ARGIA SARIAK > 2011

Xabier Letona zuzendariaren hitzaldia

Inoiz ez da beranduegi

“Historiaren eskubideari uko eginda bizia hobetuko lukeen lehenengo hizkuntza izanen litzateke euskara”.

Oso gomendagarria den Autopsiarako frogak, Koldo Izagirreren liburutik hartutako pasartea da, eta aste honetan bertan euskararen gainean izandako adierazpen eta ika-mikaren harira ekarri dut hona.

Adierazpenen egileak, jakin badaki ez luketela txarto interpretatuko esandakoetako batzuk esan ez balitu. Esandakoak, gainera, ez dira berriak eta 2008an Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako egin zen Euskara Askatasunez manifestuan inspiratzen dira.
Baina uste dut garrantzitsuena ez dela Patxi Lopez lehendakariak euskara eta askatasunari buruz esandakoa. Esan zuen baita ere bortizkeriaren amaierak bide berriak urratuko zituela eta horrek gauzak asko erraztuko dizkiola euskarari. Uste dut puntu hori dela garrantzitsuena, hor zentratu behar dugula guztiok eta, gainera, hor adostasun handia dagoela.

Gauza asko erraztuko dizkio euskarari eta baita ere euskal gizarteari oro har. Denok dakigu hori. Horrexegatik bultzatu behar dugu indar handiz euskal gizartean sortu den egoera berria. Lortu behar dugu hiltzea iraganeko kontua izatea, eta tortura, eta mehatxua, eta beste hainbat bortizkeria. Lortu behar dugu bake prozesu sendoa bideratzea. Lortu behar dugu berradiskidetze bideak irekitzea, horrek dituen ondorio guztiekin.

Eta hori guztia egin behar dugu krisi ekonomiko sakon bat kudeatzen dugun bitartean. Beste sektore batzuk bezala, euskarazko hedabide ez publikoen sektorea ere gogor astintzen ari den krisia da. Sinetsidazue, gure medio asko egoera oso estua igarotzen ari dira. Baina nola ez da hala izango ba erraldoiak ere ixten ari badira: 2010rekin bat itzali zen CNN+ Espainian, eta oraintsu jakin da Prisak, El País egunkaria egiten duen enpresak, 2.500 langile kaleratuko dituela. Nola demontre ez ditugu guk gorriak biziko?
Horrexegatik, euskarazko hedabide ez publikoek instituzioen sostengu handiagoa eskatuko dugu elkarrekin. Batu egin gara aldarrikapen hori egiteko, eta datorren astean entzungo duzue gure ahotsa modu bateratuan. Eta gizarteko beste sektore batzuk bezala, bagatoz aldarrikatzera gureak ere merezi duela konfidantza eta sostengu handiagoa. Hori funtsezkoa dela guretzat, baina baita euskararentzat eta euskal kulturarentzat ere.

Gauza asko egiten ari gara, prentsan, irratian, telebistan, Interneten… bitarteko gutxirekin gauza ugari egiten ari gara. Bitarteko apur bat gehiagorekin askoz gehiago egingo genuke.

Badakit instituzioei beti iruditzen zaiela nahikoa sostengu ematen zaigula, eta gainera batzuek pentsatuko dute: “Begira hauek, beti eskean!”. Ez da orain zenbaki dantzan hasteko unea, baina gure erakundeetako aurrekontuak aztertuz gero eta konparaketak eginez gero, edozein euskaltzale zintzok ikus dezake gauza “inportante” batzuetan zenbat gastatzen den eta beste “inportante” batzuetan zenbat.

Klabea ez dago instituzioetan, gure sektorean dago, gure medioetan… baina une honetan instituzioen sostengu handiagoa ere giltzarri da. Argiakook pozik gaude ekimen bateratu honetan hedabide asko elkartu garelako eta elkarlan horretan gure alea jartzen jarraituko dugu.

Gauza onak lortzeko inoiz ez da beranduegi. Inoiz ez da beranduegi bakea lortzeko, ezta berradiskidetzeko ere… ez instituzio eta euskarazko hedabideen arteko elkarlana areagotzeko… Edo, adibidez, inoiz ez da beranduegi pentsio justuen alde borrokatzeko… Eta, jakina, inoiz ez da beranduegi Argiaren Interneteko albistegi berria ikusteko. Gure ibilbidean hau beste urrats bat da, sartu argia.eus-era ikusi Beranduegi eta emaiguzue zuen iritzia.