ARGIA SARIAK > 2018

Kronika | Hizkuntzak batzen dituen sari anitzak

Itsaso Zubiriaren kronika.

13:30ak aldera heldu garenok tartea izan dugu Usurbilgo Atxega Jauregiaren atarian ardo baten laguntzaz aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta orduantxe ezagututakoekin hitz-aspertu txiki bat egiteko. Abisua pasa digute barrura sartzeko garaia dela, eta aurten mahaikide nor izango ditudan begiratzeko asti labur bat hartuta, sartu naiz; egunaren kronikatxoa egin behar dudan aitzakian normalean tokatzen ez zaidan moduko bazkari ederraz gozatzera.

Olatz Korta lankideak egindako aurkezpenarekin sartu zait lehen zalantza. 29. ARGIA Sariak esan du. “Zer kristo kontatu behar dut nik kronika honetan? Ni baino zaharragoak dira-eta sari hauek”, pentsatu dut. 29 urteotan nahikoa kontatuta egongo da ARGIA Sariez! Beraz, irakurle, sari hauetako protokolo guztiak nola funtzionatzen duen ziur asko nik baino hobeto jakingo duzunez, nik xume-xume kontatuko dizut nire begiek eta belarriek jaso dutena.

Euskal Kulturaren Gailurra dirudite mahai batzuk, gai sakon eta garrantzitsuz hitz egiteko gune. Ni ez naiz horrelako lekuen bereziki zale, eta nire zorionerako, jauregi osoan zegoen ingeles bakarra tokatu zait alboan. Ingeles euskalduna! Eta harekin aritu naiz solasean gustura asko. Euskara irakasle lanetan dabilenari interesatzen zaio zerk motibatu zuen ingeles  bat gure hizkuntza ikastera, eta horretaz jardun gara; edo baita Euskal Herriko hedabideek bezala erakundeek euskarari ematen dioten garrantziaz (edo garrantzi ezaz).

Lagun anglosaxoi-euskaldunak eman dit kronikarako pista. Hizkuntzak batzen gaitu Atxegan elkartutako guztiok, eta sariek eta saridunek ere horixe dute oinarri. Ez aurten bakarrik; urteak joan, eta urteak etorri, 29 urtez. Eta jabetu naiz zer arlo diferentetan lortzen den euskara oinarri izatea, eta zer arlo diferentetako lagunei banatzen zaizkien sari hauek. Estitxu Eizagirrek bere diskurtsoan ondo esandako esaldi batek dioen bezala: jakin ala ez jakin, ez delako berdin.

Zorionak saritu guztiei.

Aurkezpen bideoa