Finlandiako datuen babeserako erakundeak Helsinkiko udal-liburutegiek webguneetan Google Analytics erabiltzearen aurkako erabakia hartu du. Arrazoia: europarren datu pertsonalak AEBetara bidaltzea legez kanpokoa dela, adibidez, kasu honetan, herritarrek hartutako liburuen eta beste materialen informazioa. Google Analytics webgune gehienetan bisitarien trafikoa aztertzeko erabiltzen den tresna ahaltsua da, baina informazio guztia multinazionalaren esku jartzen du. Badira Matomo bezalako software libreko tresna etikoagoak, eta hori da, hain zuzen ere, Finlandiako udal-liburutegietan erabiltzen hasi direna, ARGIAk duela bi urte egin bezala.
Finlandiako datuen babeserako erakundearen erabakian irakur daitekeenez, 2013an jakin zen, Snowdenen filtrazioei esker, AEBen ezkutuko PRISM zelataritza-programaren parte zirela munduko teknologia-enpresa handienetako batzuk, besteren artean, Microsoft, Facebook (Meta), Google, Skype eta Apple. Horri esker, AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak atzerriko herritarren datu pribatuak eskuratzen zituen: mezu elektronikoak, argazkiak, deien informazioa…
Informazio horren harira, Max Schrems abokatu austriarrak salaketa ezarri zuen Facebooken aurka, datu pertsonalak AEBetara bidaltzean Europar Batasuneko datuen babeserako legeak urratzen zituela argudiatuz. Orduan hasitako bataila legal luzean bi aldiz eman diote arrazoia epaitegiek, azken aldiz 2020an, datuen transferentzia erregulatzen zuen Privacy Shield akordioa bertan behera utziz. Geroztik, ez da legezkoa europarren datu pertsonalak AEBetara bidaltzea.
Epaia betearazi eta herritarren pribatutasuna babesteko asmoz, 101 salaketa ezarri zituen Max Schrems buru den eskubide digitalen aldeko NOYB taldeak Google Analytics eta Facebook Connect erabiltzen zuten webguneen aurka. NOYB ingelesezko My privacy is None Of Your Bussiness esaldiaren laburdura da (“Nire pribatutasuna ez da zure kontua/negozioa”).
Salaketa horiei arrazoia ematen lehena Austriako datuen babeserako erakundea izan zen, 2021ean. Jarraian, 2022an, Austria, Frantzia, Italia eta Danimarkak ere antzerako erabakiak hartu zituzten. Guztiak bat datoz: Google Analytics bere horretan erabiltzea ez da legezkoa, eta erabili nahi bada, webgunearen ardura da herritarren datu pertsonalak babesten direla ziurtatzeko neurri gehigarriak hartzea. Horrek praktikan Google Analytics alboratu beharra dakar.
Bide beretik jo du Finlandiako datuen babeserako erakundeak. Helsinki, Espoo, Vantaa eta Kauniainen hirietako liburutegien helmet.fi webgunean Google Analytics erabiltzearen aurkako erabakia hartu du. Agintariei gogorarazi diete tentuz hautatu behar direla webguneetan ezartzen diren jarraipen tresnak, eta herritarrek aukera izan behar dutela beren online zerbitzuak bisitatzeko datuek erabilera komertzialik izan gabe. Udal-liburutegiak Matomo software librea erabiltzen hasi dira.
Azken hiru erabakiak Europako Batzordeko buru den Ursula von der Leyen eta AEBetako Joe Biden presidenteak berriz ere datuen transferentzia legeztatuko duen akordioa iragarri ondoren etorri dira. Izan ere, oraindik ez dago testu legalik, eta edozein kasutan, ez dago argi hitzarmen berri horrek etorkizunik izango duen. Schremsek iragarria du helegitea jarriko dutela. Aurrekariak ikusita oso posible da epaitegiek arrazoia ematea.