2022-09-02 08:29

Felix Krause garatzaile eta segurtasun ikerlariak egiaztatu duenez, iOSeko TikTok, Instagram eta Facebook aplikazioetan esteka batean klik egiten dugunean, gu zelatatzeko aukera ematen duen kodea txertatzen dute bisitatutako webgunean. Horri esker gure interakzio guztien berri izan dezakete: zer ikusten dugun, non klik egiten dugun… Gure nabigazio historia ezagututa guri buruzko informazio sentikor asko lortu daiteke: joera politiko eta sexualak, osasunarekin lotutako gaiak… Horrez gain, TikTokek edozein webgunetan idazten dugun guztira ere sarbidea duela aurkitu du, pasahitzak eta kontu zenbakiak barne.

iOSeko TikTok, Instagram eta Facebook aplikazioetan esteka batean klik egiten dugunean, bisitatu nahi dugun webgunea aplikazio barruko nabigatzailean irekitzen da modu lehenetsian, ez ohiko nabigatzailean. Oraindik aplikazio barruan gaudenez, TikTok, Instagram edo Facebookek bisitatzen ditugun web-orri guztietan egiten dugunaren jarraipena egiteko aukera ematen duen kodea txertatu dezakete.

Txertatutako kodearekin ze informazio eskuratu daitekeen egiaztatzeko tresna publiko egin du Felix Krause ikerlariak. Meta eta TikToken eledunek ukatu egin dute jarraipenik egiten dutenik, baina ikertzaileak dioen bezala, horrelako garapen bat ez da ingeniaritza lan hutsala eta ez da nahi gabe egiten den zerbait. Aplikazio hauek milioika erabiltzaile dituztenez, pilatu dezaketen datu kopurua izugarria da. Multinazionalek datu bilketa masiboak egiteko aukera dutenean egin egiten dutela frogatzen duten aurrekariak badaude. Adibidez, Peter Steinberger-ek Europako datuen babeserako GDPR legea baliatuz berari buruz zuten informazioa eskatu zion Spotify-ri, eta asko tematu ondoren, aplikazioan izandako interakzio eta bilaketa guzti-guztiak biltzen zituen fitxategi handi bat jaso zuen.

Zer egin dezaket neure burua babesteko?

Onena erabiltzaileak erabiltzetik bizi diren sare sozial komertzialak utzi eta Fedibertsora jauzi egitea da. TikTok, Instagram, Facebook eta antzerakoetan zeu zara produktua: adikzioa sortu eta ahalik eta datu gehien biltzeko diseinatuta daude.

Instagram edo Facebook aplikazioak erabili behar badituzu, estekak aplikazioz kanpoko nabigatzaile arrunt batean ireki. Adibidez, Instagramen “Open in Browser” (Ireki nabigatzailean) aukera erabili daiteke, bideo honetan ikusten den bezala. Dirudienez, TikTokek ez du aukera hori eskaintzen.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.