ARGIA.eus

2022ko azaroaren 27a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-07-22 09:28
 

Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. 2021ean Danimarkako Datuen Babeserako Agentziak gailu eta softwarea horiek lehen hezkuntzan erabiltzeak dakartzan arriskuen ebaluazio bat egiteko eskatu zion Helsingør udalerriari. Dokumentazioa aztertu ondoren, Europako datuen babeserako legea urratzen dela ikusi dute eta erabiltzea debekatu.

Helsingør-eko eskolako ikasleek udalak emandako Chromebook-ak erabiltzen zituzten orain arte, G Suite for Education-ekin. Ikasleen Google kontuak gurasoen baimen eta ezagutzarik gabe sortzen zituzten, umeen hainbat datu pertsonal erabiliz: izen-abizenak, eskolaren izena eta gela. Gurasoek ezin zuten informazio hori zuzendu edo anonimizatu, udaleko arduradunek soilik zutelako administrazio panelerako sarbidea.

2019ko abenduaren 11n Helsingør udalerriko guraso batek kexa aurkeztu zuen Danimarkako Datuen Babeserako Agentzian (Datatilsynet) bere haurrak eskolako Chromebook-a erabiliz YouTubeko kontu bat sortu zuelako bere baimenik gabe eta bertan benetako izen-abizenak ageri zirelako. Hamahiru urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dute Youtubeko kontua sortzeko.

2020ko urtarrilaren 29an Helsingør-eko udalak jazoera pribatutasunaren urraketa bezala jakinarazi zion datuen babeserako agentziari. Beste hainbat udalek ere antzeko kasuak salatu zituzten. 2021eko irailean Chromebook eta G Suite erabiltzeak dakartzan arriskuen balorazioa egiteko eskatu zion agentziak Helsingør-eko udalari.

2022ko uztailak 14an, udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Google multinazionalaren hezkuntzarako produktuak erabiltzean Europako datuen babeserako GDPR legea urratzen dela ebatzi du eta ondorioz debekatzea erabaki du. Epaia Helsingør-eko udalari zuzendua badago ere, agentzia beste udalerri batzuen kasuak aztertzen ari da eta neurriak hartzen hasteko agindu die.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.