ARGIA SARIAK > 2016

Merezimenduzkoa: 'Loreak' filma

Film baten gutxi gorabeherako zikloa urtebetekoa omen da, Loreak filmarena aldiz berrindartu egiten da apaltzera doala dirudien bakoitzean. 2014ko Donostiako Zinemaldian estreinatu eta publiko eta kritikaren oniritzia jaso ondoren Goya sarietarako izendapenak arreta piztu zuen Espainiako Estatuan eta Oscar-etan parte hartzeko aukerak iaz nazioartean. Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño dira zuzendariak eta azkenaren esanetan, “sentsazioa dugu pelikularekin gertatutakoa txirrindularitzako mendiko etapa baten parekoa izan dela. Azkeneko mendia kategoria berezikoa izan da”.

Helmugara ez heltzearen penaz dihardu, “ez delako erraza izango berriro horrelako koiuntura batean egotea”, baina esperientzia oso ona izan dela dio. Gure hizkuntza, kultura eta nortasuna munduan barna eraman dituzte baina “ibilbide honetan gakoa pelikula Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta izandako harrera positiboa da, uste dut horri esker etorri dela gainerako guztia”.

Jasotako sariak beraien lanarentzat baino harago, euskal zinemarentzat direla sentitzen dute: “Pelikula txukunak egiten ari gara eta zentzu batean hori saritzen ari zarete eta ari dira”.

Hemen albistearen lotura.