ARGIA.eus

2022ko ekainaren 28a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-06-17 08:30

2022/23 ikasturteko matrikularekin batera EHUko ikasle guztiei Microsoft Office 365 kontua derrigorrean sortuko zaiela jakin du LAB sindikatuak. Salatu dutenez, orain arte unibertsitatean bertan kudeatzen ziren oinarrizko bi zerbitzu, posta elektronikoa eta biltegiratzea, Microsofti azpikontratatuko dizkio EHUk, pribatutasuna kaltetu eta dependentzia teknologikoa handituz.

2020an EHUko zuzendaritza taldeak Unibertsitateko irakasle, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzeko asmoa zuela jakin zen. Horren ondorioz, EHU ez dago salgai! UPV/EHUn pribatizazioen kontrako plataforma sortu zen. Sinadura bilketa abiatu zuten eta 700 atxikimendu baino gehiago jaso zituzten: unibertsitateko langileak, ikasleak, sindikatuak (LAB, CGT/LKN, STEILAS, CCOO eta ELA), eta norbanako zein taldeak (Izarkom, Ernai, Xenki, hack.in#badakigu eta Hezkuntzan Librezale).

EHU ez dago salgai! adierazpenean Microsoft Office 365erako migrazioaren arrisku eta gabezia hauek aipatu zituzten: pribatutasun eza, Microsoften produktuekiko menpekotasuna, EHUren izaera publikoaren galera eta diru xahuketa.

2020ko azaroaren 3ko Klaustroan, gaur egungo errektore Eva Ferreirak bere hautagaitza aurkeztu zuenean, LABek egindako galderari erantzunez Microsoft erabiltzera behartzeko asmorik ez zutela eta beste aukera batzuk ere badaudela esan zuen. LABen ustez errektorearen aldetik zintzotasun eza egon da eta unibertsitateko komunitatearekin kontatu gabe erabaki larria hartu da. Beldur dira ikasleekin pauso hau eman ondoren, ez ote den berdina egingo irakasle-ikertzaile zein administrazio eta zerbitzuetako (AZP) langileen posta elektronikoekin ere.

LABek bultzatzen duen IKT eredua, burujabetza teknologikoaren bidean, zerbitzu publikoen indartzean eta software librearen erabilera zabalean oinarritzen dela adierazi dute. Horregatik, dei egin diote EHUri O365 proiektua alde batera utzi eta hausnarketa prozesu bat martxan jartzeko, unibertsitateko komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea zehaztu dezan.

Jatorrizko artikulua Iametza Interaktiboa webgunean argitaratu zen: EHUk ikasle guztiak Microsoft Office 365 kontua edukitzera behartuko dituela salatu du LABek

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.