ARGIA SARIAK > 2023

Entzunezkoa: (Min)bizi podcasta

Medikuaren kontsultatik atera eta bakarrik eta galduta sentitzen direnei babesa eta elkartasuna eskaintzeko asmoz sortutako materiala da, beren buruak toki horretan ezagutu dituzten emakumeek eginda, euren ahots, gogo eta gorputzetatik. “Minbizia normalizatu beharra dago, asko izango gara pasatzea tokatu(ko) zaigunak, eta erruki begirada kendu eta gaixoari begietara begiratu eta galdetu behar diogu zer behar duen”, azaldu digu Olatz Mercaderrek, Iñurri elkarteko kideak.

Gaixotasunaren diagnosia jaso dutenei aukeren leihoak irekitzen dizkiete, norberak erabaki dezan nola igaro nahi duen bizitzako prozesu neketsu hau. “Emakumeok geure buru eta gorputzetatik eta euskaraz egindako materiala nabaritu genuen guk faltan, eta hori eskaini nahi diegu besteei”, azaldu du Mercaderrek. Talde motorean lau dira, “baina inurritegi oso bat dago atzetik, eta borondatezko inurri horien guztien lan eta laguntzarik gabe ez zegokeen entzungai podkasta; beraz, beraientzat guztientzat da sari hau”, azpimarratu du.

Jendarteari deseroso zaizkion pertsonak eta errealitateak mikrofono aurrera ekarri, eta gordin bezain goxo hitz egiten dute urrun nahi ditugun minei eta beldurrei buruz. “Minbizia, batez ere emakumeona, arrosaz tindatu eta infantilizatu nahi dutenen kontrara, guk baliabideak eman nahi dizkiogu marroi hau pasatzea tokatu zaionari, bidea pixka bat erraztu diezaion”.

Aurkezpen bideoa