ARGIA SARIAK > 2023

Merezimenduzkoa: Oihana Goiriena

Urtebete egingo du laster Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso, ekaitz perfektu batek erdiz erdi harrapatuta. Epaiketarik gabe gatibu, bere aurka fundamentuzko frogarik aurkeztu gabe bahituta daukate, eta bere burua publikoki defendatu ezinean utzi dute komunikatzailea, inkomunikatuta.

Lagun eta senideak ez dira besoak gurutzatuta geratu, eta batez ere Oihana Goiriena, Pabloren emaztea, ikusi dugu han eta hemen injustizia salatzen. Izan hedabide handietan zein txikietan, Legebiltzarrean eta gaztetxeetan; behar den leku guztietan senarraren askatasuna aldarrikatzen. Gertatu dena kontatzen, indarra transmitituz eta duintasun osoz, kazetaritza askearen defentsa egiten, eta azken aldian elite ekonomiko eta politikoen hain esaneko ikusten dugun ofizio honi gogoraraziz zintzotasunean dagoela bere edertasuna.

“Pablo, kontutan hartuta non eta zein egoeratan dagoen, ondo dago, asko argaldu bada ere”, adierazi digu, eta segi: “Orain otsaila amaieran izango duen hurrengo bistaren zain gaude, epailearen erantzunaren zain”. Laster urtebete egingo du kartzelan, eta baliatuko dute hurrengo kanpaina martxan jartzeko –gogoratu Free Pablo elkartea sortu zutela bere ingurukoek eta hortik ari direla lanean, crowdfunding kanpaina ere martxan da–.

“Sekulako sorpresa izan da saria, baina baliatuko dugu adierazpen askatasuna eta kazetaritza konprometitua aldarrikatzeko”, azpimarratu digu Goirienak. Borroka honen aurpegi bilakatu delako jaso du saria.

Aurkezpen bideoa