ARGIA SARIAK > 2011

Internet: Ahotsak.com

2002. urtean sortu zen proiektuak Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatu nahi ditu. Horretarako, euskara betidanik erabili duen adineko jendea elkarrizketatzen ari dira. 2008an abian jarritako webguneak atal ugari ditu eta baita beste elkarte batzuetatik lortutako audioak ere. Baina gaur egun 2-4 minutu inguruko pasarteak dituzten bideoak dira funtsa. Etorkizunean era ezberdinetako edukiak gehitzeko asmoa dute.

Duela urte batzuk erakunde publikoek proiektuarekiko apustu garrantzitsua egin zuten. Lortutako diru laguntzek aurrera egin ahal izateko indarra eman dietela dio Aintzane Agirrebeña webguneko langileak: “Aurretik testigantza gutxiago lortzen genituen eta askoz mantsoago zihoan dena. Gure elkarrizketatuak 80 urtetik gorako euskaldunak direla kontuan hartuta presazko lana zen”. Elkarrizketatutako pertsonen komunikatzeko modu nagusia ahozkoa izan da, ahozkotasun horrek indarra galdu duela dirudi, eta komunikazio eredu hori berreskuratzeko eta testigantzak entzun, ikusi eta biltzeko sortutako webgunea da ahotsak.com.