2023-06-23 10:41

ChatGPTren jabe den OpenAI enpresako buru Sam Altman-ek behin eta berriz hitz egin du publikoki adimen artifizialaren arriskuez. Gizateriaren desagerpena eragin dezakeela esatera ere iritsi da. Aldi berean, OpenAI-k presio egin du onartu berri den Europako Adimen Artifizialaren legean ChatGPT modukoak arrisku handikotzat har ez daitezen, Time aldizkariak lortu duen dokumentuak erakusten duenez.

Ekainaren 14an Adimen Artifizialaren Legea onartu du Europako Parlamentuak, mundu mailan mota honetako lehen erregulazioa. Hurrengo pausoa Europar Batasuneko Kontseiluarekin eta estatuekin negoziatzea izango da. Legeak arriskuaren arabera sailkatzen ditu adimen artifizialeko sistemak: arrisku txikikoak, mugatukoak, altukoak eta onartezinak. Sailkapen horren arabera erabakiko dira bakoitzak bete beharreko baldintzak eta ardurak. Arrisku maila onartezintzat jotzen direnak debekatu egingo dira, adibidez, denbora errealeko aurpegi-ezagutza sistemak.

ChatGPT bezalako erabilera orokorreko adimen artifizialeko sistemak arrisku handikotzat jotzen ziren legearen zirriborroan, hainbat instituzio eta adituk gutun ireki batean eskatu bezala. Horrek erregulatzeko neurri zorrotzagoak aplikatzea eragingo luke, baina azkenean ez da horrela izan, adimen artifizialeko sistemetan milaka milioi inbertitu dituzten Google edo Microsoft bezalako multinazionalen lobby lanagatik. Orain jakin da, Time aldizkariak argitaratutako dokumentu bati esker, OpenAI-k ere parte hartu duela presio kanpaina horretan.

“Nahi zutena lortu dute”, dio eskubide digitalen aldeko European Digital Rights (EDRi) elkarteko Sarah Chander kideak, “OpenAI-k, adimen artifizialaren erabilgarritasunaren eta onura publikoaren argudioa erabili du araudia urardotzeko bere interes ekonomikoak ezkutatzeko, beste enpresa teknologiko handi askok bezala”.

OpenAI-k ChatGPTren arrisku ebaluazioa jaisteko egindako presio lana kontraesan nabarmenean dago Sam Altmanek adimen artifizialaren arriskuez publikoki behin eta berriz egin dituen ohartarazpenekin. Beste hainbat aditurekin batera plazaratutako adierazpenean ziotenez, gizateria desagerrarazteko mehatxu nagusietakoa adimen artifiziala da, pandemia eta gerra nuklearrekin batera. Gaineratu zuten arrisku hori arintzea mundu mailako lehentasuna izan behar lukeela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.