ARGIA SARIAK > 2025

Prentsako: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch, Beñat Parra eta Xalba Ramirezek jaso dute Antton Mendizabalen garaikurra.

Arrazoi hauengatik izan da saritua Irutxuloko Hitza:

"Hedabide kontserbadore eta handienak gizartea bustitzen ari dira delinkuentzia txikiarekin lotutako informazio zirimiriarekin. Segurtasun faltaren ideia hauspotzen dute, munstro guztiei ateak irekitzeko batzuek erabili nahi luketen komodina. Eta horretarako izu soziala elikatu behar.

Diskurtso arrazistak, joera autoritarioak eta poliziaren indarkeria gora doazela ikusten ari gara batean eta bestean. Ez da Euskal Herriko arazo esklusiboa, eta gurean ez dago duela zenbait hamarkada bezain indartsu –gogoratu garai hartako “egunez uniformatuak, gauez inkontrolatuak” aldarria–. Baina gora dator, nazioartean ikusten den bezala, eta horrek bai, beldurtzen du, gizarte justuago baten alde dagoen edonor.

Eta eskuin muturraren aurka, zer egin? Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik? Gaur sarituko dugun hedabideak erakusten digu bidea. Posizio editorial garbia, elkarlana oinarri, auzoetatik hasita eta gaiari gertuko kazetaritza jarraipena eginda, nahiz eta horrek faxisten seinalamenduak eta mehatxuak eragin kazetariei".

Aurkezpen bideoa
Sarituen hitzartzea