2023-06-16 11:59

Hezkuntzan Librezale taldeko bi kide Eusko Legebiltzarrean izan dira Hezkuntza Lege berriaren proiektuari zuzenketa proposamenak aurkezten. Ideia nagusi bat azaldu dute parlamentuan: “digitalizazioari dagokionean lege proposamena ez da leiala 2022ko hezkuntza akordioarekin, eta ez dator bat, inondik inora, Hezkuntzan Librezaletik proposatzen duten digitalizazio ereduarekin”.

Hezkuntzan Librezale 2017an sortu zuten Euskal Herri osoko hainbat guraso, irakasle eta eragilek, enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan daukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta. Sare publiko eta kontzertatuko 500 pertsona baino gehiagok osatzen dute talde ireki hau.

Ekainaren 12an, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, EAEko Hezkuntza Lege proiektuari 25 aldaketa egitea proposatu dute Hezkuntzan Librezaleko Miren Berasategi Zeberio eta Iñigo Gebara Gracenea kideek. Nabarmendu dutenez, “lege proiektua ez dator bat, inondik inora, taldeak proposatzen duen digitalizazio ereduarekin, eta ez da leiala legebiltzarkideen %90aren babesa izan zuen 2022ko hezkuntza akordioarekin”. Euskal hezkuntza sistemaren digitalizazioa “ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna” errespetatuta eta “bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabilita” eramango dela aurrera esaten zen akordio hartan. Onartu eta egun gutxira Googlerekin hitzarmena sinatu zuen EAEko Hezkuntza Sailak.

Hezkuntza Legearen proiektuan izandako parte-hartzea azaltzeko Hezkuntzan Librezalek prestatutako denbora-lerroa / CC BY-SA 4.0

 

Lege proiektuan digitalizazioa helburu bezala agertzea kritikatu dute Hezkuntzan Librezaleko kideek. Horren ordez, digitalizazioa pedagogia, printzipio eta balioen zerbitzura jartzea defendatu dute. Tresna eta baliabide digitalek izaera osagarria izan behar dutela diote, “tresna horiekiko menpekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zaindu eta bermatuta, beti ere adin-tarte eta nortasunaren garapen-maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen marko pedagogikoan kokatuta”.

Ahalduntze digitala ezinbestekotzat jo dute Berasategik eta Gebarak, baina azpimarratu dute lege proiektuan ez zaiola erreferentziarik egiten. Legean espresuki gehitzea defendatu dute, ikasleak “bizi behar duten gizarte teknologikoki aurreratuan boteretuak egon daitezen”. Bi arrazoi aipatu dituzte horretarako. Batetik, ikasleei digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gaitasuna ematea, tresnen gaineko kontrola izan eta menpekotasunak saihesteko. Bestetik, parte-hartze sozial aktibo eta burujaberako gaitzea, “baliabide teknologiko horiek modu etiko eta arduratsuan erabilita eta haien pribatutasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuta”.

Gogoratu dute hezkuntza akordioak oso argi definitzen zuela zein teknologiarekin digitalizatu behar genuen: “Euskal Hezkuntza Sistemak digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du. Hau guztiau, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuta eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabilita egingo da”. Lege proiektuan askoz ideia lausoagoak agertzea gaitzetsi dute.

Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.