egoista izanik, niretzat oso ona delako. Hiru idazle milioika liburu saltzen aritzeak esan nahi du liburu-saltzaileek salmenta horiei esker eusten diotela. Arnasa ematen diete. Bedeinkatuak izan daitezela Larsson, Zafón eta Falcones, liburu-dendei dirua ematen dietelako eta horri esker bigarren mailako idazleon liburu berriak euren apaletan jar ditzaketelako. (Deia, 09-07-29)
© 2009 ARGIA.com