2023-09-08 08:48

Irailaren 23an, larunbata “Digitalizazio burujabea hezkuntzan” jardunaldiak egingo dituzte Donostiako Iratzar aretoan, LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa fundazioak antolatuta.

Antolatzaileek adierazi dute jardunaldietan aztergai izango direla “digitalizazioak lan-harremanetan duen eragina” eta “hezkuntza eremuan Euskal Herriko administrazioek eskubide digitalak enpresa korporatibo handien esku uztea”. Hezkuntzako langile, guraso zein ikasleei hausnarketa politiko-sindikal eta pedagogikorako tartea eskaini nahi diete.

Hitzaldi nagusia Iratxe Esnaola Arribillaga informatika-ingeniari, unibertsitateko irakasle eta software librearen defendatzaileak emango du. 2008an PuntuEus elkartearen sorreran parte hartu zuen eta 2014ra arte proiektuko koordinatzailea eta zuzendaria izan zen. Hodeia ez da existitzen podcastean datuen jabetzari buruz hitz egin genuen berarekin 2021ean.

Euskal Herriko hezkuntzan multinazionalen produktuei alternatibak bilatzeko lanean ari direnen esperientziak ere entzungai izango dira jardunaldian. Iñigo Gebara irakasleak Irungo Hirubide Institutuan egiten ari diren lana azalduko du. Iaz gure podcastean egin genion elkarrizketa ARGIA astekarian ere argitaratu zuten. Jarraian, Baionako Etxepare Lizeoko Eder Etxeberria Rojo irakasleak haurrentzako Txikilinux sistema eragile libre eta euskaldunari buruz hitz egingo du. Ipar Euskal Herrian hezkuntza burujabetzara bidean ematen ari diren urratsei buruz hitz egin genuen berarekin podcastaren beste atal batean. Esperientzien tartea amaitzeko, Cecilia Bayok Katalunian hezkuntzaren digitalizazio demokratikoan ematen ari diren pausoen berri emango du.

Arratsaldean, pintxo janaren ondoren egingo den tailerrean, hezkuntzan erabiltzeko sortutako Luberri eta Txikilinux sistema eragile libre eta euskaldunak probatzeko aukera egongo da.

Jardunaldia doakoa da, baina aurrez izena eman behar da. Hemen duzue egitarau osoa:

9:00 – 9:30 Sarrera

9:30 – 10:40 Atal teorikoa

  • LAB sindikatua. Gogoeta politikoa
  • Iratxe Esnaola Arribillaga. Gogoeta pedagogikoa
  • Galdera-erantzunak

10:45 – 11:15 Atsedenaldia

11:15 – 13:00 Esperientziak

  • Irungo Hirubide institutua. Iñigo Gebara
  • Txikilinux. Eder Etxebarria Rojo
  • Digital Democratics Xnet. Cecilia Bayo de Gispert. Xnet-en familia laguntzaileak

12:25 – 13:00 Galdera-erantzunak

13:00 – 14:00 Pintxo jana

14:00 – 15:00 Luberri eta Txikilinux probatzeko tailerra

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.