ARGIA SARIAK > 2011

Irratia: Ekaitz perfektua

Astelehenetik ostegunera eta igandetan Euskadi Gaztean Fermin Etxegoienen gidaritzapean egiten den irratsaioa da Ekaitz Perfektua. Garai guztietako musikaz gozatzeko aukera eskaintzen du saioak eta gainera, irailaz geroztik igandetan saio monografikoak egiten jarraitzeaz gain, historiako 100 disko onenen zerrenda osatzen ari da Etxegoien: “Urtetan mugarri izan diren disko eta inpaktua eragin duten horien inguruan aritu naiz”. Euskal musikaz galdetzean, “super komunikazioaren” garaian bizi garen arren, sortzen den musika askoz modu isolatuagoan agertzen dela dio saioaren gidariak.

80ko hamarkadan herri musika modernoak, beste arlo askotan bezala, sekulako goraldia izan zuen; musika kalean pizten ari zen, gazte giro komunitarioari esker. Hori guztia denborarekin desegin egin da neurri handi batean eta musikarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Etxegoienek ondorengoa dio egungo egoeraz: “Musika erabat arrunt bilakatu da eta musikaren zentzu kontrakulturala ere bigundu egin da”. Halere, bere burua identifikatzeko ispiluaren beharra duela eta, uste du jendeak euskal musikari inoiz ez diola bizkarrik emango. Bide horretan irratiaren laguntza garrantzitsua dela azpimarratu du Etxegoienek. Izan ere, irratiko errepikapenen poderioz, entzuleen gustuetan eta aukeretan eragiten da.