ARGIA SARIAK > 2023

Internet: Euskal Mastodon komunitateak

Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan. Txio han eta txio hemen gabiltza, baina txoria munduko bigarren pertsona aberatsenak erosi du, eta aurten ikusi dugu kristalezko kaiola gero eta estuagoa dela, agerian geratu baitira "garden" kolorez bernizatutako barroteak.

Txoria eskuin muturraren bazka bihurtu den urtean, sare sozialen zoologikoan beste animalia bat ezagutu dugu, software librearen militante euskaltzale batzuek jada 2018tik martxan zeukaten Mastodon-a. “Gabezia bat ikusi genuen, euskaraz funtzionatuko zuen sare sozial baten beharra”, kontatu du Yaiza Arrizabalaga mastodon.jalgi.eus-eko kideak (Izarkom dago horren oinarrian) eta Dabid Martinez mastodon.eus-ekoak (Azkue Fundazioa, Iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios kooperatiba daude horren oinarrian) zera gehitu dio: “Bestalde, burujabetzaren ideia zegoen, hau da, komunitateak berak kudeatutako eta araututako kanal edo baliabide teknologikoak erabiltzearen beharra”.

Sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak, urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. “Oso zaila da jendearen inertziak aldatzea, baina gutxinaka ikusten da gauzak ezberdin egiteko jendearen nahia”, adierazi du Arrizabalagak. “Bestelako sare sozialak, balioetan oinarrituan eta irabazi asmorik gabeak, posible direla uste dugu”, jarraitu du Martinezek. 4.000 kide baino gehiagok osatzen dute euskal Mastodon komunitatea. Bi komunitateak elkarren artean federatuta daude, giro onean, eta bientzat da saria, komunitate osoarentzat.

Aurkezpen bideoa