2023-06-06 11:29

EAEko administrazio publikoak erabiltzen dituen algoritmoen erregistro publiko bat sortzea adostu dute Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek. Akordioaren oinarrian EH Bilduko Lore Martinez Axpek aurkeztutako mozioa dago. Aurrez, apirilean, lau adituk hitz egin zuten legebiltzarkideen aurrean bere eskariz. Interesa duenak hitzaldien laburpenak eskura ditu egin genuen jarraipen berezian.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek adostutako testuan eskaera egiten zaio Eusko Jaurlaritzari, Datuaren Adierazpen Etiko bat onartzeko, euskal administrazio publikoan datuen kudeaketa eta erabilera gidatuko duten printzipio etiko eta balioen berme bezala. Adierazpen horren barruan algoritmoen erregistro publiko eskuragarri eta garden bat sortuko da, “euskal administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmo eta adimen artifizial sistema guztiak barne hartuko dituena, bai eta haiei zuzeneko edo zeharkako edozein kudeaketa-moduren bidez zerbitzu publikoak ematen dituzten erakunde pribatuetan erabiltzen direnak ere”.

Akordioan zehazki aipatzen ez bada ere, Martinez Axperen esanetan, Jaurlaritzak sortuko duen erregistro publikoan ez dira soilik algoritmoen izenak agertuko, Europako AI Act legea oinarri bezala hartzea adostu dutenez, entrenamendurako erabilitako datuak, herritarrengan duten inpaktu negatiboak saihesteko egindako testak, eta herritarren apelazio metodoak ere jaso beharko lituzke, besteak beste.

Pertsonengan eragin ditzakeen kalteak aztertu gabe adimen artifiziala merkaturatzearen arriskuez ohartarazi du Lore Martinez Axpek, eta behar-beharrezkotzat jo du aztertzea zer nolako bermeak dituzten administrazioak erabiltzen dituen algoritmo eta adimen artifizialeko sistemek. Italian debekatutako ChatGPT jarri du adibide bezala: “Ez da testatu datu pertsonalen babesa betetzen duen, ez da aztertu zein eragin, kalte edo onura ekar ditzakeen. Zuzenean merkatura joan da eta orain, milioika pertsonak erabili ostean, hasi dira konturatzen agian ez dituela beharrezko baldintza minimo batzuk betetzen”.

Algoritmoek hartutako erabakiek herritarren bizitzak baldintzatzen dituztenez, adimen artifizialaren eta algoritmoen kaxa beltzak zabaltzeko ordua dela adierazi du Lore Martinez Axpek: “Zer berme dituzte gaur egun administrazioak erabiltzen dituen algoritmoek? Emakumeak diskriminatzen dituzte? Bestelako alborapenak dituzte? Pribatutasuna errespetatzen dute ala datu pertsonalen urraketa ematen ari da? Ez dakigu, algoritmoak identifikatu gabe daudelako”. Sortuko den erregistro publikoa bide horretan emandako aurrerapausotzat jo du. Erregistroaren izaera publikoaren garrantzia nabarmendu du: “edozein herritarrek izango baitu sarbidea bertara, herritarren datu pertsonalak tratatzen dituen algoritmoen informazio osoa ikusteko”.

Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.