ARGIA SARIAK > 2022

Prentsa: Aiaraldea, Tubacex-eko grebaren jarraipenagatik

Hedabide independenteon sustrai nagusia komunitatea da. Kazetaritza komunitarioa deitzen zaio jendearen ekarpenak bizigai duten hedabideen jardunari. Kazetari lantalde profesionala txikia izanik ere, informatzeko gogoak bultzatuta musu-truk aritzen den kolaboratzaile sare oparoaren informazioak handitu egiten du eragiteko gaitasuna. Ingurunean errotuta egoteak bermatzen du baliabide faltagatik bestela ezinezkoa litzatekeen kazetaritza jarduna. Hedabidea komunitateari zor zaionez, herritarren patua hedabidearena ere bada.

Beraz, multinazional batek errentagarritasunaren izenean eskualdeko 129 familia kale gorrian utzi nahi dituenean, eta langileak grebara doazenean, eta lanuztea 236 egunez luzatzen denean, eta langileek garaipena ospatzen dutenean... Horren guztiaren aurrean, “Zer, nola egin?” galderak erantzun erraza du: herrikideen bizi baldintza duinen aldeko greban barneratzea. Hasieratik amaierara arte, egunez egun, lagun, auzokide eta senideen piketetik.

Herriko historian mugarri diren gertaerak txikitik ere kontatzen dira. Aiaraldea.eus-eko lagunek horixe egin dute, eta ondo egin ere. Eskura dituzten kazetaritza tresna guztiak erabiliz (papera, webgunea, ikus-entzunezkoak, sare sozialak...) Laudioko eta Amurrioko Tubacex-eko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatu, hedatu eta galdera berriak sortu dituzte.

Eta horrek saria merezi du.

Aurkezpen bideoa