ARGIA SARIAK > 2023

Prentsa: Zugazart

Marrazkiak haurren kontu moduan hartzen dira sarri. Komikiak irakurtzen dituena zenbaitek irakurle ere kontsideratzen ez duen lez. Asko dira, ordea, arkatzaren punta zorrotz, maiz umoretik, baina gaurkotasuneko gaiak kritikaz marrazten dituztenak.

Unai Iturriagak 2019ko ekainean hasi zuen Zugazart sinaduraren atzeko lana Gara egunkarian, eta lau urte hauetako ibilbidea saritu dute. Langile grebak, euskararen kontrako erasoak, Enrique Maya, bertsolaritza, euskal preso politikoak, Polizia, Osakidetzaren gainbehera, Irulegiko eskua, Palestina, Ukraina, Brasil... asko eta anitzak dira zuri-beltzean irudikatzen dituen aktualitateak. “Zorrotz eta garratz merezi zutenekin, maitasunez eta samurtasunez behar zutenekin”, idatzi zuen Iturriagak berak, bere aurrekoak egindako ibilbidearen aitortza moduan, eta berari ere aplika dakizkiokegu hitzok.

Inspirazioaren eta interesgarri zaizkion gaien gorabeheran “boladak” izaten dituela aitortu digu, baina eskertuta dago sariarekin: “Kasualitatez, sariaren albistea jaso nuen beste batzuei zer eta zertarako egiten dudan azaltzen aritu behar izan nuen bilera batetik ateratakoan, eta poza ematen du gure unibertsoaren onespen hau jasotzeak”.

Aurkezpen bideoa