ARGIA SARIAK > 2023

Argiako lantaldearen mezua: Garai interesgarriak

Argiako lantaldearen mezua Argia Sarietan: Garai interesgarriak

Gure lankide Pello Zubiriak esan ohi duen moduan, garai interesgarriak kazetaritzarentzat, garai nahasietan asko dagoelako kontatzeko, eta modu askotara gainera; ARGIAn heldu diogu erronkari. Gaurko ekitaldia aurkezten ari diren lagunen eskutik egin dugu bertso txapelketa nagusiaren ikus-entzunezko jarraipen berezia; podcasten munduan ari gara pixkanaka eskaintza zabaltzen; webgune berria estreinatu dugu aste honetan (beti bezala eduki guztiak lizentzia librean); estudio bat ere inauguratu dugu ARGIAn, grabazioak txukun egiteko… Etorkizuna hori da, askotan entzun dugu.

Baina papera oso presente dugu, gure harpidedunek garbi utzi digute paperean ere estimatzen dutela ARGIA. CIES neurketa etxearen arabera, urtez urte gora egiten ari da paperean dugun irakurle kopurua, garaiotan ez da batere ohikoa, eta garbi dugu: “Ez, papera ez da hil”, kazetaritzak euskarri guztiak behar ditu-eta.

Krisi boladetan eta kapitalismoaren danbateko gogorrenen aurrean, zentzu guztia hartzen dute etxe barruko balioek

Garai interesgarriak bizi ditugu, eta garai ilunak, ziurgabetasun, haserre eta polarizazio handikoak. Kontziente gara uneotan zeinen funtzio sozial garrantzitsua duen kazetaritzak, eta kalitatezko lana egiten saiatzen gara. Panorama ulertzen lagunduko duten gakoak eman nahi ditugu, galderak egiten eta erantzunak bilatzen dituen kazetaritza egin nahi dugu, bertsio aldebakar eta dogmatikoetatik ihesi ñabarduretara jotzen duena, kazetaritza zintzoa, bidegabekeriak salatzen dituena, boterearekin kritikoa, etsipenean ez jausteko alternatibak eskainiko dituena.

Baina kazetaritza konprometituak etsai handiak ditu. Honezkero ia erabat normalizatuta dugun Mozal Legea da horren lekuko. Munduan, bestalde, 86 kazetari hil eta isilarazi dituzte 2022an, beren lana egiteagatik. Unescoren datuak dira. Eta ez dezagun ahaztu, Euskal Herriko kazetari batek, Pablo Gonzalezek, 11 hilabete daramatza Poloniako ziega batean sartuta.

Garai interesgarriak izaten ari dira gure proiektuaren sendotasuna berresteko. Krisi boladetan eta kapitalismoaren danbateko gogorrenen aurrean, zentzu guztia hartzen baitute etxe barruko balioek. Elkar zaintzan sinesten dugu, barne antolaketa horizontalean, taldea batuta eta indartsu mantentzearen garrantzian.

Eta gure komunitatearen konfiantza eta ekarpenak ditugu bizigai: Argiako kideak dira gure sostengu nagusia. 2023 hasiera honetan, 2022a hasi genuenean baino gehiago gara, eta zazpigarren urtez jarraian, harpidetzak irabazten jarraitzen dugu. Garaiotan batere ohikoa ez dela jakitun, biziki eskertuta gaude. 300 etxe baino gehiagotan, 50 urtetik gora daramate ARGIA jasotzen, eta horien ordezkaritza bat dugu gaurko ekitaldian. Mahai horretan daudenek mende erdia baino gehiago daramate ARGIAren bidaide izaten, zenbait kasutan gurasoek hasitako harpidetza mantendu dutelako seme-alabek, belaunaldiz belaunaldi eten ez den katea ere badelako ARGIA. Mila esker, Antton Dorronsoro, Nekane Aierbe, Mila Manterola, Arantzazu Royo, Juan eta Feli Aleman, eta Jon eta Lukas Barandiaran.

ARGIAko kideak dira gure sostengu nagusia. 2023 hasiera honetan, 2022a hasi genuenean baino gehiago gara, eta zazpigarren urtez jarraian, harpidetzak irabazten jarraitzen dugu

Duela gutxi egin dugun kanpainari esker ere bagara gehiago: euskara ofiziala ez den lekuetan euskara ikastea erabaki dutenei bultzada emateko, 85 euskara ikasleren etxeetan doan jasoko dute ARGIA. XXI. mendean, euskara oraindik ez da ofiziala Euskal Herriko hiru eremutan: Ipar Euskal Herrian, Nafarroa erdian-hegoaldean, eta Trebiñun. Zatiketa antzurik gabe, euskara ofizial eta denon eskubide izango den Euskal Herria eraikitzen lagundu nahi dugu, euskara ikastea doakoa izango den Euskal Herria.

Komunitate oparoa dugu, eta elkarlanerako aliatu paregabeak, ez dugulako etorkizunik irudikatzen, jende onaz inguratuta ez bada. Bizi Baratzeko adiskideak; Lurra Herriari Deika ari dela gogoratzen diguten agroekologia mugimenduko lagunak; inor ez dela ilegala aldarrikatzen duten Mboloko kideak; ARGIA bizikletaz eta modu jasangarrian etxeetaraino eramaten duten kooperatibak; dekolonialitateaz gogoetatzeko alboan dugun emakume migratu eta arrazializatuen sarea; ekonomia sozial eraldatzailean bidea urratzen jarraitzeko Olatukoop eta Beterri Saretuz; eta jakina, Baltsan elkarteko kideak, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren antolatzaileak, ARGIArekin batera: laugarren edizioa egingo dugu ekainaren 3an (gorde data), mugek bereizi nahi dutena euskarak batu dezan.

Diru publikoz batzuk saritu eta beste batzuk baztertzen diren ekosistema mediatikoan, administrazioaren esku dago euskarazko hedabideen aldeko benetako apustua egitea

Bai, garai interesgarriak dira komunikazioan, hedabideok jauzi kualitatibo inportanteak eman ditzakegu kazetaritza hobea eta eraginkorragoa egiteko; bide horretan administrazio publikoak zein rol jokatu nahi duen erabakitzea bere esku dago. Indar korrelazioek, botere harremanek eta interes ezberdinek elikatutako ekosistema mediatikoan, diru publikoz batzuk saritu eta beste batzuk baztertzen diren ekosistema mediatikoan, administrazioaren esku dago diru publikoaren banaketan euskarazko hedabideen aldeko benetako apustua egitea, euskara, aniztasuna, kalitatea eta kritikotasuna oinarri izango dituen unibertso periodistikoaren aldeko apustua egitea.

Guk gure lanari eutsiko diogu, euskara eta independentzia ardatz. Garai interesgarrietan ere jarrai dezagula kazetaritza interesgarria egiten.