2022-09-15 07:13

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak Googleri 4.125 milioi euroko isuna ezartzeko erabakia berretsi du, inoiz ezarritako handiena. Arrazoia, bere bilatzailearen eta Chrome nabigatzailearen nagusitasuna sendotzeko Android mugikorren fabrikatzaileei legez kanpoko betebeharrak ezarri izana. Hau ez da Europak Googleri nagusikeriaz jokatzeagatik ezarritako lehen zigorra, 2021eko azaroan 2.420 milioi euroko beste isun bat jaso baitzuen, bilatzailean Google Shopping-en emaitzak sistematikoki konpetentziako zerbitzuen aurretik erakusteagatik.

Erabaki honek Europako Batzordeak 2018an multinazionalari ezarritako isuna berretsi du, zigor ekonomikoa jatorrizkoa baino pixka bat txikiagoa den arren. Epaian jasotzen denez, Googleren negozio ereduak bi oinarri ditu, batetik erabiltzaileei doan eskaintzen dizkien zerbitzuak, eta bestetik, erabiltzaile horien datuetan oinarritutako Interneteko publizitatearen salmenta. Googleren produktuen artean dago Europako smartphoneen %80an erabiltzen den Android sistema eragilea. Ebazpenean azaltzen denez, Googlek nagusitasun hori mugikorren fabrikatzaileei eta sare mugikorren operatzaileei legez kanpoko betebeharrak ezartzeko erabili du:

  • Fabrikatzaile batek bere gailuetan Googleren Play Store-a instalatu nahi badu, behartuta dago multinazionalaren bilatzailea eta Chrome nabigatzailea ere ezartzera. Horrek azaltzen du Android gailuetan Chrome nabigatzaileak duen ia erabateko nagusitasuna, pertsona gehienek gailuak dakarrena erabiltzen baitute. Chrome ez bezala euskarara itzulita dagoen Firefox nabigatzaile librea instalatzeak aldiz, erabiltzailearen erabaki kontzientea eskatzen du. Gomendioa, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, software libreko aplikazioen F-Droid biltegia erabiltzea, Linuxtarrak Garelako podcastaren lehen saioan ederki azaltzen duten bezala.
  • Fabrikatzaile batek Googleren Play Store-a eta bilatzailea instalatu nahi baditu, konpromisoa hartu behar du Googlek onartu gabeko Androiden bertsio bat duten gailuak ez saltzeko. Googleren aplikazio ezagunenak (Gmail, Drive…) ez dira libreak, baina Android sistema eragilea bai, multinazionalak garapena erabat kontrolatzen badu ere. Software askea izateari esker, badira Googleren aplikaziorik gabeko Androiden bertsio libreak, adibidez, LineageOS edo /e/OS. Googlek fabrikatzaileei baldintza hau ezartzeak Googleren kontrolpean ez dauden sistema eragile libre hauen zabalkundea asko zailtzen du.
  • Fabrikatzaileek jaso ahal izateko Googlek publizitatetik irabazitako diruaren zati bat baldintza bat bete behar dute: konpetentziaren bilatzailerik ez instalatzea. Betebehar horrek Googlek bilatzaileetan duen nagusitasuna babestea du helburu, erabiltzaileen pribatutasuna gehiago errespetatzen duten DuckDuckGo bezalako alternatiben kaltetan.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.