ARGIA SARIAK > 2011

Publizitatea: Donostiako Udalaren Nik ere euskaraz kanpaina

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egin duen argazki mosaikoaren kanpaina da, webgunearen bitartez berarekiko atxikimendua adierazten duten pertsonen argazkiekin osaturikoa. Proiektua sortu zen unean iritzi kontrajarriak egon ziren; baikorrenek 5.000 parte hartzaile izatea espero zuten, eta ezkorrenek berriz, zenbaki hori urruti ikusten zuten. Emaitzek hasierako kopurua motz geratu zela erakutsi dute: 9.000 argazki igo dituzte, bakarkakoak, zein taldekakoak gehituta, 14.000 pertsona inguru izan dira gutxi gorabehera.

Hainbesteko inplikazioren sekretua erabakia jendearen esku uztea izan daitekeela dio Udal Patronatuak, Nik ere euskaraz izenak hori azaltzen baitu. Ez da inongo inposizioa, norbere nahia edo izaera azaltzen du eta: “Azken finean zuk erabakitzen duzula dirudi, hau da, jendearen esku uzten da erabakia eta agian hori erabakigarria izan da”. Hasierako booma pasa zen arren, webgunearekin jarraitzeko asmoa dute eta baita etorkizunean sentsibilizazio kanpaina gehiago egitekoa ere. Datozen ekimenez galdetzean honakoa azaldu diote Argiari: “Oraindik ez dakigu nondik joko dugun, baina horrelako harrera izatea da gustatuko litzaigukeena”.