ARGIA SARIAK > 2023

Ikus-entzunezkoa: Karpeta urdinak

Egia ofizialak superprodukzioen bitartez kontatzen diren bitartean, herri baten tragedia isilean itota uzteko arriskua dago, guk geuk kontatzen ez badugu. Estatuen biolentziaren biktima izan diren eta erreparaziorik ez duten milaka euskal herritar torturaturen gaia argitara ateratzeko lana egin dute ikus-entzunezko honen bitartez. “2016an aukera izan nuen Kriminologiaren Euskal Institutuak EAEn 1960tik 2015era izandako tortura kasuei buruz egindako txostenaren aurkezpen eta irakurketa saioetan egoteko, eta pentsatu nuen garai baten hasiera markatzen zuela, aitortzaz eta erreparazioaz hizketan hasiko ginela, eta hala ez bazen, kaleak jendez beteko zirela. Oker nengoen, garai baten amaiera zen batzuentzat, kaxoia ixteko unea, eta horren aurrean kaleak ere ez ziren bete, nik uste bezala”, kontatu digu Ander Iriarte dokumentalaren egileak.

Ikusezina argitara ekartzeak berez badu garrantzia, baina, are gehiago, asmo politikoak dituen ezkutuko praktika hori masiboa eta sistematikoa izan bada. “Euskal Herriko inguru zabal batean inor gutxi topatuko duzu tortura ukatzen duenik, baina uste dut jendarte gisa ez dugula jakin gaiaren pisua kalkulatzen eta kudeatzen”, dio Iriartek. “Torturatuak antolatzen has daitezen laguntzeko dokumentala ere bada”, azpimarratu digu egileak.

Aurkezpen bideoa
Sarituen hitzartzea