ARGIA SARIAK > 2023

Kronika | Aurrez aurrekoaren xarma

Bi urteko hutsunearen ondoren itzuli gara Usurbilgo Atxega Jauregira. Hotz dago kanpoan, euria ere ez da urruti, eta bazkal aurreko aperitiboa barruan egitea erabaki dute aurten.

Lehen aurpegi ezagunak ikusi ditut, sarrixeago ikusten ditudan batzuk, eta gure urteko topaleku Argia Sarietako bazkaria bilakatu zaigun besteren bat. Kanape eta ardo artean ari da giroa goxatzen eta batekin eta bestearekin ari garela, entzuten ditugu inguruan kameren lehen kliskak, eta Leire Vargas eta Oihana Arana ere hasiak dira beren elkarrizketekin.

Ordu erdiren bueltan mahaian esertzeko gonbita egin digute, eta batzuk agurtu eta besteei gero arte esanda, bagoaz bakoitza bere lekura gerturatzen. Dagoeneko gehienok begiratua dugu izendatutako lekua eta nor izango ditugun mahaikide. “ARGIAkoek ondo zaintzen naute”, pentsatu dut neure baitarako, beti jartzen naute eroso egongo naizen tokian. Hamar lagun, 1936an jaiotakotik 2002an sortutakorainoko abanikoaren barruan. Mundiala. Bazkaldu dugu ondo baino hobeto, solastuz honetaz eta hartaz, eta kafeari emandako lehen hurruparekin batera ekin diote Aner Peritzek eta Haizea Aranak ekitaldiari.

Mikel Garcia ARGIAko kazetariak irakurri du lantaldearen mezua, eta segidan banatu dituzte sariak: ARGIAko taldeko baten aurkezpena, bideo labur bat, sarituen izenak, garaikurra eta sarituen hitzak.

Emozioz bizi izan ditut saritutako lanak zein diren jakitea bezala, sarituen hitzak entzutea ere bai. Amaren abizena daraman lanaren aitortza miretsi dut, euskaraz eta komunitatean antolatutako sare libre baten sorrerak eta martxak irribarrea atera dit, hil arte bizi behar dela oroitarazi digutenen diskurtsoak hunkitu nau, torturaren eta kartzelaren itzal ilunak uzkurtu dizkit giharrak korapilo bat egiteraino, eta euren hizkuntz eskubideen alde borrokan ari diren bi gaztetxoren hitzek piztu naute.

Aspaldi ikusi gabekoekin egoteko aukera izan dut, ezagutzen ez nuenen batekin bazkaltzekoa, eta Argia Sarien 34. edizioko parte txiki-txiki bat izatekoa. Plazera.

Aurkezpen bideoa