ARGIA.eus

2021eko apirilaren 18a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.
2021-03-01 08:41

Europako Kontseiluak Euskalgintzaren Kontseilura jo du Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruz Espainiako Gobernuak egin duen txostenaz iritzia eskatzeko. Bada, Kontseiluak ondorioztatu du Europako Kontseiluaren gomendioak bete gabe jarraitzen dutela.

Behatokiaren eta Kontseiluaren iritzia jaso ondoren, 2018an argitaratu zituen Europako Kontseiluak Eurogutunaren bosgarren ebaluazioaren gomendioak, eta agerian geratu ziren Espainiako Gobernuaren gabeziak. Hiru urteren ondoren, Eurogutunaren betetze-maila ebaluatzeko prozedura berria jarri da martxan, eta, kontrol gisa, Espainiako Gobernuari eskatu zaio Europako Kontseiluaren berehalako neurrien inguruko azalpenak eman ditzala. Halaxe? egin du txosten bidez. Hori da Kontseiluak aztertu duena, eta hutsuneak ikusi ditu euskarari lotzen zaizkion bi gomendioak betetzeko neurrietan: justizian eta administrazioan.

Bermeak justizian eta administrazioan

Euskarari lotutako berehala bete beharreko bi gomendio jaso zituen ebaluazioan Europako Kontseiluak: batetik, justizia araubidean legea aldatzea eskatu zuen, eta, bestetik, estatuko administrazioaren zerbitzuetan hizkuntza gutxituen erabilera handitzeko gomendioa egin zuen. Txostenak, aldiz, erakutsi du Espainiako gobernuak ez duela ezer ere egin. «Lotsagarria» da hori Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarentzat. «Eskaera bat eta zehatza egin zioten Europatik: Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231 artikulua aldatzeko. Justizian gazteleraz ez beste hizkuntzetan aritzeko oztopo nagusia da lege hori. Espainiako gobernuak, ordea, muzin egin, eta hizkuntzen erabilerari buruzko ikerketa egiten ari dela erantzun du. Horrek erakusten du ez duela inolako borondaterik herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko».

Estatuko administrazioari dagokionez, beste hainbeste gertatzen da. Kontseiluak bereiziki jarri nahi izan du azpimarra kontratazio publikoetan, txostenak ez baitu aipatzen. Gainera, zerbitzu digitalei ere erreparatu die Bilbaok: «Egun eta pandemiaren ondorioz, administrazio elektronikoa da herritarren eta administrazioaren arteko bide erabiliena, eta eremu horretan ezer gutxi egin du Espainiako Gobernuak. Adibide zehatzen bidez horixe jakinarazi diegu adituei».

Europako Kontseilua eta elkarlana

Alde batetik, Paul Bilbaok positibotzat jo du Europako adituek Kontseilura jo izana iritzi bila: «Gogoratu behar dugu Kontseiluak eta Behatokiak lehen ebaluaziotik hartu dugula parte betetze-mailari buruzko txostenak osatzen eta adituen batzordearekin biltzen. Gainera, ikusi dugu gure oharrak oso kontuan hartu izan dituztela, eta orain ere gugana iritzi eske etorri izanak erakusten du Europako Kontseiluarentzat sinesgarritasun handiko erakundea garela».

Bestetik, Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, Kontseiluak uste du beharrezkoa dela hizkuntza gutxituen arteko eragileen elkarlana sustatzea. Bide horretan, orain bi urte aragoieraren, asturieraren, galizieraren, katalanaren eta euskararen aldeko gizarte eragileek proposamena helarazi zietela alderdi politikoei, hizkuntza-berdintasunaren aldeko neurriak eskatzeko. Horren ondorioz legez besteko proposamena aurkeztu zuten hamar alderdik Espainiako Kongresuan. Laster eztabaidatuko da. «Berriz ere egiaztatu ahal izan da Espainiako Gobernuak ez duela Europako gomendiorik betetzen, eta, beraz, alderdiei dei egiten diegu Kongresuan izango den eztabaidan gure proposamena aintzat hartu eta justiziaren aldeko politikak aldarrika ditzaten». Bien bitartean, Kontseiluak Estrasburgora igorri du Espainiako Gobernuaren txostenari buruzko iritzia. Azken txosten hau kontseiluaren webgunean duzue, deskargatzeko moduan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.