ARGIA SARIAK > 2023

Kanpaina: Azterketak euskaraz

Gaztetxoak dira kanpainan lehen lerroan diren protagonistak, ondoan dituztelarik guraso eta irakasleak lagun. Aspaldiko da Seaskan azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen borroka, baina duela sei urte Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren jarreraren gogortzea dela medio, atzerapen handiak pairatu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta mobilizazioa indartuz joan da eta oihartzun handia lortu du.

Ez da aldarrikapen hutsa, egiten dituzten oinarrizko eskaerak lortu bitartean alternatibak sortuz baitoaz. “Guraso, langile eta Seaskako bulegoko kideei irekitako batzordea daukagu, eta lan ardatz ezberdinak modu parte-hartzailean gogoetatzen eta finkatzen ditugu: zuzenketa alternatiboak eratuz Euskal Elkargoak lagundurik, adibidez”, kontatu digu Mañolo Espellet irakasleak.

Urtez urte baxoa eta brebeta egin beharrean diren ikasleen hizkuntz eskubideak urratuak direlarik, beraiek ezin izan badute, ondorengoek zorte handiagoa izan dezaten borrokan ari diren ikasle eta bidelagunentzat da saria. “Guretako sari hau Euskal Herri osoaren aitorpena da, motibazio iturria eta udaberrirako prestatzen ari garen mobilizazio erraldoira zazpi lurraldeetako euskaltzaleei gomita luzatzeko aukera”, gogorarazi digu.

Aurkezpen bideoa