2024-01-12 12:35

AEBetako merkataritza elektronikoko eBay plataformak jazarpen kanpaina egin zuen 2019an enpresarekin kritikatu zuten bi blogariren aurka. Beldurtzeko asmoz, hiletetako lore-koroa bidali zieten etxera, baita zerri odoldu baten maskara, bizirik zeuden armiarma eta labezomorroak ere. eBayk hiru milioi dolarreko isuna ordaintzea onartu du, auzia ixteko.

1999an Ina eta David Steinerrek EcommerceBytes webgunea sortu zuten. Denborarekin erreferentziazko bihurtu da Interneteko plataformetan produktuak saltzen dituztenentzat. Merkataritza elektronikoan dabiltzanentzat gomendioak eskaintzeaz gain, plataformen erabaki eta politikekiko kritikak ere argitaratu izan dituzte. Adibidez, 2019ko apirilean Ina Steinerrek artikulua idatzi zuen, eta garai hartan eBayko buru zen Devin Wenig-ek enpresako langileek baino 152 aldiz gehiago irabazten zuela salatu zuen.

eBayko buruak artikulua bidali zion enpresako komunikazio departamentuaren arduradunari, Steve Wymer-i, eta honek “emakume hau txikitu egingo dugu” erantzun zion. Aste batzuk geroago “Aurrera” erantzun zion nagusiak. Orduan Wymer harremanetan jarri zen eBay-ko segurtasun buruarekin, Jim Baugh-ekin. Esan zion Ina Steiner “SUA EMAN beharreko troll bat” zela, “errautsak ikusi” nahi zituela, eta “egin beharrekoa egiteko”.

Jarraian eBayko segurtasun taldea Steinertarren aurka jazarpena egiten hasi zen, online eta fisikoki. Kikiltzeko asmoz, hiletetako lore-koroa bat bidali zieten etxera, baita zerri odoldu baten maskara bat, bizirik zeuden armiarma eta labezomorroak, eta pizza kantitate handien eskaerak ere. Auzotar baten etxera aldizkari pornografikoak ere bidali zituzten, David Steinerri zuzenduta. eBayko langileak Kaliforniatik Bostonera joan ziren, Steinertarren etxeari kalteak eragin eta haien autoari jarraipena egiteko.

2020ko ekainean eBayko sei goi kargu eta langileren aurkako epaia hasi zen. Josh Levy fiskalaren arabera “eBayk jokabide kriminal beldurgarria izan zuen”, eta “biktimei infernu hutsa eragin zieten, isilarazteko asmoz”. Zigorrik handiena Jim Baugh eBayko segurtasun buruari ezarri zioten: 57 hilabeteko kartzela-zigorra. Jazarpena gertatu zen garaian eBayko buru zen Devin Wenig ez dute epaitu. 2019ko irailean enpresa utzi zuen, 57 milioi dolarreko kalte-ordaina jaso ondoren. 2024ko urtarrilaren 11an eBayk 3 milioiko isuna ordaintzea onartu du auzia itxitzat emateko.

Artikuluaren argazki nagusia: And3275 / CC BY-SA 3.0

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.