ARGIA SARIAK > 2020

Ikus-entzunezkoa: 'Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa' dokumentala

Herri berdeago bat nahi zenuen defendatu, / Eguzkiarekiko harremanak beharrez kantatu… Hala zioen duela 40 urteko poema batek. Nuklearren kontrako borroka indartsu zegoen, eta testuinguru horretan gertatu zen tragedia Tuteran. Gaur sarituko dugun dokumentalak oroimena, justizia-nahia eta transmisioa ditu ardatz. Gogora dakar militante ekologista ez zegoela kasualitatez Ebroko zubian; “Eguzkia eta askatasuna maite zituelako” hil zutela …hiltzaileari dominak birritan jarri zizkioten bitartean.

Heriotza eta bizitza hura eredu gisa harturik, orduko mugimendu antinuklearraren eztabaidak eta erronkak gaur egunera ekarri ditu lan honek; testigantzak, dokumentuak eta irudiak elkarren artean ezin hobekiago josiz.